Josu Salegi Garate irakasleak azaldu digunez, «zerbait egin beharra» zegoela ohartu ziren Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko zenbait irakasle, eta ikastetxean 16 urtetik gorako 400 ikasle baino gehiago dagoela kontuan hartuta, ikastetxeko atarian mobilizatzeak kontzientziak astintzeko efektu biderkatzailea eduki dezakeela pentsatu dute. Izan ere, Salegik azaldu digun bezala, «ikastetxea Irunen kokatzen da, baina Oarso-Bidasoaldeko eta Bortzirietako ikasle asko dago, eta norbere lekuan kontzientzia hartu eta hedatu dezake».
Mementoz, eta bake negoziazioek emango dutenaren azken orduko albisteen esperoan, ostegunetan mobilizatzen jarraitzeko asmoa adierazi dute irakasleek. Eta deialdia irekia egingo dute batu nahi duten ikasleentzako. Era berean, sindikatuek urriaren 15ean deitu duten greba eta mobilizazio egunarekin bat egin, eta datozen egunotan bozkatu eta erabaki bat hartuko dutela iragarri du Salegik.
Bien bitartean, bidasotar oro sentiberatzeko, genozidio eta gosetearen ondorioz Gazako haurrek bizi duten egoeraz jabetzeko bertso bat idatzi du Josu Salegik berak. Bertsozalea da bertsotan ibilia, eta azaldu digunez, joan den asteko aurreneko elkarretaratzerako prestatu zuen "Umearen azken hitzak" goiburu duen bertsoa. «Aukera dagoenean jartzen naiz, eta bide bat da jendearengana iristeko, azkenean doinu batek edo hitz gutxik gehiago egin dezakete diskurtso luze batek baino», dio Salegik, «azkenean pentsatzen jartzen zara ume batek nola bizi behar izan duen hau, eta seme-alabak baldin badituzu are gehiago, hain da gogorra eta hain da gordina gertatzen ari dena, batzuetan ez garela ohartzen zenbaterainokoa den».
Irakasle honekin hitz egin dugu ostegun honetako kontzentrazioan. Berekin izandako hizketaldiaren amaieran entzun dezakezue bertsoa, eta hemen behean Josu Salegik idatziriko letrak irakurri.
Umearen azken hitzak 