Joan den ostiralean Bidashop dendari eta ostalarien elkarteak Segurtasun eta Bizikidetza Itunaren mahaia uzten zuela jakinarazi ondotik, astelehen honetan Elkarrekin Podemos udal taldea izan da «haustura» irudikatu duena. Itun honen helburuak betetzeko «borondate politiko eskasa» salatzearekin batera, David Nuño taldeko bozeramaileak argudiatu du, begibistakoa dela udal gobernuak duela urtebete sinatutako konpromisoak ez dituela bete. Orduz geroztik, «segurtasunaren arazoari ez zaizkio behar erantzunak eman, eta beraz, paper bustia besterik ez da», azpimarratu du.
Paperak dena eusten badu ere, oraingo honetan «egoera aldatzeko eta irundarrekin batera segurtasuna eta bizikidetzaren alde lan egiteko borondatea zegoela uste genuen, baina hitzartutakoa garatzea udal gobernuaren ardura da», dio Nuñok, «baina gobernu honek aspaldi erakutsi du argazkia dela benetan interesatzen zaiona, eta ez herritarren arazoak konpontzea».
Elkarrekin Podemos udal taldearen arabera, hainbat dira bete ez diren konpromisoak. Batetik sei hilean behin Bozeramaleen Batzordea deitu behar zelako, eta bitan besterik ez delako batzartu azken bi urteetan. «Baina bertan herritarrek egindako eskaerak ez dira gero bideratu, kolektiboen lana pikutara bidaliz», dio David Nuñok. Bestalde, Segurtasun Plan Estrategiko bat osatzea aurreikusten zuen itunak, eta hau ere ez da bete. Era berean, udaltzainen presentzia ez da indartu, PSE-EAJ gobernu koalizio berriaren baitan, 12 udaltzain kontratatzeko akordioa iragarri bada ere.
Aipatutako ituna 2019-2023 agintaldian adostu bazen ere, iaz honakoa berritu egin zuten. Eta joan den urtean sinatutakoa «minimoetan oinarritutako akordioa» bazen ere, Elkarrekin Podemosek egindako ekarpenak aintzat hartu zituztelako bat egin zuela gogoratu du Nuñok. Hala nola, mahai horretan herritarren parte-hartzea bultzatzea. Baina Bidashop elkarteak egindako salaketak eta ituna abandonatu izanak, parte-hartzea sustatzen ari ote den hausnartzeko eta erabakiak hartzeko arrazoi aski da bere ustetan.
Gogoratu beharra dago, Segutasun eta Bizikidetza Itunak, udal talde politikoak, Udaltzaingoa eta teknikariez gain, Gizarte Zerbitzu, Prebentzio Komunitarioa edota Udaleko Hezkuntza arlotik ere, zeharkako inplikazioa ere aurreikusten zuela. Nolanahi ere, Elkarrekin Podemosek orain hartu duen erabakiaz harago, ez da talde politiko bakarra izan 2022an mahaia eratu zenetik kritiko azaldu dena. 2023ko azaroan EAJ udal taldea izan zen ituna adostu zenetik, 14 hilabetetan alkateak Batzorde Iraunkorrik deitu ez zuela salatu zuenak. Eta hauteskundeen ondotik, udalbatzako kideen %40 berritu zela aintzat hartuta, ituna berritzea eta 2023-2027 plan estrategikoa abian jartzeko gizarte eragileekin batzartzeko beharra azpimarratu zuten jeltzaleek.