Eneko Calvo eta Borja Oyarzabal Irungo Atsegiña elkarteko kideekin elkartu gara, elkarteak duen erraldoi eta buruhandien gordailu edo atsedengunean. Argitu digutenez, erraldoiekin ez bezala, orain arte Irungo kaleak alaitu dituzten buruhandiak ezin dira zaharberritu. «Oso zaharrak dira, hala ere zalantzak genituen konpartsaren jatorrizkoak ote ziren, eta barruan daramatzaten paperetan 1923 eta 1927 urteetako egunkariak daudela ikusi dugu», dio Borja Oyarzabalek.
Adituek aztertu dituzte, eta hauek zaharberritzea baino, berriak egitea hobe dutela erabaki dute. «Erraldoiak berritu zituzten Iruñeako artisauengana jo genuen eta erronka bota genien, jatorrizko buruhandien argazki zaharrak ditugulako, eta ahalik eta fidelenak diren berriak hutsetik sortu dituzte, moldea eta buruhandiaz gain jantzi-oihalak ere sortu behar dituzte, prozesu oso luzea da», argitu du Eneko Calvok. Azaldu digutenez, jantzietako batzuk Valentziatik ekarri behar zituzten, eta Danaren ondorioz galdu egin direnez, enkargua atzeratu egingo da pittin bat.
Dena den, buruhandi berriak apirilerako prest edukitzea espero dute. Baita San Pedro eta San Martzial jaietan, hiriko kaleak alaitzen jarraitzeko ere. Horrekin konpartsaren pertsonaia guztiak «belaunaldi berriei eskaini, erabili eta gozatu» ahal izateko prozesua amaitutzat emango dute.
Ondarea zaintzeko ardura
Eneko Calvok aitortu digu, 2017an abian jarritako ekimenari esker konpartsa balioan jarri ahal izan dutela, eta gizarteratu. «Irundarrontzat harro egoteko moduko ondarea da, baina bizirik dagoen ondarea eta arduraz zaindu beharreko altxorra da, ez da ohikoa, Iruñeako konpartsarekin batera Euskal Herriko zaharrenetarikoak baitira gure erraldoiak», dio Irungo Atsegiña elkarteko kideak, «eta buruhandien kasuan, beti erraldoien itzalpean egon ohi direla, garaiko erreplika leialak eginez protagonista bilakatu nahi ditugu».
Kasu honetan, elkarteak egingo dio aurre inbertsioari. Erraldoien kasuan, diru bilketa herrikoi bat antolatu zuten, eta erakunde publikoek emandako 20.000 eurotaz gain, beste 70.000 euro inguru elkarteko 900ndik gora bazkideek eta kanpainarekin bat egin zuten herritarrek diruztatu zuten. Eta hiriko kulturaren eta jaien parte garrantzitsua diren heinean, Irungo nortasunaren funtsezko ondare historikoa ondoko belaunaldiei baldintza onenetan uzteko helburua dutenez, orain buruhandien txanda iritsi da.
Ikerketa historikoa abian
Baina ondare fisikoa zaharberritu eta berreskuratzeaz gain, Irungo Atsegiñako belaunaldi ezberdinek sorbalda gainean eraman eta Irungo karriketan dantzan jarri duten konpartsaren erroak ere argitu nahian dabiltza. 2017an lehen erraldoiak tailerrera eraman zituztenean, adituek ohartarazi zieten uste baino zaharragoak izan zitezkeela. Orduz geroztik, 1922an sortutako elkartearen artxibo eta argazki zaharrak miatzeaz gain, harago joan dira erraldoi eta buruhandi hauen jatorriaren jakin-mina ase nahian.
Izan ere, 1897an sortu eta 1902an Aquilino Rodriguez Salisek Bilbon erosi omen zituela uste izan dute orain arte, eta jakin badakite 1940. urtean Gal familiak erraldoiak eta buruhandiak dohaintzan eman zizkiola elkarteari. «Pentsatzen genuen Bilbon ibilitakoak zirela, kartel zahar batzuetan agertzen zirelako, baina badirudi Donostian ere ibili zirela, eta ez dakigu kopia batzuk egin ote zituzten, hau argitu nahi dugu», esan du Calvok. Ikerketa martxan dute, eta Iñaki Garrido historialari irundarrak hartu du horretarako ardura.
Irungo Atsegiña elkarteak bere konpartsa berritu eta zaintzen jarraitzeko helburua du. Baina azterketa historikoak bere jatorria eta sortze-data argituko badu, etorkizun batean irundarren ondare ez ezik, Eusko Jaurlaritzak ondare izendatu eta babestu dezala nahi lukete. Bien bitartean, elkarteak gordeko du altxorra, eta jaietan protagonistak izaten jarraituko dute. «Harrobia badugu dantza eta itzulika ibiltzen jarraitzeko gogoz, eta irundar guztien oroitzapenetan dauden erraldoi eta buruhandiak, hemendik aurrera inoiz baino distira handiagoarekin jarraituko ditugu kalera ateratzen, aukera dugun bakoitzean», hitz eman dute.