Iratxe Sorzabal euskal presoak jasandako torturen testigantza eman zuen haren kontrako epaiketetan, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta azken ebazpenean, Zigor Salako Bigarren Sekzioko epaimahaiak aintzat hartu zuen «tratu gizagabe» hura Sorzabal absolbitzeko. Honakoa «historikotzat» jo zuten joan den maiatzaren 10ean egindako agerraldian Egiari Zor-ek eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, eta «egia eta justizia osoa» eskuratzeko bideari ekingo ziotela iragarri zuten. Aiert Larrartek, Sorzabalen abokatuak, prentsaurreko hartan jakinarazi zuen neurriak hartzen hasiko zirela, Espainiako justizia sisteman lehenik, eta haren partetik urratsik iritsi ezean, baita nazioartean ere.
Gaur plazaratutako oharrean GEBehatokiak argitu duenez, «zuhurtziazko denbora bat itxaron dute atxiloketan, galdeketetan eta torturan parte hartu zuten guardia zibilen aurkako salaketa aurkeztearen eraginkortasuna ebaluatzeko» batetik, eta bestetik, «epaileen eta fiskalen erreakzioa behatzeko». GEBehatokiaren ustez, ofizioz jardun beharko zuketelako.
Alde horretatik, epaileek eta fiskalek ofizioz jardun ez izana eskandalutzat jotzen du behatokiak, eta «beren aurpegirik negazionistena erakutsi dute berriz ere». Zentzu horretan, GEBehatokiak uste du Sorzabalen kasuak, agerian uzten duela tortura «estatu tresna sistematiko bat izan dela autoinkulpazioetan oinarritutako zigorrak ezartzeko».
Tortura existitzen dela frogatuta dagoelakoan, «egia honek bere bidea poliki-poliki» egiten ari dela diote, baina «torturatzaileak nortzuk izan ziren argitzeko lehen urratsa», Sorzabalek 2001eko salaketa berreskuratzea da. Hartara, GEBehatokiak erabaki du Iratxeri laguntzea, eta «ia ikerketarik gabe artxibatu zen kasua» Auzitegi Nazionaleko 13. epaitegian berriro irekitzea.
Epaiketak, frogak eta absoluzioak
Sorzabal hiru aldiz epaitu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina guztien oinarrian 2001ean inkomunikazio aldian egindako «deklarazioa, edo ustez han esandakoak jasoz euskal presoak ETAko zuzendaritzari espetxetik bidalitako gutuna» da froga. Gutun hartan oinarrituta, 24 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2022an, 1996an ETAk egindako bi ekintzari lotuta.
Baina aurten, bitan absolbitu dute 1995ean erakunde armatuak egindako beste bi ekintzagatik. Horietako batean, epaimahaiak argudiatu zuen ez zegoela gutuna hari egozterik. Bigarrenean, berriz, inkomunikazio aldian pairatutako tratua kontuan izanda, «zuzenbideari begira baliogabea» dela bere burua erruduntzat jo izana, haren «oinarrizko eskubideak urratu» zirelako.