Martxoaren 5ean Irungo CBA liburutegiarekin elkarlanean “Sustraietatik eraldatuz. Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu” dokumentala aurkeztuko dute arratsaldeko 19.00tan. Eta martxoaren 7an, Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren sari banaketa egingo dute arratsaldeko 19.00tan Kabigorri Ateneoan. Ekitaldi irekia dela nabarmendu du elkarteko Oihana Llorentek, eta eskualdeko zenbait kazetarik (Mikel Gartzia, Marialui Garcia, Ander Arzak eta Maria Jose Atienza) ipuin irabazleen irakurketa musikatua egingo dute, Maite Elizondoren arpaz lagundurik.
Nagore Laffage 2008ko sanferminetan ezetz esateagatik erail zutenetik, haren ama Asun Casasolaren borroka eta kemena indarkeria matxistarik gabeko jendarte baten ikur bilakatuta, eredu horri aitortza egiteko helburuarekin antolatu zuten lehen aldiz 2013an literatur lehiaketa xume hau. Baina aurreko 8 edizioetan 4.000 ipuin baino gehiago bildu ondotik, aurten 'Plaza bat aure izenean' goiburu zuen edizioan, eskolen partehartzearekin eta AEKren bultzadari esker, 315 lan jaso dituztela iragarri dute.
Literatura haurren genero eraikuntzan
Bestalde, liburutegietan haurren esku dauden liburuak aztertzeko zenbait ikerketen berri ematen duen “Sustraietatik eraldatuz. Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu” dokumentala aurkeztuko du Parean elkarteak martxoaren 5ean, 19:00etan.
Joan den azaroan argitara eman eta gero, Durangoko Azokan aurkeztu zuten. Eta azken urteotan egindako zenbait azterketei buruz gogoetatzeko aukera ematen du. Parean elkarteak Irungo Eguzkitza ikastetxeko eta Oiartzungo udal liburutegiko liburu funtsa aztertu egin baititu, haur literaturan genero ikuspegia noraino kontutan hartzen ote den argitzeko. Llorentek aipatu digunez, %10a besterik ez ditu berdintasun baloreak zaintzen, nahiz eta azken urteetan zenbait argitaletxek ahalegin bat egin duten zentzu horretan.
Dokumentalak gaiaren inguruan aritu eta aditu diren Lur Gallastegi idazlearekin, Ainara Azpiazu ilustratzailearekin, Pamiela Kalandrakako Carmen Elvirarekin edota Garoa liburu dendarekin aritzen da gaiaz, besteen artean.