Azken asteotan kirol emaitzetatik haratago joan da Real Union futbol klubaren aktualitatea. Antxeta Irratiko Kiroletik irratsaioan azaroaren 6an iragarri genuen Administrazio Kontseiluak Donostiako Errealaren harrobi izateari utzi, eta Aston Villaren magalean jartzeko erabakia hartua zuela. Eta atzo Antxeta Irratiaren galderei erantzunda, Irungo futbol taldearen presidenteak Igor Emeryk baieztatu du, aurreneko aldiz publikoki, horretarako lanean ari direla. Izan ere, joan den astelehenean apurtu egin dute urte luzeetan Donostiako Errealarekin izandako lankidetza hitzarmena. Urtean 250.000 euroko laguntza ekonomikoa jasotzen zuen talde irundarrak horri esker.
Proiektu berri eta burujabea
Irundarrek beste proiektu bat, beste bide bat hartu nahi dute. Eta horren seinale da Mikel Bengoa zuzendari teknikoa eta Iván Curiel kirol zuzendari teknikoaren kontratua bi urtez luzatzeko erabakia. Atzo bertan aurkeztu egin zutena. “Gure buruaren jabe” izateko helburua joan den urteko denboraldi bukaeran hartu zutela aitortu du “eredu aldaketa bat beharrezkoa zelako”. Hortaz, Errealaren harrobi talde izateari utzita, klubaren harrobia eta egitura guztia sendotu nahi dute, baita talde profesionala ere.
Azken urteotan Errealarekin harremanak okertzen joan direla aipatu izan da, eta uda honetan txuriurdinen lehen taldearekin Kopan estreinatu berri den Jon Mikel Aranburu jokalaria kontraprestazio ekonomikorik gabe uda honetan Zubietara eraman izanak ezinegona areagotu duela. Baina bi klub gipuzkoarren arteko harremanak onak direla, eta haien erabakia ulertu egin dutela dio Emeryk. Hainbat gauzetarako, oraindik ere kolaboratuko dutela iragarriz.
Behin aipatutako hitzarmena unilateralki apurtu egin dutela, kluba sendotzeko aukerak aztertzen ari dira orain. Eta Ingalaterrako Birmingham hiriko Aston Villaren magalera urratsa emango dezakete aurki. “Ez dago ezer itxita oraindik, baina Aston Villarekin negoziatzen ari gara”, aitortu du presidenteak.
Dirudienez, 4 urteko hitzarmena aurreikusten dute, klubaren egitura guztiak hunkituko dituena, eta ekonomikoki ere Errealarekin zutena baino hobeagoa irundarrentzat. Ezin ahantzi daiteke, Unai Emery trebatzaile hondarribitarra dela gaur egun Aston Villako entrenatzailea, eta Real Unioneko akziodun nagusia (ororen %20a inguru).
Beldurrik ez! Kanpaina
Bestalde, klubaren masa soziala handitzeko helburuarekin, Real Unionek denboraldi erdiko abonatuen kanpaina abian jarri berri du ere. “Beldurrik ez! #WeAreTheRealUnion” lelopean, ligaren amaierarako prezioak %50era apaldu ditu. Kanpaina 2024ko urtarrilaren 19ra arte luzatuko da.
Zalearen adin eta harmailetako kokapenaren araberako prezioak 65-115 euro artekoak izango dira 26-65 urteko helduentzat. 40-80 euro artekoak jubilatuentzat, 35-70 eurokoak 15-25 urte arteko gazteentzat eta 25-50 euro artekoak haurrentzat (7-14 urte). Sei urte arteko txikien kasuan, aldiz, 1, 2 ala 3 euroko ordainketa sinbolikoa egin beharko dute.
Denboraldi erdiko abonatu kanpaina izanagatik ere, Black Friday kanpainarekin bat egin, eta ostirala (azaroak 24) arte bat egiten duenak, Stadium Galen jokatuko diren lehen itzuliko azken hiru partidak ere ikusteko aukera izango du: azaroaren 26an SD Logroñésen aurka (12:00etan), abenduaren 10ean Osasuna Promesasen aurka (12:00etan) eta urtarrilaren 3an Sestao Riverren aurka (19:00etan).