Emakumeen Mundu Martxa maiatzaren 10ean helduko da Santiago zubira

Antxeta Irratia 2025ko mai. 6a, 09:32

Maiatzaren 10ean, 18:00etan, ekintza baketsu bat antolatu dute Santiago zubian, Emakumeen Mundu Martxarekin bat eginez, gerra eta kapitalismoaren kontra eta migrazio politikak salatzeko. Bost urtetik behin mundu mailan antolatzen den nazioarteko ekintzak Hego Euskal Herria zeharkatuko du egun horretan, Nepaletik Sahararako bidean.

Emakumeen Mundu Martxak 5 urtetik behin mundu mailan antolatzen duen VI. Nazioarteko Ekintza egingo dute aurten, Nepalen hasi eta Saharan amaituta. Gerra, lurraren defentsa eta migrazio politikak izango dituzte, eta aurtengo leloa “Herrien burujabetza eta bizitza duina. Gerra eta kapitalismoaren kontra” izango da. 

Hendaiako Bagera elkarte feministak gure eskualdeko ekimenekin  bat egitera deitu du. Izan ere, martxak Hego Euskal Herria zeharkatuko du maiatzaren 10ean, eta 18:00etan Irun eta Hendaia arteko mugara helduko da, Santiago zubira. Mugak irekitzea eta "J'accuse" mugimenduarekiko elkartasuna aldarrikatzeko deia luzatu dute, eta horretarako emazteek egindako ekintza baketsuaren antolaketan dabil Hendaiako elkartea, eta Bidasoko feministok deitu ditu bat egin dezaten, «gure lagunak, lankideak, auzokoak, ahizpak, amak, alabak... behar zaituztegu zubia okupatzeko, eta horrela izpirituak markatzeko».