Joan den udaberrian Bidasoaldeko trafiko arazoak arintzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako 50 milioi euroko inbertsio plana aurrera doa, eta abenduaren 16an Arbes-Oinaurre arteko lotunearen proiektua idazteko hitzarmena sinatu ondoren, atzo Azken Portu inguruko esku-hartze berriari buruzko lan bilera egin dute Cristina Laborda Irungo alkateak eta Eider Mendoza diputatu nagusiak, Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin batera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgune itxurako bide-lotura berri bat bultzatuko du bertan, egungo udaltzaingoaren komisaria eta Azken Portu kiroldegiaren sarbidearen artean, hain justu. Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, jarduketa honek auzoaren mugikortasuna hobetuko du eta Behobitik GI-636 errepidean sartzen diren ibilgailuen mugimenduak erraztuko ditu.

Foru Gobernuaren Kontseiluak proiektuaren lizitazioa onartu du, 1.018.000 euroko aurrekontuarekin eta lau hilabeteko exekuzio epearekin. Jarduketak biribilgune berri bat eraikitzea aurreikusten du, Artiga pasealekuaren eta GI-636 errepidearen arteko mugimendu guztiak antolatu eta osatu ahal izateko, egungo egoera hobetuz, eskuinera biratzea baino ez baitu ahalbidetzen gaur egun, oso urbanizatuta dagoen eremu batean, non bizitegi-auzo bat eta jende joan-etorri handia duen kiroldegi bat baitaude. Esku-hartze horri esker, gainera, AP-8 autobidearekin Arbes-Oinaurren egingo den lotune osoaren eraginkortasuna indartu ahal izango da.
Esan bezala, biribilgune proiektu hau Bidasoaldeko sarbideak eta mugikortasuna hobetzeko planean aurreikusitako lehen esku-hartzea izango da. Bestalde, honi lotuko zaio Arbesen sortuko duten lotune erdia ere, zirkulazioa Behobitik eta Behobirantz lotuko duena, eta Oinaurren dagoen lotune erdiarekin konektatuko dutena 2,1 kilometroko errepide baten bidez. Kasu horretan, 2027 urtearen amaieran obrak hastea aurreikusten dute.
Asmo handiko inbertsio plana
Irun Gipuzkoako bigarren hiria izanik, mugaldeko trafikoak eskualdeko errepideetan eragin ohi dituen zailtasunak baldintzatzen dute. Eta azken urteetan trafiko dispositibo eta neurri bereziak elkarlanean abian jarri dituzten bezala, errepide-sarea hobetzeko ere, agintariek «elkarlanerako determinazioa» adierazi dute. Horrek egungo egoera desblokeatzeko aukera emango duela azpimarratu dute.
Gogoan hartu behar baita, Irungo errepide-sarearen hobekuntza ez dela zirkulazioaren kopuru eta garapenaren tamainakoa izan azken hamarkadatan. Orain, berriz, aipatutako proiektu honetaz gain, guztira 50M€ko inbertsioa aurreikusten dute Bidasoaldean bidasotarren egunerokoa hobetzeko asmoz. Foru Aldundiak iragarri duenez, GI-636 Gaintxurizketatik behera (Irun-Hondarribiko noranzkoan goazela), trafikoak elkartzen diren guneetan hobekuntza beharra ikusi dute, Urdanibia hoteleko bidegurutzean eta Bidasoa ospitaleko biribilgunean. Bertan bidegorri bat aurreikusten bada ere, bidegorriaren erabiltzaile ez diren txirrindularientzako segurtasuna ere hobetzeko asmo dute.
Bestalde, Irungo saihesbidean Donostiarako noranzkoan errail gehigarri bat eraikiko dute Plaiaundi institutuaren aurrean, eta honek Hondarribira irteteko Zubimuxu biribilgunera daraman irteeran. Inguru horren «egituraketa konplexua» bada ere, Amutaldetik egunero pasatzen diren 13.000 ibilgailuak kontuan hartzen dituzte, eta Zubimuxuko biribilguneak jasaten duen zirkulazioaren presioa arindu nahi dute. Era berean, bigarren biribilgune bat aurreikusten dute Hondarribiko sarreran, gaur egun semaforo bidez kudeatzen den Amute-Kostako bide zaharrera sarbidea ematen duen aireportuko bidegurutzean.