Klimaren ondorioak arintzeko Ekoetxea Erronkari ekingo diote Plaiaundin

Koldo Nausia 2025ko urr. 15a, 09:21

Mundu hobe baterako norbere eguneroko keinu txikien garrantzia eta klima aldaketaren aurrean kontzientzia sortzeko, udazken honetan familia osoarentzako hiru jaialdi antolatuko dituzte Ekoetxea Txingudin. "Oraindik garaiz gabiltza!" lelopean, aurrenekoa urriaren 19an izango da; Klima Azoka, Tokiko Produktuen Dastaketa, Plaiaundi Natur Parkera bisitak, ginkana, tailer ekologikoak edota "Pirata Garrapata" ikusgarria proposatuko dituzte, 10:00etatik 18:00etara.

Ekoetxea Txingudik Klimaren Aldeko Jaia antolatu du heldu den igandean. "Ekin orain!" lelopean eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko denok gure ondar alea jar dezakegula adierazi nahian, mezu baikorra helarazi nahi dute antolatu duten egun osoko jaialdian. "Oraindik garaiz gabiltza" dute erronkaren goiburu, eta urriaren 19an, goizeko 10:00etan hasita, hamar bat jarduera proposatuko dituen egun osoko egitaraua proposatuko dute, “Ekoetxea Erronka” ekimenaren lehen urratsa egiteko.

Aurrenekoa izango da, izan ere, Eva Montoya, Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak azaldu digunez, azaroan hondakinen arazoa eta abenduan mugatua den lurzoruen defentsa izango dituzte beste hainbeste jaialdietan hizpide. Montoyak argitu du, familia osoarentzat prestatutako jarduera, jolas, bisita gidatu, ibilbide eta sorpresa ugari dituen egun berezia prestatu dutela. 

Horretarako, Plaiaundi Natur Parkean bisita gidatuak ez ezik, argazki eta marrazki mosaikoak, zazpi postu izango dituen Klimaren Azoka, tokiko produktuen dastaketa eta beste hainbat hitzordu izango dira dituzte Plaiaundiko Ekoetxea Txingudin eta bere atariko atsedengunean. Jarduera guztiak muxu truk izango dira, baina zenbaitzuetan (ikusi behean) aldez aurretik izena eman behar dela argitu dute antolatzaileek. «Gure helburua gizartea sentsibilizatzen jarraitzea da, eta kasu honetan, klima aldaketak oro har, baina espresuki Plaiaundiko hezegunea bezalako marearteko gune babestuetan izan dezakeen eraginaz hausnartzea», azaldu digu Ekoetxea Txingudiko arduradunak.

Alde horretatik, Plaiaundiko harrera eta erakusketagunearen aurrean egun osoan zehar AsteKlimaren barruan ezarriko Klima Azokaren zazpi postuetan, «gure egunerokoan egin idtzakegun keinu txikiek eragin handia izan dezaketela» erakutsi nahi dute, «gure esku dauden bizikleta mugitzea edota energia kontsumo arduratsua egitea bezalako keinuak». 

Klimaren Aldeko Jaia Ekoetxea Txingudin ospatuko duten bezala, EAEn Eusko Jaurlaritzaren esku dauden beste bost natur eremu babestuetako ekoetxeetan ere egingo dute. Urriaren 19an bertan, Ekoetxea Urdaibai eta Meatzaldekoan. Eta urriaren urriaren 26an Ekoetxea Azpeitia eta Añana-Sobronekoan ere. 

Era berean, Euskadiko ekoetxe guztiek bat eginik, QR eta Internet bidez, udazken honetan Klimaren Aldeko 10.000 konpromiso biltzeko "Ekoetxea Erronka!" sinadura kanpaina ere antolatu dute. Honekin bat egiteko, edota aipatu ditugun igandeko hitzorduetan izena emateko ekoetxea.eus atarian egin dezakezue, muxu truk.

Sinaduren kasuan, hemen egin daiteke oso modu errazean. Montoyak azaldu duenez, mundu hobe baterako klik eginez, edota igandeko Klimaren Aldeko Jaian antolatu duten Fotomosaikoan parte hartuz ere, keinu txikiak egiteko konpromisoa hartzean datza, eta parte-hartzaileen artean nekazal-turismo jasangarrietarako gauak zozkatuko dituzte. 

Klimaren Aldeko Jaia - Ekoetxea Txingudin (URRIAK 19)

KLIMAZOKA (10:00-14:00 / 15:30-18:30)

Jarduera irekia – Espazio irekia, proiektu, ekimen eta produktu jasangarriak ezagutzeko stand eta proposamenekin.

ARGAZKI-MOSAIKO ERRONKA (10:00-14:00 / 15:30-18:30)

Jarduera irekia – Zure konpromisoa klimarekin sinbolizatzeko gunea: atera argazkia eta batu Ekoetxea Erronkara

ONLINE LEHIAKETA – GARAIZ GAUDE. KLIMAREN ALDEKO EKINTZA (10:30-12:00)

Jarduera irekia – Energia, kontsumo eta mugikortasunari buruzko galdera interaktiboak dituen jokoa, familia osoarentzat pentsatua. Jaian bertan parte har dezakezu, edo baita online Instagram bidez ere.

SAN LORENTZO URMAELA, OREKA BERRESKURATUZ (Bisita orduak: 10:30/11:30/12:30/16:00/17:00)

San Lorentzo urmaelak misio erabakigarria du: klima aldaketara egokitzea eta urteen poderioz galdutakoa berreskuratzea.

GINKANA: KLIMA JOKOAN (10:30etik 13:30era)

Probak eta erronkak gainditzeko, familientzako ginkana autogidatua parkean zehar.

GARAIZ GAUDE MURALA KLIMAREN ALDEKO EKINTZA (11:30etik 12:30era)

Jarduera irekia – Horma-irudi kolektiboa, non publikoa marrazkiak eta elementuak txertatuz doan, bere konpromiso klimatikoa islatzeko.

IKUSKIZUNA "PIRATA GARRAPATA" (12:30etik 14:00era)

Bat egin Kapar Pirataren tripulazioarekin antzerkia, magia eta txotxongiloak batzeratzen dituen bidaia batean!

TOKIKO PRODUKTUEN DASTAKETA (17:00etik 18:30era)

Jarduera irekia – Tokiko janariaren errazioak, klimarekiko konpromisoaren sari sinboliko gisa, gertuko zaporeez gozatzeko.

TOXIKORIK GABE: KANDELA NATURALAK TAILERRA (17:00etatik 18:00etara)

Ezagutu nola egin kandela naturalak, toxikorik gabeak eta % 100 iraunkorrak familia-tailer honetan.

Izena eman