Tropa faxistek Irun suntsitu zutenekoa gogora ekarriko dute irailaren 2tik 11ra

Antxeta Irratia 2025ko abu. 29a, 13:29

Irailaren 5ean Irun tropa faxisten esku erori zenetik 89 urte beteko direla eta, Irungo Udalak ekitaldi instituzionala egingo du San Juan plazan. Irailaren 2tik 11ra bitartean, aldiz, gertakaria oroitzeko eta hausnartzeko Irungo Udalak, eta Kepa Ordoki eta Nicolas Guerendiain elkarte memorialistek bost hitzaldi antolatu dituzte Palmera-Monteron. Eta Antxeta Irratiak Avenida zubian prestatu duen "Deserriratuen memoriaren zubia" erakusketak borobilduko du ekimena, argazki historikoekin eta testigantzen entzuketa publikoekin.

1936ko irailaren 5ean, tropa frankistek Irun hartu zuten, eta errepublikar milizianoen defentsak italiar eta alemandarren bonbardaketa eta erreketeen tiroketen aurrean amore eman ondoren, suntsituta geratu zen hiria faxisten estatu kolpearen menpe geratu zen. Ondoren, hiriari su eman zioten, eta milaka irundarrek ihes egin behar izan zuten Hendaiara Avenida zubi gainetik.   

Irungo Udalak, Giza Eskubideetarako, Memoria Demokratikorako eta Lankidetzarako arloaren eskutik, gertakari historiko hauek gogoratzeko ekimena abian jarri du aurreneko aldiz hirian. Gorka Alvarez, arloko zinegotziak azaldu duenez, «programaren helburua da 1936tik aurrera gertatu zen eskubide urraketa ez ahaztea da, hiria suntsituta geratu zen, eta haren azkenaldiko historia markatu zuen gertatutakoak». Alde horretatik, heldu den urtean Irun suntsitu eta erre zutela 90. urteurrena beteko denez, Irungo Udalak gertatutakoa gogora ekartzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du. 

Irungo elkarte memorialistetako kideekin eta Antxeta Irratiarekin batera aurkeztu du udal ordezkariak irailaren 2tik 11ra bitartean antolatutako programa. Izan ere, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan eta Nicolas Gerendiain errepublikar elkarteen parte hartzearekin antolatutako bost hitzaldirekin, adituen eskutik «hiriak bizi izan zuena hobeto uler dezakegu, eta egungo zein etorkizuneko belaunaldiei giza eskubideak ez urratzeko balioak transmititu» Alvarezen arabera. 

Deserriratuen memoriaren zubia

Era berean, Antxeta Irratiak antolatutako "Deserriratuen memoriaren zubia"  kaleko erakusketak osatzen du egitaraua. Irailaren 2tik 7ra, Avenida Zubian kokatuko dute, eta 12 argazki historiko eta podcast moduko testigantzen entzuketa egin ahal izango da bertan. QR bidez noiznahi entzun ahal izango dute zubia zeharkatzen dutenek, baina egunero 17:00etatik 19:00etara ere, entzuketa publikoak programatu dituzte.

Koldo Nausia, Antxeta Irratiko ordezkariak argitu du irrati komunitario honek «memoria historikoaren berreskurapenean oroimenaren transmisioa ezinbestekoa» dela. Azken urteetan, Comète Saretik hasi, Colon pasealekuko "Acera de los Reales y de la Peseta"-tik pasa, eta 1939an errepublikaren porrotarekin batera, erbestea masiboa eta definitiboa bilakatu zeneko "(1936-1942) Euskal erbestearen aurpegiak Frantzian" edota "Lehenak: ikastolak sortu zituztenak" Bidasoaldeko ikastolen sorrerari buruzko podcastekin batera, eskualdeko hainbat historialariren parte hartzearekin, Memoria Historikoa Bidasoan saioa ere jaso du bere programazioan. «Erakusketa hau urrats bat gehiago da», argitu du Nausiak, «zaharberritutako Avenida Zubia memoria gune bilakatu bada, historian zehar banaketa, izutik ihesa eta erbestearen ikur izanik ere, zubiak elkartzeko eraikitzen direla aldarrikatuz». 

Horiek hala, duela ia bederatzi hamarkada, errepublikarrek frankistengandik ihes egin zuten bezala, ondoren diktaduratik eskapo portugesak igaro ziren, eta gaur egun ere, «miseriatik ihesi datoz afrikarrak, bizi hobe baten bila» oroitarazi du Antxeta Irratiko kideak. Eta beraz, hausnarketarako gonbidapena luzatu egin die irrati komunitarioak bidasotar guztiei, irailaren 2an 11:30ean zubian bertan egingo duten irekieran, eta irailaren 7a arte erakusketa bisita dezaten. 

Bost hitzaldi, bost

Gogoeta mamitsua proposatzen dute euren partetik elkarte memorialistek eta udalak. Guztira, bost hitzaldi izango dira, Palmera-Montero Gunean, 19:00etatik aurrera. Koldo Salinas, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kideak ekimena eskertu du, «89 urte itxaron behar izan dugu Irungo Udalak Memoria Demokratikoan urratsak ematen hasteko, baina espero dugu aurrerantzean jarrai dezala», esan du. 

Irailaren 2an, "Gernika batailoia", Irungo Udalak Franck Dolosor kazetari lapurtarra gonbidatu du, Bigarren Mundu Gerra bukatu zela 80 urte bete direla aprobetxatuz argitaratu duen liburua aurkez dezan. Bertan, Gernikako Batailoian parte hartu zuten 23 irundarrak izango ditu hizpide, Kepa Ordoki komandantea barne. Hizlariak gudarien borroka errepasatuko du.

Irailaren 3an, "Irun, bidegurutzea asaldura garaietan", Koldo San Sebastianen eskutik eta udalak antolatuta, Irungo hiriak duen muga izaeragatik dauzkan ezaugarri bereziak kontuan hartuta, 1841ean Karlistaldia eta foruak lehenengoz indargabetu ondoren hasi, eta mugak lekualdatu zirenetik 1936ko estatu kolpea eman zen arteko epea aztertuko du.

Bestalde, Kepa Ordoki elkarteak antolatuta, irailaren 9an "Irundarrak Erorien Haranean" hitzaldia emango du elkarteko kide Peli Lekuonaren eskutik. Erorien Haranean, Madrilgo Cuelgamuros bailaran hilobiratuak dauden 24 irundarren gorpuzkiak gogoan hartuko ditu honek. Eta irailaren 11n, "Bonbardaketak Euskadin" hitzaldia proposatuko du udalak Xabier Irujo eta Koldo Salinasekin. Xabier Irujo Renoko (AEB/Nevada) Unibertsitateko irakaslea denez, online parte hartuko du. Hala ere, "Bonbardaketen Atlasa" egin zuen Gogora Instituarentzat, eta Irungo hiriak itsasotik, zerutik zein lurretik jasan zituen bonbardaketei buruz xehetasunak emango ditu.  

1936ko uztailetik 1937ko abuztura arte, 2.042 bonbardaketa izan baitziren Euskadin: 1.870, matxinatuenak, eta 172, errepublikanoenak. Irun ere ez zen libratu, eta datu esanguratsuak emango dituzte bertan, hiriak militar kolpisten matxinadari aurre egin zion 45 egunetako bonbardaketei buruz. 

Azkenik, kronologikoki irailaren 4an izango bada ere, Nicolas Guerendiaiin Irungo Errepublikarrak elkarteko kide Jon Hernandez eta Miguel Usabiagaren (Marcelo Usabiagaren semea) eskutik "Irunen defentsa" hitzaldia emango dute. Elkarteko kide Maria Jose Noguesek argitu duenez, «udalak isilarena emanez diskurtso historiko frankista onartutzat eman badute ere, Irunen errepublikar eta milizianoek sutsuki defendatu zutelako Irun armarik gabe geratu ziren artean».

Ekimenak borobiltzeko, irailaren 5ean Irun tropa faxisten esku erori zenetik 89 urte beteko direla eta, Irungo Udalak ekitaldi instituzionala egingo du San Juan plazan, 12:00etan, lore eskaintza batekin.