Irungo usoen errolda egingo dute SEO/BirdLife erakundeko adituek martxotik ekainera

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 2a

2015ean egindako azken erroldan 2.000 uso inguruko populazioa kalkulatu zuten Irungo hirigunean. Hamarkada geroago errolda eguneratu egingo du Irungo Udalak gainpopulazioa ote dagoen argitzeko, eta behar izanez gero kontrol neurriak hartuko dituzte. «Hiri-faunarekin modu etikoan» jokatzen ari direla argitu du Iñigo Berges zinegotzi jeltzaleak, baina irundarren osasuna eta hiria garbi mantentzea bermatu beharra dagoela.

 

Joan den maiatzean onartutako Animalien Ongizaterako Udal Ordenantza berria gizarteratzeko informazio-kanpainarekin batera, Irungo Udalak kaleko katuak eta usoak elikatzeko debekuari buruz informatzen hasi zen. Usoen kasuan, egunean 30 gramo elikagai besterik ez dute behar, baina adituen arabera, Espainiako Estatu mailako hirietan 400 gramo dauzkate eskura batez bestean, gizakien hondakin eta soberakinei esker.

Hain justu, usoen gainpopulazioari neurri hartu nahian dabil Irungo Udala azken aldi honetan. Iñigo Berges, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako ordezkariak azaldu duenez, «usoak hiriaren parte badira ere, populazioa gehiegi handitzen denean arazo bat bilaka daitezke». Izan ere, hiriko usoak osasun publikoko arazo bat dira oro har hiri gehienetan, bereziki hegazti honen gaixotasunen transmisioaren ondorioz. Adituen arabera, patogeno ezberdinen erreserba gisa duten papera dela eta, haien gorotzak, hegalak eta lumak bakteria, onddo, birus eta ektoparazitoen nahasketa bat dituzte. Usoen kontrolean aditua den Rentokil enpresako adituek diotenez, usoen gorozkiek histoplasmosia, kriptokokosia, ornitosia eta salmonellosia kutsatu diezaiokete gizakiei. Gainera, usoen gorozkiek kalte estrukturalak eta ekonomikoak eragiten dituzte ondarean eta hiri-altzarietan. Beraz, ezinbestekoa da bere populazioa kontrolatzea.

Helburu horrekin, Irungo Udalak uso populazioen errolda egingo du, populazioak identifikatzeko eta haien dentsitatea kalkulatzeko. Lanak 2026ko martxotik ekainera egingo ditu SEO/BirdLife erakundeak, eta aurreikuspenaren arabera, hamabi laginketa saio egingo dituzte. Horiek aurrera eramateko 50 metroko erradioko espazioko 69 estazio lokalizatu dituzte. Erakunde honek hiriguneetako txantxangorria salbatzeko kanpaina bat abian du Espainiako Estatu mailan, eta dagoeneko 80.000 sinadura baino gehiago bildu ditu. Alde horretatik, usoen hedapen etengabeak txantxangorriari kalte egiten diola aditzera eman dute. 

Iñigo Bergés zinegotzi jeltzaleak argitu duenez, usoen errolda eta kontrola «modu etikoan egiten ari da udala, metodo modernoekin eta hiri-fauna eta herritarren arteko elkarbizitza bermatuz, baina osasuna eta hiria garbi mantentzea da helburu nagusia». Udalak egindako azken laginketa 2015ekoa da, eta garai hartan 2.000 uso inguruko populazioa kalkulatu zuten hirigunean. Orain, hamarkada geroago, udal aurrekontu parte-hartzaileetan onartutako proposamen bati erantzunez, eta animalien ongizateari buruzko ordenantza berriaren barruan kokatu dute errolda osatzeko lana. Ikerketaren emaitzak datorren urrian argitaratuko dituzte, eta beharrezkoak izanez gero, uso populazioak kontrolatzeko neurriak hartuko dituzte. 

Bien bitartean, usoen habiak saihesteko zenbait neurri hartzen doa udala. Udazken honetan, adibidez, San Miguel auzoko Julian Sanchez parkearen estalpea konpondu eta usoen kontrako sareak ezarri zituzten.