Bideoak

Aski Da! kolektiboa asteazken honetan batzartuko da Irungo Udalarekin aurreneko aldiz

Koldo Nausia, Aimar Lopez 2025ko ots. 11a, 10:45

Gabonetako argiak pizteko ekitaldiak sorrarazi zuen euskararen aldeko aldarriak 40tik gora herri eragileren atxikimendua lortu du. Kolektiboak bilera eskaera egin zuenetik, Euskara arloa eskuz aldatu da PSE-EAJ gobernu koalizioaren ondorioz. Gorka Alvarez, bozeramaile jeltzaleak «entzuteko eta elkarlanerako» prestutasuna adierazi du.

Asteazken honetan egingo dute Aski Da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu kolektiboak eta Irungo Udalak haien arteko aurreneko bilera. Joan den abenduaren 4an gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsez antolatu izanak 35 herri eragileren salaketa komuna ekarri zuen. Eta indarrak batuta, dagoeneko 40tik gora eskola publiko, auzo elkarte, euskalgintza, kultura, kirol eta sozial arloko elkartek osatzen dute kolektiboa.

Urtarrila erditsuan plazaratu zuten azken oharrean bilera eskaera luzatu zioten udalari, Euskararen Normalizazio Plan Estrategiko berria elkarlanetik landu, eta azken hamarkadatan ez bezala, euskararen aldeko benetako apostua egin dezala exijituz. «Gauzak hobeto egtea eskatzen dugu, ezberdin, euskaraz bizi nahi dugun herritar eta eragileokin elkarlanean, gu esku bat botzeko prest gaude», azpimarratu zuten Antxeta Irratian.

Irungo Udalak gabonetako txinparta piztu eta bi egunera bilera antolatzen saiatu bazen ere, Aski Da kolektiboak nahiago izan zuen eragileen artean helburu eta beharrak adostea, eta ondoren udalari bilera eskaera egitea. «Barkamenak eskatu zituzten argien ekitaldian gertatutakoagatik, baina gertaera puntual bat izan zela esan zuten, eta euskararen auzia Irunen urte askotako utzikeriaren ondorio denez, lanketa sakonago bat behar du», argitu du kolektiboak.

Bilera eta Udal Gobernu berria

Halaber, gabonetatik hona gauza asko aldatu dira Irungo udalgintzan. Baita kolektiboak bilera eskaera HAZ-SAC bitartez luzatu zuenetik hona ere. Bien bitartean, PSE-EAJ alderdiek gobernu koalizioa osatu dute, eta gobernu berrantolaketa berri horretan EAJk hartu du Euskara arloaren ardura. Zehazki, Iosu Iguiñiz zinegotziak kudeatuko du orain.

Gorka Alvarez, Irungo EAJren bozeramailea Goizeko Kafean izan dugu gonbidatu, eta honi buruz galdetuta, sozialista eta jeltzaleek euskarari buruz iritzi ezberdinak dituztela aitortu du, eta bere ustetan, orain hirian sortu den mugimendu honen dinamika ikusita «momentu egokia da euskara kaleetara eraman eta politika ausartagoak egiteko».

Otsailaren 12an egingo dute aurreneko bilerari dagokionez, «entzuteko eta elkarlanerako» prestutasuna adierazi du ordezkari jeltzaleak, «euskara gure nortasunean dago, eta politika ez da bulego batetik egin behar, eragileekin lankidetzan baizik, eta euskara benetan indartu nahi badugu horrela beharko du izan».