“Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko” lelopean greba egun orokorra istilu handirik gabe pasa zen Bidasoaldean. Hala ere, LAB sindikatuko Aratz Alzagak salatu duenez, zazpi lagun identifikatu zituen atzo Ertzaintzak eskualdean. Izan ere, Hondarribiko Eroskitik eta Irungo Stadium Galetik abiatutako goizeko autokarabanak baimenduak zeuden arren, lau lagun identifikatu zituzten trafikoa eteteagatik. «Hala ere, errepide sarea kolapsatzea lortu dugu, eta hori zen helburua goizeko lehen ordua desnormalizatzea», argitu du.
Era berean, goizeko pikete informatiboetan 60 lagun inguruk parte hartu zuten, eta piketeak intzidentziarik gabe pasa zirela aditzera eman du Alzagak. Gabiria eta Ugalde industriaguneen sarrera ordubetez blokeatzea lortu zuten, eta ondoren Irungo Erdigunera jo zuten komertzioaren sektoreak ekonomian duen pisu handia kontuan hartuta. «Mendibil merkatalgune barrura sartzea lortu dugu, lehen aldia da hori egiten dugula, tentsio une batzuk egon dira, eta hiru pertsona identifikatu dituzte», argitu du OarsoBidasoko LABeko ordezkariak.
Gainerakoan balorazio positiboa egiten dute sindikatuek atzoko greba egunak eskualdean izandako jarraipenagatik. Gipuzkoako beste eskualde batzuetan ez bezala, «egia da Bidasoan industriak ez duela presentzia handirik, baina dauden lantegi handietan eragina handia izan da». Argitu dutenez, Irungo CAF lantegia itxita egon zen egun osoa, eta Irungo Tesa enpresan ere, langileen %70 inguruk egin zuen greba. Halaber, Bortzirietan, Lesakako ArcelorMittal enpresan ekoizpena gelditu egin zuten atzo.
Bestalde, Irungo anbulatorioetan eta Bidasoko ospitalean grebaren eragina nabaria izan zela diote sindikatuek, baita hezkuntzan ere. Eusko Jaurlaritzak oro har, Hezkuntza Publikoan irakasleen %49k greba egin zuela onartu du. Sindikatuek diotenez, aldiz, Ikastolen Elkartearen sarean eta Haurreskolen Partzuergokoetan %80koa izan da. Bidasoaldean, aldiz, arratsaldeko manifestazioan Gazteen Blokean parte hartu zuten Ikamako grebalariek Pio Baroja Institutuaren sarrera blokeatu zuten goizean goizetik. Eta Intza Sarasola, Ikamako kideak dioenez, «lau ikasle sartu dira besterik ez, eta irakasle askok manifestazioetan parte hartu dute».

Alde horretatik, gazteek greba egunaren balorazio baikorra egiten dute. Antxeta Irratiak jakin izan duenez, Dunboa ikastetxeko HHn %75ekoa izan da jarraipena. Txingudi BHIko irakasleen %53k egin du greba, eta Txingudi Ikastola LHn (%41) eta hezitzaile berezien %100k. Toki Alai ikastetxean, aldiz, irakasleen artean %38,5ekoa izan da jarraipena, eta hezitzaileen %50k egin du greba. Hondarribian, aldiz, Talaia eskolan irakasleen %34k greba egin du. «Institutuan dauden ikasle askok agian urrun ikusten dute lan merkatua, baina urte gutxiren buruan iritsiko zaie, edo unibertsitatera joateko pisua bilatu eta lan egin beharko dute, eta lan baldintza eta soldata duin bat ezinbestekoa da», aldarrikatu du Ikamako Intza Sarasolak.
Berak hartu zuen hitza, hain justu, Irungo San Juan plazan amaitu zen arratsaldeko mobilizazioaren manifestua irakurtzeko. Txingudiko Pentsiodunen Plataformako Shole Agirrerekin batera, han bildutako 600 pertsonen aurrean, zahar eta gazte, langile, ikasle eta pentsiodun, denak batera borrokatzeko beharra aldarrikatu zuten, bizi dugun «krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa eta zaintza lanena» iraultzeko. «Aberatsak geroz eta aberatsagoak dira, mundua hankaz gora jarria du sistemak, joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, pobrezian eta prekaritatean sakonduz» salatu zuen Sarasolak.
Pentsiodunek ere, patronalaren aurkako borroka haiena ere egin dute. «40 urtez gogor lan egin ondoren, pentsio duin bat merezi dugu, gutxienez 1500 eurokoa. Ez dugu medikamentuak erostearen eta etxea berotzearen artean erabaki nahi», salatu zuen Shole Agirrek. Aste honetan bertan, Txingudiko Pentsiodunen Plataformak aditzera eman du, «Irunen gutxienez mila pentsiodun daudela 850 euro baino gutxiagoko pentsioa kobratzen dutenak, eta horrekin ezin dela inolaz ere bizi».

