2024ko Euskal Jira bolondresek bideragarri egingo dute, baina etorkizuna Irungo Udalaren mahaigainean ezarri dute

Antxeta Irratia 2024ko mar. 13a, 10:34

Iazko arazo ekonomikoak arinduta Irungo Euskal Jira antolatzaile batzordeak 2024ko edizioa antolatzea erabaki du «ilusio handiz». Baina iragarri dutenez, udal agintarien «asmo onak» benetako babes ekonomikoa bilakatzen ez badira, 2025ekoa eta hurrengoak ezingo dituzte segurtatu. 

Joan den larunbateko batzarrean, eta 2023ko Euskal Jirak sortutako galerak batetik , eta 2024ko ordainketei aurre egiteko diru arazoak gaindituta, berriz ere martxan jartzea adostu zuen Irungo Euskal Jira batzorde antolatzaileak. Jasaten ari diren egoera ekonomiko latza ezagutzera eman zutenetik jaso dituzten sustengu adierazpenak, baita dirua biltzeko ekimenak prestatzeko proposamenak ere, eskertu nahi izan dituzte ohar baten bidez. «Asko izan dira gurekin harremanetan jarri diren pertsonak, elkarteak, komunikabideak, guri ahotsa emateko, egoeraren berri emateko, konponbideak bilatzeko, batzordean parte hartzeko eskaintza egiteko, eta edozein modutan animatzeko», azaldu dute. Eta bereziki eskerrak eman nahi izan dizkiete XXI. Foroa, Herritarren Foroa, Maltzeta trikitilari taldeari dirua biltzeko ekimenak antolatzen lagundu izanagatik.

Halere, hurrengo abuztuan Euskal Jira ospatuko bada ere, aurrerantzean etorkizunik izan dezan Irungo Udalaren babes ekonomikoa ezinbestekoa dela azpimarratu dute.

Oraina eta geroa nahi dute

Udal agintariekin negoziaketan, «hurrengo edizioak arriskuan jartzen dituzten finantzaketa segurtatzeko oztopo legal asko» topatu dituztela diote. Izan ere, zulo ekonomikoaren zama eta ardura legala batzordeko boluntarioek hartzen dute bere gain gaur egun. Aldiz, Irunen urtero ospatzen diren beste ekitaldi finko batzuk duten «begirunea» eta udaletik jasotzen duten «dirulaguntza izenduna» eskatzen dute Euskal Jirarentzat ere. Hiriaren ondare kulturalaren etorkizuna batzordeko kideen esku utzi beharrean, udalak denon ondarea babestu beharra duelakoan daude.

Argitu dutenez, «batzordeak ilusiorik handienarekin egingo dio aurre aurtengo Jira antolatzeari, baina Udalak ez badu mekanismorik bilatzen, nolabait, txosnan diru-sarrera faltagatik gerta daitezkeen galera ekonomikoez arduratzeko, ezin du ziurtatu hori egiten jarraituko duenik hurrengo edizioetan». Oroitarazi dute egoera honek diru-iturri berriak bilatzera eta jaiaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko gasturik garrantzitsuenetako batzuk ahalik eta gehien egokitzera eraman dituela. Baina hala eta guztiz ere, «arazo hauek Udalari planteatu zaizkien arren, asmo onak adierazi dituzte, baina inork ez digu deus ziurtatzen», kexu dira.

Egoera bideratzeko aurrekariak ere badaudela ohartarazi dute. Azken 20-25 urteetan Euskal Jirak oraingoa baino egoera ekonomiko okerragoak bizi izan dituelako, eta Udalak, laguntza beharrezkoa zela ulertuta, hiriko kultur ondare gisa, aurrera egiteko behar zuen estaldura ekonomikoa eman zion. «Oraingo honetan, tamalez, hori ez da horrela gertatu; bere garaian egin ahal izan zena, orain ez omen da zilegi», diote.