Irailean zehar merkatarien arteko esperientziak eta ideiak partekatzeko topaketak egin eta gero, Irungo Udaleko Hiri Bultzada eta Sustapen Ekonomikorako arloak, merkatariak trebatzeko zazpi ikastaro antolatu zituen urriaren 14tik azaroaren 4ra bitartean. Formakuntza saioak eguerdiko ordutegian egiten dituzte, merkatarien ordutegietara egokituta, eta landutako arloetan adituak diren hiriko profesionalek ematen dituzte. Merkatarien arteko esperientzia partekatzeko eta saretze lana indartzea ere baitago helburuen artean.
Aurreikuspenak gaindituta
Komertzioaren alderdi teknologikoak, produktuaren Internet bidezko salmentarako argazkigintza, salmenta-puntuaren hobekuntza, barneko apainketa, erakusleihoen apainketa edota gaitasun pertsonalen alorreko psikologo batekin formakuntzak proposatu dituzte. Ikastaroak Commerce Lab espazioan (Serapio Mujika, 8) antolatzen dituzte, eta Irungo Udalak tailer horien eskaintza zabaltzea erabaki du. Izan ere, orain arte egindako zazpi ikastaroetan parte-hartze handia izan da. Orotara 70 eskaera inguru jaso dituzte.
Nuria Alzaga, Hiri Bultzada arloko zinegotziak azpimarratu duenez, «plaza ia guztiak bete dira, beraz, eskaintza hau arrakastatsua izaten ari da Irungo merkatarien artean, beren negozioa eta jendaurreko arreta hobetzen jarraitzeko». Hortaz, hasierako aurreikuspenak gainditu dituztenez, eta parte hartzaileen balorazioa positiboa izan denez, formakuntza saioak errepikatzea erabaki dute.
Cristina Laborda alkatea eta Nuria Alzaga bera Commerce Lab gunean izan ziren atzo, tailerretako bat bertatik bertara jarraitzen, zehazki, gabonetako espres paketegintzakoa. Alkatearen Irungo merkataritza-ehuna eguneratzen eta indartzen jarraitzeko udalak duen konpromisoa berretsi du. «Gure merkatarien aldeko apustu irmoa egiten dugu, eta are indartsuagoak eta hobeto prestatuak egongo dira proposatutako tailerren harrera onari esker», adierazi du. Eta bide hori jorratzen jarraituko dutela iragarri du, «tokiko merkatarien eskutik», beren sektorean lehiakorrak izaten jarrai dezaten.
Errepikatuko dituzten formakuntzak
Berriz eskainiko dituzte tailerrei dagokienez, udalak iragarri du Mario Echevarriak emandako gabonetako kanpainarako erakusleihoen apainketa tailerra eta espres paketegintzakoa, azaroaren 11n eta 13an errepikatuko dituztela, hurrenez hurren. Bestalde, aurreikusitako saioak eta errepikatuko dituzten beste proposamenak hauek dira ere, betiere (13:30etik 15:30era): azaroak 4 eta 6an Fernando Vergararen argazki-tailerra; azaroak 5, 12, 19 eta 26an Ibon Irastorza psikologoarekin merkatarien giza harremanetarako trebetasunak lantzeko "Giza faktorea merkataritzan"; azaroak 11n erakusleiho apainketa gabonetako kanpainari begira, Mario Echevarriaren eskutik; azaroak 13an "Paketeria espres gabonetan" tailer praktikoa.