Aparteko asteburu baten atarian dago Irungo Atsegiña elkartea. Apirilare 26an Irungo Erraldoia saria emango diote 13:00ean Irun Hiria Musika Bandari. Mende erdi baino gehiagoan musikaren bitartez hiriarekin erakutsi duen pasioa, bikaintasuna eta komunitatearekiko konpromisoa omentzea erabaki du Irungo Atsegiña elkarteak aurtengoan. Eta aldi berean, elkarteak bere Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren balio historiko eta kulturala balioan jarri nahian dabilen honetan, aurtengo neguan egin dituen zortzi buruhandien erreplikak aurkeztuko ditu.
Zaharrak gorde eta XX. mende hasierako dokumentazio eta irudi zaharretan oinarrituta, Iruñeako Eskuartean tailer ospetsuari enkargatutako erreplikak aurkeztuko dituzte larunbatean 10:30ean Alde Zaharreko kaleetan zehar antolatu duten ibilbide festiboan. Eneko Calvo, Irungo Atsegina elkarteko kideak azaldu digu buruhandi berrien proiektuaren garrantzia. Gogoan hartuta, 2017an ustez 1.897 urtekoak diren erraldoien zaharberritzearekin hasitako asmo handiko proiektua borobiltzen dutela buruhandiekin. Hau da, konpartsa osoa zaharberritzearen erronka.
Orain arte Irungo kaleak alaitu dituzten buruhandiak ezin izan dituzte zaharberritu, eta oso zaharrak izanik ere, 20. hamarkada ingurukoak konpartsaren jatorrizkoak ote diren zalantza dute. Calvok azaldu digunez, egunkari paperak erabili ziren hauek egiteko, eta buruhandien barruak miatuz, 20. eta 30. hamarkadako egunkariak topatu dituzte. Dena dela, hauek ondo gordeko dituzte mementuz, eta sortu dituzten berriak, jatorrizkoen irudietan oinarrituta egin dituzte. «Garrantzitsuena da, erraldoiak eta buruhandiak berritu eta irundarren ondarea baldintza honetan mantentzeaz gain, harrobia eta gogoa badagoela kalez-kale hauekin ibiltzen jarraitzeko», dio elkarteko kideak. Hala ere, konpartsa osatzen duten pieza hauek guztiek suposatzen duten ondarea balioan jarri nahi dituzte.
Horretarako, 1937. urtean Gal familiak elkarteari dohaitzan emandako erraldoiak eta buruhandi hauen jatorria zein den argitu nahian dabil Iñaki Garrido historialari irundarra. Izan ere, erraldoiak XIX. mende bukaerakoak izan daitezkeela uste dute.
Modu batean ala bestean izan, erraldoiak batzuk, eta buruhandiak besteak, zaharrak direnik ezin ukatu daiteke. Eta ekimen hauekin guztiekin balioan jarri ahal izan dituztela aitortu digu Eneko Calvok. Irundarren ondare eta altxor direlakoan daude, Euskal Herriko zaharrenetarikoak. «Handikerietan erori gabe, baina esan dezakegu seguruenik Iruñeako erraldoiekin batera, gureak zaharrenak direla», dio. Ez ohikoa izanagatik, harribitxi bat. Irungoa.
Opila egunaren tradizioa
1922. urtean sortutako Irungo Atsegiña elkartea, ongintza erakunde gisa sortu zen. Eta ondarea zaindu eta gordetzeaz gain, tradizioak ere gordetzen ditu. Horregatik, ostiralean, Behe Bidasoan ospatzen den San Markos edo Opila Egunaren usadio zaharra izanik, Irungo Atsegina elkarteak tradizioari eutsiko dio. 103 urte bete dituen elkarte irundarrak jakinarazi duenez, 550 opil errazio banatuko ditu Irungo eguneko zentro eta adineko erresidentzietan bizi diren aiton-amonen artean.
Era berean, apirilaren 24an adineko egoiliarrak omenduko dituzte, eta 150 lagunentzako bazkaria antolatu dute elkartearen egoitzan.