Bideoak

Beñat Alberdi, makilagilea: “Artisauek ez dugu zerbait berria egiten, lehen egiten zena era berean mantentzen dugu”

Aimar Lopez 2025ko urt. 24a, 15:07

Euskal makila modu tradizionalean egiten duten bakarrenetarikoak dira Alberdi anai-arrebak, familia-enpresaren buru den hirugarren belaunaldia. Elitxu auzoko tailerrean izan gara, artisau jakintza ezberdinen bidegurutzean.

Hiru belaunaldik eta zazpi hamarkadak estutzen dute Alberdi familiaren eta euskal makilaren arteko harremana. 1948an, Irunen plantatu berririk, etxeko sotoan tailerra ireki eta makilak egiten hasi zen José Alberdi, eta 1980. hamarkadan José Manuel eta Iñaki semeek hartu zioten lekukoa. Azken hamabost bat urteetan, Iñakiren seme-alaba Saioa eta Beñatek dute tailer historikoa lantoki, geroztik handitu eta zabaldu duten sotoan, baina leku berean.

Mizpirondo eder batek egiten dio harrera Elitxu auzoko tailerrera iristen denari. Han-hemenka, adar batzuek marka eder batzuk dituzte: zikatrizatutako marrazkiak, urte batzuk lehenago makilagile batek eginak. Hala hasten baita adar soil bat euskal makil bilakatzeko bidea; mizpirondo baso bakanetako batean egokia izan daitekeen adar bat identifikatu, eta hamar bat urtez haren bilakaera zaintzen den heinean zauri batzuk, marka batzuk eragin, ondotik makilaren ertzean izanen diren marrazki horiek izanen direnak.

Tailer barnean berriz, artisautza lanbide ezberdinen konfluentzia atzeman daiteke nonahi. Makilaren muina adarra bada, puntetako eskutokia eta puntzoia gabe ez litzake makilarik, ez bederen tradizioari jarraitzen dionik. Hala, metalaren eta larruaren lanketan ere ari dira Alberditarrak, langile espezializatu batzuekin batera.

Egurrari dagokionez, oihanean hautatzen denetik adarra mozten denera urte andana pasatzen badira, bertze hainbertze pasatzen du gutxienez adarrak tailerrean idortzen. Behar duen sendotasuna ziurtatzeko, eta behar bezain zuzena izan dadin, elkarri loturik hamar urte pasa izaten dituzte makila hautagaiak.

Artisautzan, zaindu beharreko lanbideak

“Harro” da Beñat Alberdi artisau izateaz. Harro bai, baina bere lanbidea babesteko lanean ere. Frantses estatuan interes orokorreko ondasuna bada, Hego Euskal Herriko legediak ez dio babes berezirik ematen makilagileen lanbideari, eta Alberdiren ustez horrek lanbidearen transmisioari traba egiten dio. Makilak saltzeko gaur egun zailtasunik ez badute, “bideragarritasun ekonomikoa” lortzeko babes instituzionala ezinbestekotzat du, “erromantizismotik ezin baita bizi”.

Gaur egun, bezero gehienak Euskal Herrikoak badituzte, nazioartetik eskaera handia dutela zehaztu digu Alberdik. Euskal Herrian “maitasuna edo errespetua adierazteko” opari gisa ikusten da orohar makila, bizitzako momentu ezberdinetan eskaini ohi delarik. Nazioartean, haatik, norberarentzako osagarri bezala erosten dute anitzek, “tradiziozko bastoi berezi” bat nahi duten bezero anitz dituztelarik. Interneti esker, atzerriko salmenten emendatze nabaria izan dutela azaldu du Alberdik. Egun, webguneari esker egiten dituzte salmenta gehien Alberditarrek.