Alde horretatik, gaur egungo bizimoduaren ondorioz, herritarren %60 bere bizitzaren une jakinen batean bakarrik eta isolaturik sentitu dela ondorioztatu dute azken inkestek, izan adineko, izan gazteen artean ere. Amagoia Caballeroren ustez, «inguruan senitartekoak egon daitezke, baina Irun bezalako hiri koxkor batean adineko pertsonek sozializatzeko aukera gehiago behar dituzte». Irunen 65 urtetik gorako 15.168 lagun daude (%23,6), eta 2037 urterako 3 etxebizitzetatik batean, pertsona bakarra biziko dela aurreikusten da. Beraz, programa honen bidez isolamendu arriskuan dauden identifikatutako irundarrentzat antolatzen dituzten jarduerak aproposak dira.
Izan ere, estimulazio kognitiboa eta trebetasun sozialak lantzeko tailerrak eskaintzen dizkiete adinekoen zentro sozialetan. Parte hartzaileen %85 inguru emakumezkoa da. Eta Caballerok argitu duenez, estimulazio kognitiboaren arlo ezberdinak lantzen dituzte; «memoria, arreta, orientazioa, psikomotrizitate fina edota kalkulu matematikoa... eta bide batez sozializatzeko aukera ematen du». Parte-hartzaileek ere harreman sozial horiek eskertzen dituzte. Palmera Montero gunean astelehenero 10:00etatik 11:30era elkartzen direnek aitortu dute, «talde baten parte sentitzea, elkar hitz egin eta adin bereko jende berria ezagutzeko» aukera baloratzen dutela gehien.
Palmera-Montero gunea ez ezik, tailerrak Irungo beste lau zentro sozial eta auzo elkartetan eskaintzen dituzte. Irason asteazkenetan, 10:00etatik 11:30era bitartean: Lekaeneako apartamentuetan asteazkenero 12:00etatik 13:30era, Elitxuko auzo elkartean astelehenetan 16:00etatik 17:30era bitartean, eta Artiako auzo elkartean, astelehenero 10:00etatik 11:30era bitartean.
Irungo Udalak aditzera eman duenez, eskutitza jasoko duten pertsonekin zuzenean harremanetan sartuko da Amagoia Caballero Lete psikologoa. Baina informazio gehiago behar duen orok, honako telefono zenbakira deitu dezake: 673 021 994
Irungo Adinkide sarea
Bestalde, gogoan hartu behar da, Adinkide Fundazioa joan urtean hasi zela lanean Irunen. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin zuten adinekoen akonpainamendu emozionala antolatzen duen fundazio honen lana babesteko, boluntarioen bidez «zahartze aktiboa, komunitate kultura eta garai bateko auzo-bizitzaren konplizitatea» sustatzeko helburu dute nahi dute. Kasu honetan, Adinkide programan ari diren boluntarioen batez besteko adina 47 urtekoa da, eta %76,1 emakumezkoa den bitartean, zaintza edo akonpainamenduaren onuradunen %79,6 emakumea da, eta batez besteko adina 80,8 urtekoa.
Desiratu gabeko bakardadeak soluzioa duela oroitarazten du Adinkide Fundazioak. Egungo gizarte-eredu aldaketaren ondorioz galdu den komunitatea eta auzo-bizitza berreskuratzea. Hortaz, ekimen honetan boluntarioa izan, akonpainamendu emozionala egin edo sozializazio jarduerak antolatzen lagundu nahi baduzu batetik, edo adinekoa bazara eta bakardadea saihesteko lagun berriak egin nahi badituzu, jarri harremanetan irun@adinkide.org helbidean 634 092 533 telefonora deituz, edota sakatu hemen eta informatu.