TXOTXONGILOLARIEN II. TOPAKETA

«Txotxongiloek ere posizionamendu politikotik badute, istorioak kontatuz Euskal Herria kulturatik eraikitzen lagundu dezakete»

Koldo Nausia 2025ko ira. 23a, 13:36

Urriaren 2tik 5era bitartean Euskal Herriko Txotxongilolarien II. Topaketa antolatu dute Bidasoaldean Ruben Mejutok eta Zoe Tamara Cuellarrek (Ostomila Txotxongilo taldea). Lehen egunean artisten mahai-inguru eta formakuntzak egingo dituzte «sinergiak bilatu eta indarrak batu asmoz», eta publiko zabalari zuzendutako doako 9 ikusgarri proposatuko dituzte Irunen eta Hondarribian.

Irungo Ostomila Txotxongilo taldeko Ruben Mejuto eta Zoe Tamara Cuellarrek Euskal Herriko Txotxongilolarien II. Topaketa antolatu dute urriaren 2tik 5era, Irunen eta Hondarribian. Iazko aurreneko edizioan, emakume txotxongilolariak lehen planora ekarri nahi izan zituzten «ez bakarrik feministak garelako». Beste arte eszenikoetan ez bezala, Euskal Herriko txotxongiloen historian emakumeek izan duten garrantzia azpimarratu nahian baizik. Ruben Mejutok azaldu digunez, «historikoki 50 bat konpainia egon dira Euskal Herrian, eta gehienak emakumeek zuzendutakoak izan direla ohartu ginen, eta omendu nahi izan genituen». Hartara, Larraitz Urruzola, Encarni Genua, Malen Basterretxea, Nerea Oreja, Nati Cuevas, Elena Bezanilla edota Idoia Otegi bezalakoak gonbidatu zituzten iazko topaketara.

Iaz 15 txotxongilolari biltzea lortu zuten, eta esperientzia ondo atera zenez, aurtengoan errepikatu baino, urrats bat gehiago eman asmoz antolatu dute bigarren edizioa. Guztira doakoak diren 9 emanaldik osatuko dute programa, eta arte eszeniko hau «euskara, euskal kultura eta identitatea suspertzeko euskarri» bilakatu nahi dute antolatzaileek. 1965 eta 1972 bitartean jardun zen Ez Dok Amairu abangoardiako euskal mugimendu kulturalaren izpiritua gogoan du Mejutok. Eta azaldu digunez, hura abeslariek eta idazleek bultzatu zuten bezala, «txotxongilolaritzak politikatik ere baduela, eta Euskal Herria kulturatik eraikitzen lagundu dezake», pentsatzen du. «Topaketa hauekin gure ideia ere bada Euskal Herriaren borroka ezberdinen lanabesa izatea, eta politikoki posizionamendu bat bilatzea», aitortzen du. 

Alde horretatik, historikoki haur eta gazteei zuzendutako arte eszenikoa den heinean, «kontatzen diren istorioen bitartez, belaunaldi berriei baloreak helarazteko euskarri oso egokia» dela aldarrikatzen du artista irundarrak. Halaber, kulturak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna aintzat hartuta, eta «gaur egun pantailak hartu duen indarra handia bada ere, txotxongiloek duten egiak haurren arreta piztu eta txunditu ohi ditu». 

Txotxongilolariak batzeko saiakera

Gaur egun Euskal Herri luze-zabalean 35 bat txotxongilo konpainia daude, eta horietatik hamar bat besterik ez dira profesionalak. Aldiz, topaketa honek mailako emanaldiak eskaintzeko ez ezik, txotxongilo egileak eta artistak biltzeko eta «elkar ezagutu eta sinergiak bilatzeko» baliagarria izan dadin ere antolatzen dute. Hartara, urriaren 2an zenbait formakuntza eta mahai-inguru antolatu dituzte, eta 15 bat txotxongilolarik baieztatu dute parte-hartzea. 

Alde horretatik, Tolosako Titirijai, Bilboko TX Festibala, Barañaingo Nazioarteko Txotxongilo Festibala, Sestaoko Txotxongilo Eguna edota Bergaran ospatzen den helduentzako jaialdia ditugu Euskal Herrian antolatu ohi diren arloko jaialdirik ezagunenak. Baina Euskal Herri osoko konpainiak eta elkarteak biltzen dituen topagunerik ez dagoela ohartuta, Europako erreferentzia den Tolosako Topic txotxongiloen nazioarteko zentro museoaren artxibategira jo zuen iaz Mejutok. Konturatu baitzen Euskal Herrian arte eszeniko honetako «konpainia bakoitza norbere kaxa zebilela». Topic zentroko artxibategia aztertuta, Zugarramurdin 90. hamarkadan egiten hasi eta 2012 arte bi urtetan behin ospatu izan zen Euskal Titiriteroen Topaketaren berri izan zuen. 

