Zoa Tamara Cuellar: «Bizipenetatik istorio bat kontatzeko euskarri bilakatuko dugu txotxongiloa, emakumea ahalduntzeko tresna aparta da»

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 11

Ostomila Txotxongilo Taldeko zuzendariak “Emakumeak eszenatokian: Txotxongiloak eta ahalduntzea” tailer berritzailea emango du Irungo Emakumeen Etxean, martxoaren 3tik maiatzaren 19ra bitartean. Udaberriko Ahalduntze Eskolan, dohainik, asteartero 16:00etatik 18:00etara «arte plastikoak, idazketa sormena eta interpretazioa» lantzeaz gain, komunitatea egin nahi du. Txotxongilo talde feminista amateur baten hazia erein nahiko luke, emakumeen ahalduntze kolektiboa sustatuz.

Irungo Emakumeen Etxeak Ahalduntze Eskolaren udaberriko ikastaroetan izena emateko epea otsailaren 16an itxiko du. Joan den urtean plazen banaketa zozketa bidez egitea erabaki zuten aurreneko aldiz, denak bete ohi direlako, eta denei aukera bertsua eman nahi die Irungo Udalak. Iaz gai askotariko 8 ikastaro proposatu zituzten otsailetik ekainera, baita zenbait nobedade ere. Maskulinitate berrien haritik, gizonezkoei zuzendutako Aitatasuna feminismotik tailerra antolatu zuten lehen aldiz, eta gerora Emakumeak Mugimenduan proiektuarekin jarraipena izan duen emakumeen osasun fisiko eta mentala zaintzeko, Bizitza Aktiborako eta Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzu berria antolatu zuten Ahalduntze Eskolaren bitartez. 

Aurten 10 tailer guztira

Udaberri honetarako, aldiz, guztira 10 tailer proposatzen dituzte. Autoestimua indartu eta emakumeak ahalduntzeko helburuarekin antolatutako jarduerak dira denak. Eta norbere interesen araberako jarduera eskaintza zabala denez, beste emakume batzuekin sozializatu eta ahalduntze kolektiboa ere bilatzen dute, Istillaga plazako Irungo Emakumeen Etxeak eskaintzen duen eremu seguru horretan.

Horiek hala, aurreko urteetan ere historian bere ekarpena egin duten emakumeen figurak aztertzeko “Emakumea eta Boterea” ikastaroa emango du Marijo Noain historialariak. Baina nobedade nagusiak osasunaren zaintzari eta arte plastiko eta kulturgintzari lotutakoak dira. Izan ere, Ara Gorputz elkarteak osasun hormonala eta hilekoari buruzkoa proposatzen duen bitartean, Bidasoko ESIko Osakidetzako profesionalak diren Julia Herrero eta Laura Ramudoren eskutik “Loaren higienea” izeneko saioak eskainiko dituzte, azken urteetan gora egin duen loaren nahasmenduen kontrako lasaigarrien eta hipnotikoen erabilera saihesteko xedez. 

Txotxongiloa ahalduntzeko euskarri

Bestetik, eskulan tailerrak ere izango dira. Juncal Alfonsorekin “Buztina, transformazio bide: Etxea eta identitatearen eraikuntza” izenekoa adibidez. Aldiz, kulturgintza eta feminismoa uztartzen dituen “Emakumeak eszenatokian: Txotxongiloak eta ahalduntzea” tailerra da udaberri honetako aparteko proposamena.

Izan ere, txotxongiloen bidez arte plastikoen esplorazioa egiteaz gain, feminismotik errotutako ikuskizun oso bat sortu nahi du Zoa Tamara Cuellar tailerraren eramaileak. Ostomila Txotxongilo taldeko zuzendaria da, Nikaraguakoa sortzez, eta 8 urte dira irundarra ere denetik. Bere jakintza partekatu nahi du tailer honen bidez, eta aitortu digunez, tailerrak emakumeak ahalduntzeko helburua badu ere, norbere barrenak hustu eta terapia egiteko aukera ere emango du, eta zergatik ez, txotxongilolari talde feminista amateur bat sortzeko hazia ereiteko aukera izan daiteke. «Generoa eta ahalduntzea landuko dugu txotxongilo ikusgarri bat taularatuz, gure istorioa kontatzeko euskarri bilakatuko ditugu txotxongiloak», dio.

Alde horretatik, sormen idazketa eta interpretazioa ere konbinatzen duen proposamena da honakoa. Tailerrak hiru atal izango ditu, eta hasieran txotxongilo mundua ezagutzeko eta ariketa praktikoak egiteko bideratuko duten bitartean, parte-hartzaileak «elkar ezagutu eta komunitatea egiteaz gain, haien bizipenetatik abiatuta ikusgarrirako antzerkiaren testua idatzi» egingo dute.

Bukatzeko, txotxongiloak eraiki, entseguak egin eta emanaldia taularatzea izango litzateke azken helburua. Baina aitortu digunez, feminismotik komunitatea egin nahi du. Txotxongilo talde feminista amateur baten hazia erein nahiko luke, emakumeen ahalduntze kolektiboari bide emanez. Azpimarratzen duenez, txotxongilolaritza Euskal Herrian emakumeen eskutik egin eta errotu izan zen hastapenetik. Eta oraindik ere emakumeek asko dute esateko.

Tailerra doakoa dela nabarmendu du Zoa Tamarak, eta otsailaren 16an izena emateko epea itxi ondoren, martxoaren 3tik maiatzaren 19ra bitartean, asteartero 16:00etatik 18:30era egingo dute. Plaza eskatzeko hemen egin dezakezue. Zozketa otsailaren 17an (10:00etan) egingo dute Irungo Emakumeen Etxean bertan.