Irungo Udalak jakinarazi du Estatuko Agintaritzaren Aldizkariak (EAA) gaur Irun Eremu Tentsionatuaren izendapen ofiziala argitaratu duela. Aldez aurretik, apirilaren 23an, izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) plazaratu zen. Baina erakunde maila guztietan ofizial bilakatzeko azken urratsa estatu mailan onartu behar zen ere. Udalak nabarmendu duenez, eremu tenkatuaren izendapenak Hiru Urteko Ekintza Plana abian jartzea aktibatuko du. Tresna hori funtsezkoa da udalerriko etxebizitza politika diseinatu, ebaluatu eta hobetu ahal izateko neurriak hartzeko ere.
Horien artean, epe laburrean Cristina Laborda alkateak urte hasieran iragarri zituen 1.000 etxebizitza publiko berri eskuragarri jartzeko plana dago. Haien artean 34 udal jabetzako etxebizitza birgaitzea aurreikusten dute. Orokorrean, San Migel-Anakan 612, Korrokoitzen 63, Aleiko eremuan 60, Lasatola Postetxean 99 eta beste 36 Babes Ofizialeko Etxebizitza aurreikusten dituzte Mendipen. Epe luzera begira, aldiz, Irunen hamarkada batean babes publikoko 2.190 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak Irunera apirilaren 14an egindako bisitan iragarri zuen bezala. Haietatik, 1.772 alokairu sozialekoak izango dira, 394 etxebizitza tasatuak eta beste 24 zuzkidura-bizitokiak.
Era berean, alokairu pribatuen prezioak mugatzea eta hutsik dauden 1.131 etxebizitza pribatuak merkatura atera arazteko neurriak ere hartu ahal izango dituzte. Gogoan hartu behar da, 2015az geroztik etxebizitzaren prezioa Irunen %42 garestitu egin dela. Eta alokairu pribatuaren prezioak bost urtetan %18,5 gora egin badu, gaur egungo eskaintza oso eskaxa dela. Bizirun elkarteak ohartarazi duenez, honek familia zaurgarrienak muturreko egoeratara daramatza. Izan ere, atzerritar askok zailtasunak dituzte alokairu kontratu bat lortzeko, eta logelak alokatzeko fenomenoa orokortzen hasia da, eta kasu askotan, 500 eurotan alokatzen ari dira halakoak.