Irungo Atsegiñako buruhandi zaharrei azken agurra eman eta berriei harrera egingo diete larunbatean

Antxeta Irratia 2025ko mai. 21a, 12:38

Apirilean eguraldi txarraren ondorioz atzeratutako ekitaldiaren ondotik, maiatzaren 24an ospatuko dute buruhandien belaunaldi aldaketa Junkal plazatxoan 11:30ean. Buruhandi zaharrak gorde eta XX. mende hasierako irudi zaharretan oinarrituta, negu honetan Iruñeako Eskuartean tailerrak egindako erreplikak aurkeztuko dituzte. Buruhandi zaharren azken kalez-kalekoa Almudena Grandes plazatxotik egingo dute 11:00etan abiatuta.  

 
 
 

Aparteko asteburua antolatu zuen Irungo Atsegiña elkarteak apirilaren 26an, Irungo Erraldoia saria Irun Hiria Musika Bandari ematearekin batera, elkarteko buruhandien aurkezpenarekin. Baina eguraldi txarra zela eta atzeratu behar izan zuten. Azkenean, maiatzaren 24an egingo dute, buruhandi zaharrei agurra eman eta berriei harrera eginez. Irungo Atsegiña elkarteak iragarri duenez, heldu den larunbatean Almudena Grandes plazatxotik abiatuko dira 11:00etan buruhandi zaharrekin kalejiran, eta Junkaleko plazan hauei azken agurra eman eta berriak aurkezteko ekitaldi nagusia ospatuko dute 11:30ean.
 
Elkarteak bere Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa balioan jarri nahian dabilen honetan, aurtengo neguan egin dituen zortzi buruhandien erreplikak aurkeztuko ditu ekitaldi honetan. Zaharrak gorde eta XX. mende hasierako dokumentazio eta irudi zaharretan oinarrituta, Iruñeako Eskuartean tailer ospetsuari enkargatutako erreplikak aurkeztuko dituzte. Eneko Calvo, Irungo Atsegiña elkarteko kideak azaldu digu buruhandi berrien proiektuaren garrantzia. Gogoan hartuta, 2017an ustez 1.897 urtekoak diren erraldoien zaharberritzearekin hasitako asmo handiko proiektua borobiltzen dutela buruhandiekin. Hau da, konpartsa osoa zaharberritzearen erronka.
 
Orain arte Irungo kaleak alaitu dituzten buruhandiak ezin izan dituzte zaharberritu, eta oso zaharrak izanik ere, 20. hamarkada ingurukoak konpartsaren jatorrizkoak ote diren zalantza dute. Calvok azaldu digunez, «egunkari paperak erabili ziren hauek egiteko, eta buruhandien barrenak miatuz» 20. eta 30. hamarkadako egunkariak topatu dituzte. Dena dela, hauek ondo gordeko dituzte mementoz, eta sortu dituzten berriak, jatorrizkoen irudietan oinarrituta egin dituzte. «Garrantzitsuena da, erraldoiak eta buruhandiak berritu eta irundarren ondarea baldintza honetan mantentzeaz gain, harrobia eta gogoa badagoela kalez-kale hauekin ibiltzen jarraitzeko», dio elkarteko kideak.
 
Hala ere, konpartsa osatzen duten pieza hauek guztiek suposatzen duten ondarea balioan jarri nahi dituzte. 

Horretarako, 1937. urtean Gal familiak elkarteari dohaitzan emandako erraldoi eta buruhandi hauen jatorria zein den argitu nahian dabil Iñaki Garrido historialari irundarra. Izan ere, erraldoiak XIX. mende bukaerakoak izan daitezkeela uste dute.

Modu batean ala bestean izan, erraldoiak batzuk, eta buruhandiak besteak, zaharrak direnik ezin ukatu daiteke. Eta ekimen hauekin guztiekin balioan jarri ahal izan dituztela aitortu digu Eneko Calvok. Irundarren ondare eta altxor direlakoan daude, Euskal Herriko zaharrenetarikoak. «Handikerietan erori gabe, baina esan dezakegu seguruenik Iruñeako erraldoiekin batera, gureak zaharrenak direla», dio. Ez ohikoa izanagatik, harribitxi bat. Irungoa.

Esan gabe doa, maiatzaren 24ko aurkezpen ekitaldia egin ondoren, aurki kalez-kale ikusi ahal izango ditugula berriz Irungo San Pedro eta San Martzial jaietan.