Eusko Jaurlaritzak 'Via Irun' proiektuarekin konpromisoa berretsi du

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 14a

Lakuako ordezkaritza batek Irungo trenbide eremuan aurreikusia dagoen eraldaketa proiektua bertatik bertara ezagutzeko bisita instituzionala egin du udal agintariekin batera. Via Irunek hirian eskainiko dituen espazio eta aukera berriak nabarmendu dituzte.  Jarduera ekonomikoetara bideratuko diren bertako 33.000 m2, etxebizitza libre eta sozialera 25.880 m2 eta parkeetara 30.000 m2 baino gehiago.

Mikel Torres, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Ekonomiako, Laneko eta Enpleguko sailburua, Irunen izan zen atzo bisitan, Via Irun proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Gipuzkoako transformazio urbanorik handiena aurreikusten duen ekimena da, gaur egun abandonatuta dagoen trenbide eremua handi bat goitik behera eraldatuko baita. Eta horri esker, Irungo erdiguneak hamar futbol zelaiko espazioa berreskuratuko du hiri-ekipamendu eta jarduera ekonomikoetarako, besteak beste.

EAJ kritiko azaldu izan da proiektuak hasieratik izan duen garapenarekin. Izan ere, 2011 urtean Pepe Blanco (PSOE) ministroarekin izenpetutako protokoloa, eta 2016an Espainiako Gobernuak, ADIF, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udalak trenbide-eremuaren eraldaketarako adostutako protokoloen hasierako asmoak handiagoak ziren. Eta 2022an, Jose Antonio Santano alkate zela, EAJk 20 milioi euroko partida bat proposatu zuen Madrilgo Kongresuan estatuko aurrekontuetan, hain justu, hasiera batean aurreikusia zegoen trenbidearen estaltzeko proiektua mantendu nahian. 

Hala eta guztiz ere, proiektua estrategikoa dela berretsi du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, jarduera ekonomikoetara bideratuko dira bertako 33.000 m2, etxebizitza libre eta sozialera 25.880 m2 eta parkeetara 30.000 m2 baino gehiago. Mikel Torres bigarren lehendakariordeak esan duenez, «Via Irunek argi uzten du asmo handiko egitasmoa dela, ez da hirigintza kontua bakarrik, espazioa eraldatzeaz ere ari baikara, urte luzeetan hiria zatitu duen trenbidearen arrakala fisikoa hiriaren bihotza bilakatuko da, aukera berriak sortuz». Alde horretatik, jarduera ekonomikoa areagotzeko, ekintzailetzari, enpresei, ezagutzari eta etorkizuneko sektoreei lotutako espazioa aurreikusten dela nabarmendu du.

Cristina Laborda Irungo alkatearekin batera bisitatu du sailburuak ingurua, Txanaleta plazatik abiatuta. Hantxe eman dizkiote proiektuari buruzko azalpen tekniko zehatzak, plano teknikoak baliatuta. Ondoren, Aduana kalera joan dira, Via Irun hiri-barruti berritzailearen eraikin publiko zentral eta nagusia izango den aduana zaharraren obrak zuzenean ikusteko. Alkateak Eusko Jaurlaritzak Via Irunekin agertu duen konpromisoa nabarmendu du, garraioaren esparruari dagokionez batik bat. Izan ere, Aduana eraikina zaharberritzeko 5 milioi euroko inbertsioa bideratu du, eta Eusko Trenbide Sareko Colon geltokia tren-geltoki intermodal berrira lekuz aldatzea bideratu du.

Hain justu, Aduana zaharraren eraikina hiri-barruti berria garatzeko estrategia zentroa edo «hub»-a izango dela azpimarratu dute agintariek. «berrikuntzaren, kohesio ekonomiko eta sozialaren eta eraldaketa digital eta ekologikoaren premisen arabera diseinatuta». Nolabait ere, Via Irun proiektuaren «motor publikoa» izango dela adierazi du Irungo alkateak. Hala ere, Labordaren hitzetan, «orain bada beste erronka garrantzitsu bat, proiektuaren dimentsio ekonomikoa ere indartzea».

Testuinguru horretan, beste leku batzuetako esperientzietatik ikasteko, Irungo Udalak hiriak berroneratzeko Europako bi erreferente bisitatu ditu berriki: Bartzelonako 22@ barrutia eta Madrid Nuevo Norte proiektua. Joan den urrian, aldiz, Europako 50 hiri ezberdinetako ordezkarien topaketa antolatu zuten Irunen, Metrex sarearen baitan, garraioa eta hirigintza gaiak lantzeko.

Bisita horietan, bertatik bertara ezagutu dituzte eraldaketa urbano horietan garatu dituzten azpiegiturak, etxebizitzak, berdeguneak, ekipamenduak eta jarduera ekonomikorako gune berriak uztartzen dituzten proiektuak.