Joan den urrian Ostomila Txotxongilo Taldeak Bidasoaldean bigarrenez antolatutako Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketaren ondotik, urtea borobiltzeko, helduentzako Txotxongiloen Kabaret Gaua antolatu du Irungo Hazian, abenduaren 26an, 22:00etatik aurrera. «Antzerki-txotxongilo sortzaileak berriz elkartzeko aitzakia bezala eta helduek ere eskubidea dutela» pentsatuz, proposamen berritzaile batekin datoz oraingoan.
Izan ere, haurrei istorioak kontatzen dituzten pertsonaia irrigarriak ala beldurgarriak direlako ustea zabaldua da, baina «XX. mende hasieran antzerkiarekin batera istorioak kontatzeko zegoen euskarri bakarrenetarikoa» zela gogoratzen du Ruben Mejuto txotxongilolari irundarrak. Eta beraz, kultur-adierazpen honen erroetara itzulita, helduei zuzendutako emanaldi bat antolatzeko beharra sentitu duela aitortu digu.
Txotxongiloen zuzeneko emanaldiek haurtzaroko oihartzunak ekar diezaiekete askori. Zerbaitegatik izan dira betidanik Euskal Herrian, haurren arreta piztu eta euskararen zein giza balio askoren transmisiorako tresna. Baina helduen mundura ekarriaz, pantailaren diktadura inposatzen duen gizarte honetan, «zuzeneko emanaldiek badute iraultzaileaz zerbait» Mejutoren ustez, eta «askatasuna gero eta murriztuagoa zaigun honetan, txotxongiloak istorioak kontatzeko eta autoritatea kritikatzeko, sistemaren transgresore izateko» sortu zirela aldarrikatzen du.
Programa anitza Irungo Hazian
Hartara, dozena bat artista gonbidatu dituzte Irungo Hazian antolatu duten topaketa honetara. Ruben Mejuto eta Tamara Cuellar antolatzaileek azaldu digutenez, Palestinako genozidioa, faxismoaren gorakada eta beste hainbat kontu landuko dituzte helduentzako gaualdi honetan. Baita umorea eta txotxongilolaritza proposamen garaikideak ere. Marta Altzate, Mexikon bizi izan den ipuin-kontalari donostiarra izango da Kabaret Gauaren aurkezlea, eta gonbidatuen artean, txotxongilo sortzaile lanetan 45 urte daramatzan Zoa Meza izango dute. Nikaraguako Teatro de Titeres Guachipilin talde ospetsuko kidea da bera. Celeste Caruso argentinarra eta Cristina Torres, Donostiko Sorginduak taldeko kideek, aldiz, proposamen berritzailea dakartzate, eta Naia MJ musikari eta antzerkigile gipuzkoarrak objektu sinbolikoen eta musikaren arteko nahasketa proposamen bat.
Era berean, Ruben Mejutok berak "Nola sukaldatu faxista bat" obra aurkeztuko duela aurreratu digu, eta "Demokrazia konkistatzera" lelopeko zenbait esketx ere prestatu dituzte. Bestalde, Bizkaitik Pantzar konpainiako Elena Benzanillak itzal-antzerki, akordeoi eta poesiaren bitartez, Palestinako genozidioaz ariko da. Eta Santiago Ortega "SantiSos" musikari eta txotxongilolari bizkaitarrak umore helduentzako umore piezak eskainiko ditu. Ostomila taldeko Tamara Cuellarrek berak ere parte hartuko du emanaldietan. «Jendeari eskatzen diogu ez haserretzeko, antzerkia, antzerkia dela, eta txotxongiloek esaten dituztela esan beharrekoak ulertu behar dute», dio Cuellarrek.
Haziako gaualdia abenduaren 26an 22:00etan hasiko da, eta doakoa izango da. Antolatzaileek argitu dutenez, artistek zerbait ezberdina eskaintzeko helburuarekin elkartuko dira aurrekonturik gabe. Beraz, gaualdiaz gozatzera animatzen dituzte bidasotarrak, aurretik 20:00etatik aurrera Hazian afariak ere eskaintzen dituztela gogoratuz.
Haurrentzako aparteko emanaldia
Bestalde, abenduaren 23an, 3 urtetik gorako haurrei zuzendutako "Olentzero eta Mari Domingi, sorginaren bila" izeneko Eguberritarako espreski sortutako obra taularatuko du Ostomila Txotxongilo Taldeak. Irungo zenbait eskoletan ari dira egunotan, eta Pinudi auzo elkartean ere taularatuko dute. Baina hilaren 23an, Pausuko Xaia ostatuan izango dira 16:00etan, ostatu honen gabonetako egitarau oparoaren karietara.