Urtetik urtera Irunbus zerbitzua gehiago erabiltzen da. 2021 urteaz geroztik %32 batean emendatu da bidaiarien kopurua, eta COVID-19 pandemiaren salbuespen urtea baizik ez du gorako tendentzia moztu azken urteetan. 2024 urtean lehen aldiz 2 milioi bidaiarien langa gainditu ondoren (2023an baino %6,77 gehiago), 2025ean marka guztiak birrindu ditu.
Iaz 2.310.641 bidaiarik erabili zuten Irunbus zerbitzua, 2024ko 2.067.164 bidaiarien zifra %12an hobetuz. Argitu dutenez, joan-etorrien %87,43 MUGI txartela erabiliaz egin ziren. Izan ere, 63.500 biztanleetatik 56.409 pertsonak dute garraio-txartela. Mugikortasun Jasangarrirako zinegotziak Sergio Javierrek aditzera eman duenez, hirian mugitzeko martxan dauden «Irunbuseko lau lineek izan dute hobekuntza».
Berez, 2019an egindako marka historikoa 1,8 miloi bidaiariekin (aurreko zazpi urteetan beti gora egin ondotik), COVID-19 pandemiak apurtu zuen dinamika. Izan ere,.%34 bidaiari gutxiago jaso zituen 2020an murrizketen ondorioz. Haatik, orduz geroztik hobekuntza etengabea izan da (%32koa 2021 urtetik). Horrek agerian uzten du bere ustez, Irungo Udalak hiriko garraioa sustatzeko egindako apustuaren arrakasta, «datuak ukaezinak baitira» zinegotziaren arabera.
Sergio Javierren ustez, «garraio publikoa ez da moda bat, hiriaren transformazioaren irudiko baizik. Eta autoaren alternatiba baino, herritarrekin berdinzaleago eta demokratikoagoa den garraioa suposatzen du, eta herritar guztiei garraio aukera jasangarria eskaintzen die». Hau guztia kontuan hartuta, «garraio publiko jasangarriaren alde inbertitzen jarraitzeko» asmoa adierazi du udal ordezkariak.
Hobekuntza linea guztietan
Alde horretatik, Irungo Udala autobus lineak elektrikora egokitzen udalerri aitzindaria izan zen EAEn. Eta Next Generation laguntza lerroari esker, 2 milioi euro horretara bideratu eta gero, L5 linea (SANJUAN-ELIZATXO-MENDIBIL- FICOBA) martxan jartzea izango da hurrengo erronka. Dagoeneko urtebeteko atzerapena daramate.
Bien bitartean, martxan dituzten lau lineatan hazkuntza eman da iaz. Irunbus sareak, oro har, 243.500 bidaiari gehiago jaso duen bitartean, ZAISA-OSPITALEA L1 zernitzuak 1.606.499 erabiltzaile izan ditu, 2024an baino 150.000 gehiago (%11ko igoera). SAN JUAN plazatik LANDETXA-KATEA auzora doan 2. lineari dagokionez, 44.544 bidaiari gehiago izan ditu (%10eko igoera), eta sareko bigarrena da bidaiari kopuruari erreparatuta, guztira 484.146.
Bestalde, 3. eta 4. lineak kopuru orokorretan bidaiari gutxiago jasotzen dituzten arren, proportzioan gehien hazi diren zerbitzuak izan dira 2025ean. Udalak plazaratutako datuen arabera, SANJUAN-ARTIA (L3) ibilbidean 128.641 erabiltzaile izan dira, 2024an baino 20.019 gehiago (%18ko igoera). Eta L4 SAN JUAN-ANZARAN-OLABERRIA eremuak lotzen dituenak 74.893 bidaiari jaso ditu, %16 gehiago (orotara 10.355).
Kontratu berria
Irungo Udalak jakitera eman duenez, Irunbuseko zerbitzuaren hazkundearen ondorioz, egun dauzkaten 15 autobusentzako garaje propioak edukitzeko prozesua abiatu du. Horretarako, Araso poligonoko bi industria-pabiloi erosteko prozesuan dago, ondoren garaje gisa erabiltzeko egokitu beharko liratekeenak. 3,8 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko dute pabiloiak erosteko, eta milioi bat euroko hainbat urterako partida bat edukiko da lokalak garaje bihurtzeko 2026 honetan.
Bestalde, lizitazio fasean dagoen Irunbus zerbitzuko kontratu berriak zenbait hobekuntza izango dituela iragarri du Sergio Javier zinegotziak. Zehazki, L5 linea berria aintzat hartuko du, eta era berean, L1 zerbitzua indartzeko, 12 metroko autobus elektriko bat aurreikusten dute, erabiltzaileen kopuru handiari erantzuteko. Modu berean, Gautxoriaren maiztasuna bikoiztea aurreikusten dute, 30 minutuan behin pasa dadin Behobia eta Landetxa-Katea auzoetan.