Euskaraz Barra Barra programaren ondotik, Kalean Bai planarekin hasiko dira Irungo kirol eta aisialdi elkarteekin

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 5a

Joan den urtarrilean Euskaraz Barra Barra programa abian jarri zuen Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak, eta dagoeneko hiriko 87 denda eta ostatuk euskaraz egitera gonbidatzen dute. Aste honetan, aldiz, 176.805 euroko kontratua onartu dute Kalean Bai programa lau urtez garatzeko. 2002an abiatutako ekimena eguneratzeko eta indartzeko helburua du udalak, haur eta gazteen eskolaz kanpoko denboran euskararen erabilera suspertzeko.

Joan den urtarrilean Barra-Barra programa abian jarri eta gero, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak Kalean Bai programa eguneratu eta indartzeko egitasmoa aurkeztuko du. Euskara ulertzen duen langile bat lanaldi osoan duten 87 denda eta establezimenduk 'Euskaraz Barra Barra'  ikurra dute dagoeneko, bezeroek euskaraz lasai egin dezaketela adierazteko. Baina kirol eta aisialdirako eragileek haur eta nerabeen euskararen erabileran duten garrantziaz jabetuta, haiekin lanketa indartu nahi dutela aditzera eman du Josu Iguiñiz Euskara zinegotziak. 

Hartara, atzo Tokiko Gobernu Batzarrak Kalean bai plana hiriko elkarte eta entitateetan inplementatzeko eta indartzeko zerbitzuaren kontratazio onartu du 176.805,08 euroko (%21eko BEZ barne) gehienezko aurrekontuarekin. Kontratuaren iraupenaren lau urteetarako izango da. 

Irungo Udala euskararen erabilera suspertu nahian dabil, AROA plana oraindik onartu gabe badu ere. Eta Iguiñizek Antxeta Irratian iragarri duenez, Kalean Bai programari heldu nahi diote berriz. Elkarteen jarduerak euskaldundu eta kirol eta aisialdi denboran elkarteen eskaintzan hizkuntz ohiturak eraldatzeko helburua du programa honek, eta 2002an sortu zuten bitartean, 2021a arte ez zuten ia eguneratu. Elkarrekin Podemos gobernuan zela, Miren Etxebeste orduko Euskara zinegotziak aditzera eman zuen kontratua berritu behar zenez programaren funtzionamendua berrikusiko zutela. 

Irungo 81 elkartek hartu zuten euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa. Eta «abiadura ezberdineko elkarteak» daudela aintzat hartu zuen udalak, elkarteetako kideen hizkuntza gaitasunaren araberako konpromisoak hartuz, eta udalaren laguntza tekniko eta linguistikoa beharrei egokituz. Hala ere, oraingo honetan ere, udalak ez zuen gerora elkarteen jarraipen zehatzik egin. Eta elkarteen zerrenda eguneratzeaz gain, orain Josu Iguiñiz zinegotzi jeltzaleak azaldu du Kalean Bai programa indartuko dutela. «Kontuan izan behar dugu gazte gehienek D ereduan ikasten dutela, eta eskolaz kanpo erabilera asko jaisten dela», dio zinegotziak, eta horretan eragiteko elkarteekin hitzarmen baten bidez hartu nahi duten konpromiso maila zehaztuko dute. Horren araberako laguntza emango die udalak. Hau da, aholkularitza, itzulpen eta zuzenketa zerbitzua eta elkartearen egunerokoa euskalduntzeko dirulaguntza mota ezberdinak.

Hortaz gain, uda honetan erreferentziazkoak diren hiriko bi elkarterekin aparteko lanketa egingo dutela dio. Eta zehazki, kirol elkarte batekin propio lanean aritu dira Euskara Plan oso bat martxan jartzeko. «Diagnostikoa egingo dugu kirol taldean euskararen egoera zein den argitzeko, eta ondoren neurriak hartuko ditugu hobetzeko, eta bere ebaluazioa egingo dugu», argitu du, «bidea zuzentzeko balio izango digu, eta ikusten badugu horrelako plan bat eraginkorra dela, elkartez elkarte joango gara lanketa beretsua egiten». Oroitarazi beharra dago, orain artean, Real Union izan dela hiriko klub bakarra halako hitzarmen berezi bat egin duena. 2023-2027 urtaldirako klub txuribeltzak 32 ekintza aurreikusten zituen.