Irungo Emakumeen Etxearen urtebeteko martxa ospatuko dute larunbatean

Koldo Nausia 2024ko urr. 17a, 12:44

Bere lehen urtean «ondo errotu eta erreferentziazko topagune» bilakatu dela nabarmendu dute Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak. Bien arteko elkarlanean oinarritutako kudeaketa formula egokia izan dela egiaztatuta, «feminismoan eta emakumeak ahalduntzen jarraitzeko konpromisoa berritzeko» berritzeko egun osoko jardunaldia antolatu dute urriaren 19an.

Urriaren 18an Ipar Euskal Herriko aurreneko Emazteen Etxea Urruñako Pausu auzoan ateak zabalduko dituen bitartean, urriaren 19an bere lehen urteurrena ospatuko du Irungo Emakumeen Etxeak. Udalak Irungo Emakumeen Etxea Elkartearekin batera prestatutako egun osoko jardunaldian «egunerokoan bezala feminismoan eta emakumeen ahalduntzean sakontzen jarraitzeko» helburua dute. Horretarako, urtebeteko erabilera datuak eta bilana aurkezteko ekitaldi instituzionalaz haratago, goiz eta arratsaldez hainbat tailer antolatuko dituzte «Irungo emakumeentzat eta feminismoarekin konprometituak dauden gizonentzat ere». Udaleko Berdintasun eta LGTBIQ+ Eskubideen arloaren asmoa baita, 2025ean Emakumeen Etxea gizonezkoei ere zabaltzea maskulinitateak lantzeko. 

Nuria Alzaga, Berdintasun zinegotziak argitu duenez, «egunerokoan bezala feminismoan eta emakumeen ahalduntzean sakontzen jarraitzeko» jardunaldia antolatu dute. Bere lehen urtean «ondo errotu eta erreferentziazko topagune» bilakatu dela nabarmendu du zinegotzi sozialistak. Horren irudiko dira Eskola Feministaren eta Ahalduntze Eskolaren ikastaroak 8tik 13ra pasa direla eskaintza ia bikoiztuz, eta hala ere, plaza guztiak agortuta, zenbait formakuntza eta tailerretan plazak banatzeko zozketa egin behar izan duela Udalak. 

Udalak antolatutako ikastaro eta aholkularitza zerbitzuez gain, Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak proposatzen dituen feminismoa eta genero indarkeriaren prebentzio eta artatzean oinarritutako jarduerek osatzen dute Istillagako etxearen eskaintza zabala. Elkarteko ordezkari Maribel Castellók proiektuaren oinarri sendoak azpimarratu ditu. «2022an urtebeteko prozesu parte-hartzailean aritu ginen 70 emakumeek Udalari proposatu genion elkarlanak bere fruituak eman ditu», adierazi du harro, «ekogestioan oinarritutako kudeaketa eredu berria egokia dela egiaztatu dugu honezkero». Berdin pentsatzen du Koldo Zabala arloko udal teknikariak ere. Eta lehen urteurrena ospatzeko antolatu duten egitaraua ere «berdintasunaren aldeko borrokaren konpromisoa berritzeko» helburua duela argitu du. 

Hitzak eta besarkadak

Urriaren 19ko ospakizuna eguerdiko 11:45ean hasiko da ongi etorri kafe batekin. «Udal zerbitzu bat da hau, baina ez da besteak bezalakoa. Hemen giro goxoa sortzen saiatzen gara beti, Etxea izenari dagokion bezala», aldarrikatu du Zabalak. Aipatu bezala, hainbat tailer proposatuko dituzte emakumeen arteko saretzea sustatzeko helburuarekin, baina urteurrenari keinu sinboliko bat eginez ere. 12:00tan "Ahizpatasun hitzak" izeneko tailerrean urtebete honetan Irungo Emakumeen Etxeak sorrarazi dituen sentimendu eta harremanak hitzetan irudikatu eta Emakumeen Etxearen hiztegia osatuko dute. Hitzetatik ekintzetara ere pasako dira. Eta Koldo Zabalak iragarri duenez, «Irungo Emakumeen Etxearen lehioetan irudikatzen dituzten marrazkiek egiten duten bezala, emakumeen arteko sororitatea irudikatzeko, bilduko diren emakumeek Istillagako egoitza literalki besarkatu» egingo dute. 

Hortaz gain, 15:00etatik 17:00etara "Kokteleria feminista" tailer ludikoa egingo dute, alkoholaren inguruan gizartean errotuta dauden mikromatxismoetaz hausnartzeko helburuarekin. «Taberna batean bikote batek edari alkoholdun bat eta infusio bat eskatzen badu, zerbitzariak automatikoki alkoholik gabekoa emakumeari zerbitzatu ohi dio», azaltzen du Zabalak. Hortaz hausnaru ondoren, Koldo Arakistain Irazusta zarauztarrak eta Irati Gonzalez Jaimerena irundarrak osatzen duten Berdinki zirku garaikide konpainiaren "Bidean" ikusgarria aurkeztuko dute, eta Maria Blanco, Esti Curiel eta Maialen Sorzabalbere umoregileen bakarrizketa batekin borobilduko dute eguna. 

Jardunaldia egun osokoa dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta eguna bertan pasatzeko deia egin dutenez, 14:00tan mokadu musikatu bat ere proposatzen dute bazkaltzeko DJ Petite Rousselek animatuta. 

Hona hemen urteurrena ospatzeko egitaraua:

11:45-13:30: Ongietorri kafea.

13:30-14:00: "Ahizpatasun hitzak" tailerra eta lotzen gaituen marra morea eszenifikazioa, Isabel Allende Robredorekin. 

13:30-14:00: Ekitaldi instituzionala.

14:00-15:00:  Mokadu musikatua, DJ Petite Rousselen eskutik.

15:00-17:00: "Koktel feminista" tailerra.

17:00-18:00: Berdinki zirkus konpainiaren "Bidean" eta emakumezko monologogileak.