«Korrikak euskaldun gutiontzako aterki eta aterpe» izan nahi duela aldarrikatu du Maddi Sanz irundarrak, «zabala, anitza eta askotarikoa». Bidasoko Korrika arduradunak dioenez, duela bi urte Korrika Irundik abiatu izanak ehunka eragile euskararen alde saretzea ekarri zuen, eta oraingoan, «lehendik ere iritsiak ez ginen milaka txokotara heldu gara, euskaraz eta euskaratik», azaltzen du harro. Horren irudiko, martxoaren 21ean, auzo elkarteak ez ezik, beste hainbat eragile eta Irungo Udala ere batu direla Korrika Egunaren ospakizuna hiri osora zabaltzeko norbere hondar alea jartzeko prestu.
Izan ere,
joan den astean iragarri zuten bezala, euskararen herria auzoetatik josten hasiko dira egun horretan, auzo elkarteek 10:00etatik 13:00ra antolatutako jarduerekin. Baina San Juan eta Urdanibia plaza inguruetan irudikatuko dute gero, Korrika aukera bikaina dela hizkuntza ohituren inguruan kontzientzia hartu eta erabilera sustatzeko.
Euskararen sarea ehuntzen
Hartara, hiriko auzo elkarte guztiak, Auntxa Trikitixa Eskola, Skola Musik, EKT, Irunabar Bertsoaren Bilgunea eta Irungo Udala ere mobilizatzea lortu du AEKk Korrikaren baitan, elkarlanetik egun osoko jaia ontzeko. Antolatutako trikipoteoa, dantza emanaldia eta bertso bazkariaz gain, Txintxarri Txarangak eta Burrunba Elektrotxarangak ere girotuko dute Korrika Eguna.
Josu Iguiñiz, Euskara zinegotziak Irungo Korrika Eguneko ospakizunetan eta ondoko astean 24. Korrikak hiria zeharkatuko duen bi aldietan (hilak 24 eta 25) parte hartzera animatu ditu irundarrak. Gogoan hartu, martxoaren 24an 03:44an Irunera sartuko dela Gurutzetik, eta Landetxa, Arbes eta Behobia auzoetatik Bortzirietara joko duen bitartean, martxoaren 25ean Urruñatik iritsiko dela 03:49an, eta Hendaia (04:46) zeharkatu eta gero, Irungo erdigunetik (04:57) pasatuko dela. Udalak euskararen aldeko konpromiso irmoa duela azpimarratu du, eta «euskarak Irunen behar duen bultzada herritarrei adierazteko», Santiago zubitik Nafarroa hiribideraino doan kilometroa erosi duela gogoratu du. Zehazki 24. Korrikaren 1.565. kilometroa, eta 5:15ean Dunboako kanalaren aldamenetik hartuko dute udal ordezkariek lekukoa.
Korrika Egun handia
Baina Korrikak sorrarazten duen zirrara handia bada, atarikoa ere hunkigarria izango da Irunen. Martxoaren 21ean, auzo elkarte bakoitzak 10:00etatik aurrera antolatuko duen programazioaren ondotik, 12:00etan (Landetxatik), 12:30tan (Urdanibia-Berritik) eta 12:45ean (Artia-Behobitik) hiru zutabe abiatuko dira, auzoz auzo jendea biltzen erdigunerako bidean.
Ordurako, 12:30ak aldera, Auntxa Trikitixa Eskolak giroturiko Trikipoteoa hasiko da San Juan plazan, zutabeei harrera egiteko. 13:30an ekitaldi nagusia egingo dute, eta ondoren, trikipoteoa EKT elkartera bideratuko dute, han bertso bazkaria antolatu baitute Irunabar Bertsoaren Bilguneko lagunek. Iragarri dutenez, Maddalen Arzallus, Jon Luzuriaga, Manu Goiogana gonbidatu dituzte, eta bazkalondoan (16:30) bertsotan hasiko dira.
Behin saioa bukatutakoan Irungo Udalak lagundutako jaia hasiko da. 18:00etan Skola Musiken emanaldia izango da Urdanibia plazan, eta 20:00etatik 22:00etara Txintxarri Txarangak Urdanibia plazaren inguruko karriketan ibiliko da. Maddi Sanzek nabarmendu duenez, 16-18 urte bitarteko gazteek osatutako sortu berria den txaranga da honakoa, eta «Pio Baroja institutuko ikasleek proposamena izan da». Eguna borobiltzeko, berriz, Burrunba Elektrotxarangak animatuko du gaua 22:00etatik gauerdira bitartean.
Azken prestaketa lanak
Bestalde, Korrika Txikia eta Korrika Gaztea martxoaren 24an eta 25ean egingo direla iragarri du, hain justu, Korrika Irundik pasako den gauak argitu ondoren. Datozen egunetan emango dituzte xehetasun gehiago. Izan ere, auzo elkarteek martxoaren 21ean antolatuko dituzten jarduerez harago, 24. Korrika desordutan pasako denez aurten, Gosari Puntuak eta garraioa ere antolatzen ari direla, Irundik harago joan nahi duenarentzat.