Filosofia horri helduta pentsatu zuten Mejutok eta Cuellarrek Bidasoaldean halako topaketa bat antolatzea. «Txotxongiloak balioan jarri, eta zergatik ez? Euskal Herriko artisten elkarte edo elkar-babeserako egitura bat sortzeko lanean ari gara, hazia jarri eta ernaltzea besterik ez da falta». Dioenez, konpainia, artista eta txotxongilo egileen arteko harremanak «saretu, elkar ezagutzeko, eta aldarrikapenak zeintzuk diren ikusi eta indarrak biltzeko» baliagarria den egitura baten beharra dagoela pentsatzen du. 

Autogestioa askatasunez aritzeko

Haatik, helburu horiek bideratzeko, artistek askatasunez lan egitea ezinbestekoa baldintza dela diote Ostomila taldeko kideek. «Argi dago dirulaguntza publikoek pisu handia izaten dutela kulturan, laguntza zuzenak edota udalek kontratatutako emanaldiekin, baina arte adierazpen bat den heinean, askatasunez lan egiteko autogestioa ere ezinbestekoa da». Horrek, ordea, militantzia lan handia eskatzen du.

Eta topaketa hauen antolakuntzari dagokionez, erakunde publikoen inplikazio eskasa ikusita, hasieratik bilatu dute independentzia hori. Iaz, zozketa baterako errifak salduz, eta Irungo auzo elkarte zein kultur-eragile anitzen babesari esker aurrera atera ahal izan zuten. Eta aurtengoan, Landetxa, Elitxu, Dunboa eta Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak izango dituzte bidelagun, ikusgarriak eskaintzeko plaza eskainiko baitiete. Era berean, Kabigorri ateneoa edota Toki Alai eskola ere erabiliko dute. Salbuespen bakarra, iaz bezala, Hondarribiko Alde Zaharreko Olazabal parkean udalak lagundutako emanaldia izango da. Baina, oro har, autogestionatutako jaialdia ondu dute antolatzaileek.

Horretarako, Irungo San Pedro eta San Martzial jaietan txosna jartzea pentsatu zuten, eta kirol elkarte baten laguntzari esker, proiektua ekonomikoki sostengatu ahal izan dute. Txosnan zerbitzatzea ez ezik, Urdanibia plazako txosnagunea txotxongiloen presentziarekin alaitzea lortu baitzuten jaietan. 

EHko TXOTXONGILOLARIEN II. TOPAKETA (Egitaraua)

Urriak 3, ostirala

19:30 - Elitxu auzo elkartean - Gazteleraz izango den emanaldi bakarra.

(Helduentzako) "SOLAMENTE SOS" - SantiSOS (Bizkaia). OHARRA: Haur zaintza egingo da. 

Urriak 4, larunbata

11:00 - Dunboa auzo elkartean - "KATXARULOREN ALABA", Babaluva konpainia (EH/Galiza)

12:00 - Dunboa auzo elkartean - "A VELLA E O GAITEIRO", Titeres Alakran (Galiza). Antolatzaileek aditzera eman dutenez, euskarara egokitu dute obra topaketarako.  

12:30 - Toki Alai eskola (Arbes), Irun. "BALEZALEAK", Ostomila Txotxongilo Taldea (Nikaragua/EH) 

17:00 - Larreaundi auzo elkartean - "JOAN-ETORRIKO ISTORIOAK", Larraitz Urruzola (Galiza/EH)

18:30 - HONDARRIBIKO Olazabal parkean - "HAMAIKA GATAZKA", El Tenderete konpainia (Bizkaia). 

(Eguraldi txarra balitz, Kultur Etxean)

22:00 - Kabigorri Ateneoan, (Helduentzako emanaldia) "TXOTXONGILOLARIEN KABARETA". 

Urriak 5, igandea

11:30 - Landetxa auzo elkartean - "PRUDENEN BIDAIA", Sorginduak taldea (Argentina/EH). 

Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi txotxongilolarientopaketa@gmail.com