Sindikal zaharraren partzelan eraikin berria egiteko lagapena adostu dute

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 1a

Ostiralean udalbatzak Irungo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteako akordioa onartu zuten, eta horren arabera, hezkuntza zentroa handitu ahal izango dute, 700 metro koadroko partzela horretan eraikin berri bat eginez. Izan ere, Bidasoa LHII ikastetxean lanbide-heziketaren eskaria etengabe handitzen ari da, eta beharrei erantzuteko egingo dute eraikin berria.

Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Sindikal zaharraren partzelaren lagapena adostu dute. Partzela, 700 metro koadrokoa da eta udalaren jabetzakoa da, eta Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan, Alberto Larzabal kaleko 1 zenbakian kokatuta dago. Akordio horren arabera, hezkuntza zentroa handitu ahal izango dute, bertan eraikin berri bat eginez. Izan ere, gaur egun 400ndik gora ikasle jasotzen ditu zentroak, baina etengabe hazten ari da lanbide-heziketaren eskaria, eta honi erantzuteko instalazioen hobekuntza aldarrikatu dute bertako ordezkariek eta ikasleek azken urteetan

Gogoratu behar baita, joan den otsailean Bidasoa LHII ikastetxeko hezkuntza komunitateak 500 sinadura baino gehiago bildu zituela, Irungo Udalak eta Osakidetzak izenpetutako beste hitzarmen bat salatzeko. Urtarrilaren 29an Alberto Martinez Osasun sailburuak eskualdera egindako bisitan iragarri zuenak ezustekoan harrapatu baitzituen. Hain justu, 2027an Irun Erdiguneko anbulatorio berria eraikitzeko lanak abiatu nahi dituela Eusko Jaurlaritzak hezkuntza zentroko patioan, 2029rako bukatze aldera. «Gune hori funtsezkoa da ikasleen hezkuntza-garapenerako» jakinarazi zuen mobilizatu zen ikasle talde batek, eta erabakia hezkuntza-komunitatearekin behar bezala kontsultatu gabe eta ondorioak aztertu gabe hartu zela salatu zuten OarsoBidasoa eta Bortzirietako 400 ikasle baino gehiago dituen Bidasoa Lanbide Heziketa zentroko ikasleek.

Orain aipatutako akordio berria bost urtetarako da, eta iragarri dituzten konponketak egin ondoren, ikastetxeak Elizatxo hiribidetik sarbidea izango duela iragarri dute agintariek. Horrela, hiri-ingurunean hobeto integratuta geratuko da. Erabakia Irungo Udalaren osoko bilkurak hartu zuen joan den ostiralean bertan, eta jarraian Cristina Laborda Irungo alkatea eta Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak eman zuten akordioaren berri hezkuntza zentrora hurbilduz. Alkateak aditzera eman duenez, «partzelaren lagapen honekin aurrerapauso garrantzitsua eman da Irunen eta Bidasoaldean hezkuntza hobetzen jarraitzeko». Udal agintariak lanbide-heziketaren eskaria gero eta handiagoa dela nabarmendu du, eta ikastetxeak berak eskatutakoari erantzun ahal izan diote horrela.