Afrikatik Europarako bidean urteroko joan-etorria egiten duten hegaztien migrazio garaia dugun honetan, Plaiaundi-Jaitzubiko hezegunea ehunka hegazti espezieentzako atsedengunea bilakatzen da udaberrian. Egunotan hegaztien kumaketa garaia ez ezik, tximeleta edo pinpilinpauxak ere hegan dabiltza Plaiaundiko Natur Parkean. Udaberria esnatzearekin batera, eta astesantuko oporraldiak ate joka ditugun honetan, Ekoetxea Txingudik hainbat jarduera antolatu ditu bertako zein kanpoko bisitarientzat.
Ingurumen hezkuntzan oinarritutako eskaintza egin ohi dute urte osoan zehar, eta eskolartekoen bisitak ez dira falta bertan, Ekoetxean dagoen erakusketa finkoarekin batera. Baina opor garaietan aparteko proposamenak egingo dituzte. Eva Montoya, Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak azaldu digunez, bisitari mota anitza pasa ohi da natur parketik. «Ohiko turistak eta familia bidasotarrak ere asko etortzen dira, baita ornitologia zaleak eta argazkilariak ere», azaldu digu, «eta berriak direnak harritu ohi dira hirigunetik hain gertu Plaiaundin daukagun altxorraz eta biodibertsitateaz».
Natura zaindu eta ezagutu
Hain justu, tximeletak edo pinpilinpauxak dauden lekuan, ekosistema osasuntsu dagoela esan ohi da. Eta haurren Aste Santuko oporraldiak hasteko, familiei zuzendutako “Tximeleta Efektua Bizi” bisita gidatua eta antzeztua proposatzen dute igandean, apirilaren 13an, goizeko 11:00etan. Montoyak argitu duenez, 6 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat egokia da, eta «tximeletak behatu eta ibilbide antzeztu baten bitartez klima-aldaketak intsektu honetan duen eraginaz hausnartzeko aukera» emango dute.
Zehazki, Euskadin tximeletek duten funtsezko zeregina eta klima-aldaketak bere ziklo biologikoa, banaketa eta migrazio-ibilbideak nola eraldatzen ari diren ezagutzeko, eta haien kontserbaziorako egin daitezkeen keinuak zeintzuk diren ikasteko helburua du bi orduko bisitak. Lekuak mugatuak direnez, aldez aurretik erreserbatu behar da 4 eurotan Ekoetxea Txingudiren atarian.
Apirilaren 19an eta 20ean, aldiz, "Plaiaundi-Txingudi Express" ekimena proposatzen dute. Plaiaundiko hezeguneek gordetzen duten biodibertsitatea ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte adituen eskutik. Era berean, apirilaren 18, 19 eta 20an energia berriztagarrien inguruko "Abentura Plaiaundin" ginkana autogidatu bat familian egiteko proposatzen dute. Plaiaundin murgildu eta Ekoetxean kokatu dituzten hainbat erronka gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. Honetarako ere, izena eman behar da 2 eurotan hemen.
Bisitarien gorakada nabarmena
Udaberriko eguraldia batetik, eta hegazti migratzaileen urteroko pasaiak eskaintzen duen ikusgarria bestetik, apirilaren 1ean udako ordutegia estreinatu berri du Ekoetxea Txingudik, eta urriaren 31 arte egunero 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:00ak arte irekita egongo da. Eva Montoyak aitortu digunez, aparteko udaberria izaten ari da honakoa. Izan ere, joan den otsailean ireki zuten Bidasoa ibaiertzeko egurrezko pasabidea Santiagoko bidegorria eta Plaiaundiko institutua lotzen dituenez geroztik, natur parkean murgiltzen den jende kopuruak gora egin du. Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak azpimarratu duenez, «bidegorri berria ireki denetik Bidasoaldeko jende asko Plaiaundi deskubritzen ari da, eta atarian galdetzen digute ea sartu daitekeen. Noski! Horretarako gaude hemen!», dio harriduraz. Montoyak kalkulatzen du bisitari kopurua ia hirukoiztu egin dela azken asteetan.
Pozgarria da bere ustetan, eta Plaiaundi balioan jarri dezake, parkea hirigunetik gertu egonagatik ere, honi bizkarra emanez bizi izan baita beti. Hala ere, bisita kopuruek gora egin izanak, bisitarien ardura ere eskatzen du. «Naturaz gozatzeko leku aparta da, baina errespetuz beti, txakurrak lotuak eraman behar dira beti kumaketa garaia delako gainera eta txitak daudelako, eta animaliei ezin zaie janariarik eman», dio ohartarazten du Montoyak.