Iazko « dinamika eta filosofia» bertsuarekin antolatu dute udazkeneko programazioa Irungo gaztelekuetan. 2024ko erabiltzaile datuak hobetzeko erronka ez da makala izango. Izan ere, 2023an Irungo gaztelekuek 9.671 erabiltzaile bildu zituzten bitartean, iaz 15.255 gazte igaro ziren bi egoitza hauetatik. Baina aurtengo datuak udazkeneko programazioak borobilduko baditu ere, ikasturte natural gisa lantzen dute gaztelekuetako hezitzaile eta dinamizatzaileek.
Martindozenea eta Artiako gaztelekuetako Lierni Soaje eta Amaia Izetak azaldu digute irailaren 1ean batzartu zirela egitaraua prestatzen hasteko. Eta azken urteetan arrakasta lortu duen lan egiteko molde beretik hasi direla ikasturte berria. «Programazioaren parte bat guk erabakitzen dugu landu nahi ditugun balore eta helburu pedagogikoen arabera, baina bestea gazteek proposatzen dute», argitzen dute.
Izan ere, jauzi kualitatiboa ez ezik, erabiltzaile zifretan ere bultzada ikusgarria jaso dute hiriko gaztelekuek azken urtean. Eta entzuketa aktiboa ezinbestekoa jotzen dute. Hilabeteroko programazioa gazteei galdetuta osatzen dutela diote hezitzaileek. Artiako gaztelekuko arduraduna, Lierni Soajek dioenez, «gazteek ikusten dutenean haiek proposatutako ekintzak daudela, haien parte hartzeak eragin bat duela, haien iritziak entzunak direla, baloratuak sentitzen dira».
Artiako gaztelekua
Hain justu, Artiako gaztelekuak 2023an ateak zabaldu zituen Martindozeneako egoitza urrun geratzen zitzaien auzoetako gazteei zerbitzua eman nahian. Julio Caro Baroka plazaren 3. Zenbakian kokatua, astearte, asteazken eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara, eta ostirala eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara zabalik dago. Eta hasieratik izan du arrakasta. «Handi sentitu nahi duten gaztetxoak 12 urte bete eta sartzeko esperoan egoten dira, eta gero ahoz ahokoak asko eragin du», aitortzen du hezitzaileak.
Behar bati erantzuten dion zerbitzua dela agerian utzi dute erabiltzaile datuek. 2023an 3.976 gazte pasa baitziren estreinatu berria zen egoitzatik. Eta 2024an 5.910 izan dira. Jauzia handia bada, «aldamenean dagoen futbol zelaiak eta Gazteluzahar ikastetxearen hurbiltasunak» zerikusia izan dutelakoan daude. Gainera, lagunekin elkartzeaz gain, Irungo beste ikastetxe eta auzoetako gazteak ezagutzeko aukera ematen die zerbitzuak.
Hezitzaileek diotenez, «eskaintzen diren jardueretan berdintasuna eta aniztasuna bezalako baloreak lantzen ditugunez, komunitatea ere sortzen da». Alde horretatik, hezitzaileen lanak guraso askori lasaitasun handia eskaintzen dielakoan daude: «gurasoek badakite non dauden, ez daudela kalean, eta helduak garen hezitzaileokin».
Martindozenea gaztelekua
Hari beretik, Martindozenea gaztelekuak ere garapen azkarra izan du azken aldian. Elizatxo hiribideko egoitza Artiakoa bezala astearte, asteazken eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara, eta ostirala zein larunbatetan 17:00etatik 21:00etara zabalik dago. Eta 2023an egoitzaren goiko solairua 15-18 urteko gazteentzako gune bilakatu izanak ere, erabiltzaile profil berri bat erakarri du. Aurreneko urtean gazte koxkorragoen adin tarte horretako 876 lagunek erabili zuten bitartean, 2024an 1.924 gazte izan ziren. Amaia Izetak azaldu digunez, «beheko solairuan 12 urtetik gorakoen kopuru handiak direla eta, lekuz kanpo sentitzen ziren, baina goiko solairuan 15-18 urtekoek billarrean jolasteko, mahai-futbolean edota haien artean elkartzeko eremu seguru eta goxo bat aurkitu dute, bereziki euri egunetan». Izan ere, 18 urtetik aurrera tabernetan elkartu daitezkeen bitartean, adin txikiko koxkorrenek, «espazio eta aisialdi eskaintza gabezia nabarmena dute Irunen».
Beraz, gaztelekua dute topagune eta haien nahi eta beharrak asetzeko aukera. Eta haiek proposatutako ekintzak aintzat hartzen jarraituko dute. «Gabonetako oporraldietan antolatuko dugun programa osatzeko ere, berriz galdetuko diegu, zer nahi duzue?», dio Amai Izetak.