Irene kastezubi - azaroak 25

«Irun prostituzioaren erdigune bilakatu da, ez dugu ikusten, baina emakumeen sufrimendua hor dago»

Koldo Nausia 2023ko aza. 20a, 14:04

M8 Asanblada Feminista Bidasoak eskualde mailako mobilizazioa antolatu du azaroaren 25ean. ‘PORNOA ETA PROSTITUZIOA INDARKERIA MATXISTA DIRA’ lelopean, kaleak hartuko dituzte Irun, Hondarribia eta Hendaiako hainbat eragilek antolatutako ekimenetan. Gaurko Andreak elkarteko Irene Kastezubi izan dugu gonbidatu Goizeko Kafean. 

Aurten indarkeria matxistaren biktima izan diren emakume guztiak gogoan hartzeko ekimen bateratua egingo dute Irungo Zabaltza plazan azaroaren 25ean 19:00etatik aurrera. Aurretik, aldiz, Hendaian eta Hondarribian genero indarkeriaren errealitatea irudikatuko duten mezuak lekuko batekin biltzen joango dira Hendaiatik Hondarribira, gero Irungo mobilizazioan bukatzeko.

Azaroak 25eko mobilizazioa

Izan ere, Bagera elkarte feministak 16:30etan Gaztelu Zaharretik Maritxu Anatol plazara joateko hitzordua finkatu du. Eta Avenida Zubiaren Hendaiako aldean berrizendatu duten mugalari ohiaren plazan 17:15etan hasiko da eskualdeko ekimena. Autokarabana egingo dute, eta Hendaian lekuko batean gordeko duten mezua Hondarribiko Martxoak 8 plazara eramango dute, bertan 18:00etan Emeki elkarteak antolatutako elgarretaratzean hendaiarren mezua irakurriko dutelarik. Era berean, hondarribitarren mezua lekukoan sartu eta Irungo Zabaltza plazara eramango dute han mezuak manifestuaren hitzartzearekin batera irakurtzeko.

Irene Kastezubi, Gaurko Andreak elkarteko presidenta eta M8 asanbladako partaideak iragarri digunez, eraildako emakume bakots gurutze bat ezarriko dute Zabaltza plazako kioskoan.

Emakumearen ‘kosifikazioa’

Manifestuan Irungo hiriak bizi duen prostituzioaren arazoa salatuko dute. «Frantziak duela hiru bat urte estatu abolizionista izatea erabaki zuen, eta orduz geroztik, Iparraldetik Irunera etortzen dira, badakigu etxe asko daudela eta prostibuloak ere, eta oharkabean pasatzen bada ere Irun prostituzioaren hiriburu bilakatu da inguru honetan», salatzen du Kastezubik. «Emakume hauek jasaten duten bortizkeria ez da ikusten, baina hor dago», gaineratu du. Eta bildutako inkesta ofizialetako datuak larriak direla azaldu digu. Izan ere, 5 gizonetik 4k ordaindu dute noizbait sexuaren truke.

Era berean, pornoari neurria hartzeko dagoen beharra ere izango dute aldarrien artean. «Emakumea kosifikatzeko prozesu horretan, gazteak baino haurrek ere normaltasunez kontsumitzen du pornoa, geroz eta txikiagoak gainera», dio. Gaurko Andreak elkarteak eskualdeko eskoletan berdintasun tailerrak eskaintzen ditu. Eta bertan topatzen duten panorama aztertuta, belaunaldi berrietan betiko eredu sexistak errepikatzen ari direla baieztatzen du. «8 urteko haurrak daude pornoa kontsumitzen hasten direnak, eta eredu hori betikotzen dute gaur egun sare sozialak. Belaunaldi berriak natibo digitalak dira, baina denak ez du balio, gurasoek ere kontrolatu beharko lukete hori, eta seme-alabekin hitz egin. Hitz egin baino haurrak entzun».

Bestalde, Gaurko Andreak elkarteak antolatutako “Genero Indarkeriaren Seme-Alabak” izeneko erakusketa estreinatuko dute gaur Irungo Emakumeen Etxean. Genero Indakeriaren Erresilienteen Estatu Kontseiluko kide da elkartea, eta horri esker, Valentziatik datorren erakusketa Irunera ekarri ahal izan dute, eta azaroaren 30a arte bisita daiteke. Haurrek pairatzen duten indarkeria matxista du aztergai, haiek pairatzen dituzten sexu erasoetaz gogoetatzeko. Biktimek egindako marrazkiak bildu dituzte, haurrek hitzez azaltzeko gai ez diren baina psikologoek haien trastorno, min eta beldurrak aztertzeko baliatu ohi dituzten marrazkiak.