Cristina Laborda: «Irundarra naiz, delinkuentziaren datuekin gure bizilagunek duten kezkarekin bat egiten dut, nire esku dagoen guztia egiten jarraitzeko konpromisoa dut»

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 5a

Irungo alkateak delinkuentziaren gorakadari aurre egiteko polizia gehiago eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari. Irungo Udalak 15 udaltzain gehigarri kontratatzea erabaki duen bezala, ertzain-etxean ere baliabide gehiago eskatzen ditu. Gipuzkoako batez bestekoa baino %4 delitu-penal gehiago eman dira Irunen urtarriletik irailera, batez ere ondarearen aurkako delituengatik, indarrez egindako lapurreta eta ebasketengatik.

 

Cristina Laborda Irungo alkatea kezkatuta agertu da gaur Eusko Jaurlaritzak delinkuentziari buruz emandako azken datuen berri izan ondoren. 2024ko datuek hobera egin zuten bitartean, aurtengo urtarriletik irailera bitartean delituen gorakada handiena izan duten herrien artean aurkitzen da Irun. Sanmartzialetan ere datua kezkagarria izan zen, segurtasun dispositiboa indartuta ere, delitu penalek %7 egin baitzuten gora jaietan. Zehazki, 280 delitu erregistratu zituzten Ertzaintzak eta Udaltzaingoak koordinatutako Jaietako Segurtasun Dispositiboa martxan izandako 19 egunetan. Delitu horietatik bi izan ziren sexu-askatasunaren kontrakoak. 

Dinamikak bere horretan jarraitu du, eta Gipuzkoako batez bestekoaren %4 gainetik dagoela adierazten dute irailera bitarteko datuek. Horren aurrean, «alkate bezala dudan betebeharra, lehenik eta behin, zorrotz aztertzea da, eta hortik aurrera, nire erantzukizuna da irmotasunez eta ausardiaz jardutea», adierazi du Labordak, betiere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradunarekin koordinatu beharreko lana dela azpimarratuz.

Udalaren ahaleginaren pareko eskaera

Izan ere, Irungo Udalak 2027ra arte 15 udaltzain gehiagorekin indartuz, aurten 8 plaza berri sortzea erabaki duen bezala, Irunen aurki ertzain gehiago egotea espero du alkateak. Eta hori lortze bidean, eskaera Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuari zuzenean helarazi diola baieztatu du alkateak. Era berean, Irungo hiriak duen kokapen geografikoagatik behar bereziak dituela azaldu dio sailburuari. «Nire kezka helarazi diot txosten horrengatik, eta Frantziarekin muga egiten duen hiria izateak konplexutasuna gehitzen diola egoerari, Irunen dauden pertsonen kopurua bertan bizi direnak baino handiagoa izatea eragiten baitu», dio Labordak.

Horregatik, Udaltzaingoarekin udalak egin duen bezala, polizia-errefortzua eskatzen dute ertzain-etxean ere, delinkuentziari buruzko datuek ematen duten irizpide objektibo horri erantzuteko. Alkateak oroitarazi du Irungo Udalak udaltzain plantila egungo 104 kideetatik 119ra igaroko dela, hau da, % 15eko igoera izango duela. Eta indartze horrekin batera udaltzaingoaren egituran berrantolaketa bat egingo dela, auzoko eta hurbileko polizia-eredu bat indartzera bideratuta. «Ahalegin hori ekintzetan islatzen da, hitzetatik harago. Kalean polizia gehiago egotearen alde egiten dugu, eta Udaltzaingoari baliabide material gehiago ematearen alde, herritarrek segurtasunaren eta bizikidetzaren arloan helarazten dizkiguten beharrei erantzuteko», adierazi du alkateak, izan ere, Udal Aurrekontu Parte-hartzaileetan herritarren proposamen bozkatuenen artean daude urtero segurtasunari lotutakoak.

Alde horretatik, bere lehentasunetako bat alkate gisa, segurtasuna dela azpimarratu du Labordak, eta «zeregin horretan egunero egiten dut lan» baieztatu du. Eta mezu argi bat helarazi nahi izan du bere gaurko agerraldian: «Irundarra naiz eta gure bizilagunek duten kezkarekin bat egiten dut, nire esku dagoen guztia egiten jarraitzeko konpromisoa dut, Irunen bizi garenok seguru sentitzen jarrai dezagun». 

Txostenaren arabera, «ia lau puntuko igoera hori, batez ere ondarearen aurkako delituengatik, indarrez egindako lapurretengatik eta ebasketengatik izan da. Nahiz eta beste arau-hauste mota batzuk murriztu, datu orokorra ez da ona, eta zenbaki horien atzean dagoen errealitateaz erabat jabetzen naiz», azaldu du Cristina Labordak.