"24 Emakume Zientzian" erakusketa borobiltzeko hitzaldia ostiralean

Antxeta Irratia 2024ko urr. 23a, 11:57

"24 EMAKUME zientzian, artean eta letretan" erakusketa Hondarribiko Harresilanda kalean egongo da urriaren 28a arte. Hilaren 25ean hitzaldia proposatuko dute Kultur Etxean. Azken asteetan herriko hiru ikastetxeei gonbidapena luzatu diete erakusketara bisita egin eta gaia landu dezaten.

Hilabete osoan zehar Hondarribiko Udala eta Jakiunde elkarteak Harresilandan antolatu duten ‘24 EMAKUME zientzian, artean eta letretan’ erakusketa urriaren 28an amaituko da. Eta azken egunak dituen honetan, urriaren 25ean, ostiralean, 19:00etan hitzaldia proposatuko dute Kultur Etxean ekimena borobiltzeko. Solaskideak, erakusketan parte hartzen duten Jakiunde elkarteko Mariasun Landa idazlea, Aran García-Lekue fisikaria eta Ikerbasque ikertzailea Donostia International Physics Center-en, eta Oihana Otaegui, ingeniaria eta VICOMTECH enpresako Garraio Sistema Adimentsuen Saileko zuzendaria izango dira.

Solasaldiaren izenburua “24 Emakume, zientzia, arte eta letretan eta azpititulua: Joanak joan, etorkizun kontakizun” izango da.