LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna, San Pedro eta San Martzial jaien itzalpean geratu izan da historikoki. Ikusgarritasuna lortzeko bidean, sinboloak erakustearen borrokan ere aritu izan da kolektiboa Irunen urte luzetan. Dagoeneko zendutako Josu Cariñena buru zela, Irungo Udalari 1993an ortzadarraren bandera entregatu zioten eskaera garbi batekin: Irungo udaletxean bandera hori zintzilikatzea hilaren 28an. Udalak uko egin zion urte askoan eskari horri, eta Urdanibia plazako Ospitale Zaharrean jarri izan zuten.
2016an, bandera berri bat entregatu zion Cariñenak berak udalari. Elkarretaratzea ere egin zuten “ Hautsi mugak! Gora askatasun sexuala! “ lelopean. Baina orduan ere uko egin zion udal gobernu sozialistak zintzilikatzeari, jaietan “bandera ofizialak” solik zintzilikatzen zituztela argudiatuta. Urte hartan CBA Kulturgunean ezarri zuen udalak ortzadarraren ikurra. Azkenean, 2018an, eta Elkarrekin Podemosen presiopean lortu zuten, ekainaren 28an, udaletxean zintzilikatzea. Ondoren ere, udal gobernu koalizioan Berdintasun arloaz Miren Etxebeste arduratu zen urteetan hainbat ekimen burutu izan ditu udalak kolektiboaren ikusgarritasunaren alde, besteak beste, Oxinbiribilgo biribilgunearen zabalgunea, E28 Harrotasunaren plaza izendatzea, eta bertako sarbide diren tuneletan kolektiboari lotutako balioak nabarmentzen dituzten horma irudiak ere. Aurten, aldiz, ekainaren 28aren atarian gaudela, udalak ez du adierazpen instituzionalik plazaratu oraindik.
Haatik, herri mugimenduetatik, bihar ekitaldi bat antolatu dute Irunen, Josu Cariñena Arbelaitz omentzeko. Joan den otsailean zendu zen LGTBI eskubideen aldeko eta kolektiboaren ikusgarritasunaren alde 45 urteko militantzia egin ondotik. Hazia kultur elkartearen aurrean egingo dute omenaldia, bihar, 22:00etan.