politika

Santano badoa, aro baten amaiera Irunen

Koldo Nausia 2023ko aza. 28a, 11:19

Azken urteotako Irungo albiste politiko esanguratsuenetakoa eszenifikatu zen atzo arratsaldeko 17:30tan, Irungo udal areto nagusian ospatutako urgentziazko ezohiko udal osoko bilkuran. Atzo goizean akta aurkeztu ondotik, Jose Antonio Santanok Irungo alkate karguari uko egin zion arratsaldean, Espainiako Gobernu berrian Garraiorako Estatu Idazkari izendapena onartu ahal izateko.

21 urtez bere hiriko alkate izan ondoan, hunkiturik azaldu zen bere azken hitzartzean. "Poza eta tristura" nahasten zitzaizkiola aitortu zuen, baina bere seigarren agintaldi honen hasieran ekainan azpimarratu zuen “Irun hiriarekiko maitasuna” berretsi nahi izan zuen bere partidan ere. Hiriak urteotan izan duen "bilakaeraz harro" sentitzeaz gain, "Irungo alkate izateko ametsa bete eta ohore handia" izan duela oroitarazi du, eta aurrera begira ere, “Irungo hiriari etorkizun oparoa” iragarri zion. Izan ere, tren geltoki intermodalaren obra abiatzearekin VIA IRUN trenbide-eremuaren proiektua martxan jarri denez, oroitarazi du Madrilen izango duen kargu berriaren eskumenen artean izango duela. Eta beraz, Irun oso presente izango duela azpimarratu zuen Santanok.

Oposizio taldeak ere “Santano Irunen alde lanean jarraituko duelakoan” dago. Hala nabarmendu zuen Elkarrekin Podemosek. Eta Oihana Brionesek eskerrak eman zizkion EH Bilduren izenean “desberdintasunen gainetik elkarrizketarako prestutasuna” agertu duelako beti. PP alderdiko Iñigo Manriquek ere, alkateak 21 urteotan “gobernu sozialistak beste talde politikoen babesa lortzeko ez ezik, Irunen alde adostasunak bilatzeko izan duen gaitasuna” goraipatu zuen. Zerbaitegatik gobernatu izan baitu aurreko bost agintaldietako hirutan, PP, EAJ zein Elkarrekin Podemosekin koalizioan gehiengorik lortu ez duenean. “Zerbait egin duzu ongi 21 urtez alkate izateko, eta orain estatu idazkari izendatua izateko”, bota zuen PPko bozeramaleak.

EAJko Xabier Iridoyk bere partetik, esker oneko hitzak izan zituen alkateari azken agurrean. 2018ko urtarrilan PSE-EAJ gobernu koalizioa apurtu zutenez geroztik bien arteko harremanak ozpindu eta jeltzalea Hirigintza ordezkari zela Santanok iradokitako “ilegaltasun akusazioen” aurrean epaitegietan amaitu baitzuten. Atzokoan, aldiz, Iridoyk aitortu zuen 21 urte hauek ez direla “edonolakoak” izan. “Uste dut lan asko egin duzula, eta gauzak ez dira beti lasaiak izan, baina zure ibilbide berrian zorterik onena desiratzen dizut, eskerrik asko alkate”.

Argazkia: Bidasoko Hitza, Alaine Aranburu Etxegoien.

Denak hitz politak izan ziren Santanoren azken agurrean, beraz. Baita, nola ez, talde sozialistaren bozeramalearen partetik ere. 30 urtez zinegotzi izan den Miguel Angel Paezek "Santanoren proiektuan bidelagun" izan dela nabarmendu zuen udalbatzan, eta bozeramale sozialista ez ezik “lagun” bezala zaila egiten zitzaiola agur esatea. Alkateak “Irundarrekin beti agertutako konpromisoa eta egindako lana” azipmarratu zuen, gobernu sozialistaren atzerabegirako zabal bat eginez errepaso modura. Zentzu honetan, alkatea eskoltatuta hasi zuela ibilbide politikoa oroitu nahi izan zuen ere, baina ETAk jarduna eten zuenean “askeagoa” izan zela eta “lanera autobusez egunero joan dela”. 

Datozen hamar egunetan alkate berria izendatzeko Ezohiko Osoko Bilkura deituko du Miguel Angel Paez Escamendik berak alkate berria izendatzeko. Aipatu beharra dago Paezek alkate izateko aukerari uko egin diola "talde prestua eta gaztea datorrelako atzetik, eta arnas berrietarako garaia" dela argudiatuz. Beraz, printzipioz Cristina Laborda Albolea izango da alkate berria. Irunen 24 urteko eskarmentua du zinegotzi sozialistak. Baina gainerako taldeek ere izango dute euren hautagaiak aurkezteko aukera, eta udalbatzaren indar korrelazioak aginduko du, udalbatzan bozkatuz. Momentuz, Jose Antonio Santanok utzitako hautetsi aulki hutsa Sergio Corchon Gizarte Zerbitzuetako udal ordezkari ohiak bete du.