Iaz 10.000 bisitari baino gehiago eta 132 erakusketari bildu ondoren, aurten 117 enpresa eta erakundek parte hartuko dute bizimodu berdea sustatzeko helburuarekin. Azken 20 urteotan bezala, garapen iraunkorrarekin konprometitua dago Ficoba, eta honen ezagutza, eta elikadura, kosmetika, ehungintza, etxegintza zein energia berriztagarrien alorrean, punta puntako produktuak bilduko ditu 22. edizio honetan ere, arlo dibulgatiboa ahaztu gabe.
Alde horretatik, 70 proposamen inguru antolatu dituzte, hitzaldiak, tailerrak, yoga saioak eta berritasun gisa, taichi saio bat ere. Hitzaldi guztiak, lotura honetan kontsulta daitezke. Maialen Gaztanaga, Bioterra azokaren eramaileak azaldu digunez, aurten elikadura osasungarriak eta bizimodu edo kontsumo berdeak izango du protagonismo berezia. Aparteko gunea izango dute Mediterraneoaren kulturako altxor handienetako bati eskaintzeko: oliba-olio birjina extra. Penintsula osoko olioen 9 hautaketa egin dute, dastatze-gune bat izango da azokan bertan. Azokaren antolatzaileak argitu duenez, olio ekologikoari eskainitako gune esklusiboa izan go da, eta Andaluzia edota Extramadurako jatorri-deituren aukeraketa bat egin dute horretarako. Elikadurari zuzendutako elikaduraren 3. pabiloian egingo dituzte dastatzeak, egunero 11:30, 13:00, 16:30 eta 18:00etan.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Etorkizuna Eraikiz' ekimenaren baitan, mugaz gaindiko Ideiak 2024 aurrekontu parte hartzailean saritutako Gazteak On: Elikadura erronka proiektuaren aurkezpena egingo dute. Labore Txingudik, Maia Permaculturak eta Hendaia Koopek bultzatutako proiektu honek, eskualdeko ikastetxeetako ikasleei elikadura jasangarriari buruz egiten duten lana bideo formatuan dibulgatzeko aukera eman nahi izan die.
Era berean, mugikortasun jasangarria bultzatuko du Bioterrak aurten. Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azoka egingo dute. Txinzerrek antolatutako ekimena da eta Bioterraren egun guztietan egongo da zabalik. Helburua, berrerabilpena, mugikortasun iraunkorra eta ekonomia zirkularra sustatzea da, baita ere merkatuaren kudeaketa erraztea eta ekitaldiaren lehen egunetik erosleei aukera zabala bermatzea da xedea. Gaztañagak azaldu digunez, parte hartu nahi duenak formulario bat bete beharko du www.txinzer.eus atarian, eta behin izena emanda, bizikleta Ficoban entregatu beharko da ekainaren 2tik 6ra, 09:00etatik 14:00etara.
Azokaren ordutegiari dagokionez, aldiz, ostiralean eta larunbatean 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara.