Irungo Udaleko Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren arloak "oso balorazio baikorra" egin du, Irungo hiriaren okupazioaren 89. urteurrena zela eta, irailaren 2tik 11ra hiriko memoria elkarteekin eta Antxeta Irratiarekin lankidetzan antolatutako jarduera zikloaz. 1936ko irailaren 5ean tropa faxistek Irun okupatu eta suntsitu zutenekoa gogora ekarriz, giza eskubideen urraketen ondorioez hausnartzeko parada eman duten 5 hitzaldi, erakusketa eta ekitaldi instituzionalak izan duten jarraipenarekin kontent azaldu da Gorka Alvarez arloko udal ordezkaria.
Irailaren 2an, 3an, 4an, 9an eta 11n udalak eta Kepa Ordoki eta Nicolas Guerendiain memoria elkarteek Palmera-Monteron proposatutako hitzaldietan 262 lagunek parte hartu zuten. Eta hizlarien artean, Franck Dolosor, Koldo San Sebastian, Jon Hernandez, Miguel Usabiaga, Peli Lekuona, Xabier Irujo eta Koldo Salinasen eskutik, 1936ko estatu kolpeak Irunen eragin zituenak ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko aukera eman zutela nabarmendu du udalak. Okupazioa, irundarren erbesteratzea, ondoko errepresio frankista, Madrilgo Erorien Bailaran hilobiratuak dauden 23 irundarren istorioa edota II. Mundu Gerra izan zuten hizpide, besteak beste.
Bestalde, irailaren 2tik 7ra Antxeta Irratiak antolatutako "Deserriratuen memoriaren zubia" erakusketak oihartzun handia izan du. Argazkien eta podcast-en bidez, Avenida zubia zeharkatu duten bidasotarrek garai haietan erbestera jotzera behartuak izan zirenen testigantzak ezagutu ahal izan dituzte.
Gorka Alvarez zinegotzi jeltzaleak memoria demokratikoa lantzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du. Eta ekimenaren aurkezpenean iragarri zuen bezala, 2026urteko irailaren 5ean Irun erori zela 90 urte beteko direla kontuan hartuta, honakoa "egia, justizia eta erreparazioaren printzipioetan sakontzeko" abiapuntua besterik ez da izan.
Alde horretatik, Antxeta Irratiak jakin duenez, udal talde politikoak ez dira 1936ko gertakari horiei buruzko adierazpen instituzional bat adosteko gai izan oraingoan, errelato eta irakurketa politiko ezberdinak direla medio. Hala ere, irailaren 5ean antolatutako ekitaldi instituzionalean indar politiko guztiek parte hartu zuten, elkarte eta herritarren parte-hartzearekin.