Seme-alaben jauzi digitala mugatzeko dekalogoa aurkeztu dute Toki Alaiko gurasoek

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 19a

Irungo Alaikiro guraso elkartea urtebete darama lanean, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasguneak bilakatu eta Interneterako sarbidea duten gailuen erabilera atzeratu asmoz. Adituek haur eta gazteengan mendekotasuna eta abstinentzia sindromea detektatu dutenez, gurasoek «digitalizazio osasuntsua» bilatzen duen dekalogoa aurkeztu diote Toki Alaiko Zuzendaritzari, «erabilera egokia» Irungo gainerako ikastetxeetara zabaltzeko asmoz.

Garai berrietara egokitu beharretan da belaunaldi oro. Baina teknologia azkarregi doan gizarte honetan, smartphone eta pantailen erabilerak kezka piztu zuen aspaldi seme-alabak dituzten guztiengan. Ikastetxeetan ez ezik, kalean gazteek dituzten harreman sozialetan eragiten du dagoeneko, eta Tolosaldean guraso kezkatu talde batek sortu zuen Altxa Burua Gipuzkoa mugimendua saretzen doa Bidasoaldean ere.

Mundu digitalari mugak bilatzeko borroka horretan, Hondarribiko Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako hainbat gurasok indarrak batu zituzten duela bizpahiru ikasturte, eta Gotti Burua taldea sortu zuten. Ikastetxeekin eta Hondarribiko Udalarekin lankidetzan, gurasoei formakuntzak ez ezik, herriko komertzioetan mugimenduaren pegatina berdeekin adierazten dute haurrek establezimenduaren telefonoa erabil dezaketela gurasoei deitzeko. Eta beraz, ez dutela horretarako smartphone baten beharrik.

Irunen, aldiz, 2025eko abenduaren 4an Toki Alai ikastetxeko Alaikiro guraso elkarteak hitzaldia antolatu zuen, Altxa Burua taldea osatzeko lehen urratsa emanez. Eta Txingudi Ikastolako guraso elkartean ere sortu dute ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasguneak bilakatu eta Interneterako sarrera duten gailuen erabilera atzeratzea lortzeko lantaldea. Gailu hauek sortzen duten mendekotasunaz gain, abstinentzia sindromea detektatzen hasi dira eskoletan. Eta beraz, gurasoak informatu eta erabaki kontzienteak hartzera gonbidatu.

Altxa Burua dekalogoa Irunen

Joan den astean, Antxeta Irratiak Larreaundi-Olaberria auzo elkartean “Interneten erabilera kritikoari buruzko” jardunaldia antolatu zuen. Bertan, Monika Calvo Fernandez (Toki Alai ikastetxeko gurasoa eta sortu berri duten Altxa Burua taldeko kidea), Iñigo Gebara (Hirubide ikastetxeko irakaslea eta Hezkuntzan Librezale taldekoa) eta Maider Likonak (Bikonet kooperatiba eta Antxeta Irratiko Teknofrekuentzia irratsaioko partaidea) parte hartu zuten. Jardunaldian, pantailen eta teknologien erabileraren inguruko kezkak, erronkak eta aukerak jarri ziren mahaigainean. Eta haur eta nerabeen jauzi digitala egokia izan dadin, gurasoen, hezitzaileen eta komunitatearen arteko elkarlanaren beharra agerian geratu zen. 

Monika Calvo guraso eta irakasleak azaldu digunez, Irungo Altxa Burua taldeak dekalogo bat sortu berri du, lau ardatz nagusitan oinarrituta. Seme-alabek Interneterako sarrera duten gailuen erabilera ahalik eta beranduen hastea; eskolak telefono mugikorrik gabeko eremu seguru edo arnasguneak bilakatzea; hezkuntzaren digitalizazio osasuntsu eta libre baten alde egitea; eta helduak eta haurrak erabilera egokian trebatzea eta komunitatean kontzientzia sortzea.

Aipatutako dekalogoa Toki Alaiko Zuzendaritzarekin partekatu dute dagoeneko, eta orain ikastetxearen erabakiaren zain daude. Hala ere, gida praktiko bat izan nahi du, eskolan zein kanpoan, irakasle zein gurasoentzat. Hartara, Irungo gainerako ikastetxeetara zabaldu nahi dute, eta Irun hirian egoera aldatu. Monika Calvok aitortu digunez, Irungo Udalaren laguntza eta inplikazioa ere beharko dute aurrerantzean. Baina oraindik ez dira fase horretan murgildu.