San Migel-Anakako promozioan ezer gutxi ospatzeko dagoela dio EH Bilduk

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 19a

Irungo Udalak Etxebizitza Legeari tranpa eginez, beste eremu batzuetan legeak behartzen zuen etxebizitza publikoen portzentai osoa San Migel-Anakara «modu sistematikoan» eraman duela salatu du EH Bilduk. Beraz, «egungo etxebizitza larrialdia, hein handi batean, urteetan bultzatu diren politika publikoen ondorio» dela. Irunvin babes publikoko etxebizitza baterako 3.000 eskatzaile baino gehiago daudela gogoratu du Ane Unanue hautetsiak, eta «ospakizunetatik harago, etxebizitza udal politiken erdigunean jartzeko» eskatu dio PSE-EAJren udal gobernuari. 

Martxoaren 13an hasi zituzten, bi hamarkada ondoren, Irungo Udalak 2008an abiatu zuen San Migel-Anaka eremuko hirigintza garapenaren proiektuari lotutako lehen obrak. Bertan 887 babes publikoko etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute. Egia bada ere, etxebizitza promozio honek, daraman atzerapenaren tamainako bultzada suposatuko duela irundarrek pairatzen duten etxebizitza larrialdia arintzeko, EH Bilduren ustez, «udalak pilatutako zorra historikoa» kitatzen hasteko baizik ez du balio izango.

Koalizio subiranistako zinegotzi Ane Unanuek gogoratu duenez, «egungo etxebizitza larrialdia, hein handi batean, urteetan bultzatu diren politika publikoen ondorio da». Alde horretatik, San Migel-Anaka eremuan aurreikusten diren etxebizitza publikoen kopurua nabarmena bada ere, Irungo Udalak urte hauetan guztietan sorrarazi duen zor bati erantzuten diola salatzen du EH Bilduk.

Izan ere, Etxebizitzaren Legea aplikatuz eraikitako promozioetan egin beharreko etxebizitza publikoa bideratu beharrean, babes publikoko etxebizitzak eremu honetan egiteko poltsa sortzen joan dira promotoreekin diru truke negoziatuz. «Urteetan beste eremu batzuetan legeak behartzen zuen etxebizitza publikoen portzentai osoa San Migel-Anakara modu sistematikoan eraman dute, Irunek ezinbestekoa zuen etxebizitza parke publikoa atzeratuz», gogoratu du Ane Unanuek. 

Hala eta guztiz ere, joan den martxoaren 13an hirigintza garapenaren lehen paladak goraipatzeko ekitaldi instituzionala egin zuen Irungo Udalak eremuan bertan. Eta obren hasiera ospatzeko, ondoko egunean aurreikusia zuten (apirilaren 11ra atzeratu zuten gerora) "Eraiki zure auzoa" jaia antolatu zuen udalak San Migel eta Anaka-Puiana auzo elkarteekin batera.

Udal Koroporazioko ordezkariak, obren abiatzearekin, martxoaren 13an egindako ekitaldi instituzionalean.

Iragarri dutenez, Julian Sanchez parkean, goizean zehar, auzotar ororentzat tailerrak, puzgarriak, haurrentzako jolasak, petanka txapelketa, paella jana eta txaranga antolatu dute. Eta arratsaldean, bingoa, txokolate jana, magia ikuskizuna, eta Remember taldearen kontzertuarekin borobilduko dute eguna.

Ospakizunetatik harago, politika eraginkorrak

Haatik, EH Bildu udal taldearen arabera, «PSE-EE eta EAJren udal gobernuak ospakizunetatik harago, politika publikoak bultzatu beharko lituzke, eta etxebizitza udal politiken erdigunean jarri». Aipatutako 887 etxebizitzak ez dira berehala eraikiko, eta Irunviko babes publikoko etxebizitza baterako 3.000 eskatzaile baino gehiago daudela gogoratu du Ane Unanuek. Gogoan hartu behar baita, 2025eko datuen arabera, 63.500 biztanle dituen Irungo hirian, 2.900 unitate familiar inguru zeuden alokairu sozial baten esperoan Irunen.

EH Bilduk politika ausartagoak egin ditzala eskatu dio udal gobernuari. Irun Gune Tenkatua izendatua izan den heinean, honek ahalbidetzen dituen tresna guztiak aktibatu ditzala. «Eraikuntzan soilik oinarritutako estrategia baten mugak agerikoak dira, bestelako neurriak hartzea ezinbestekoa da», dio Unanuek.

Hala, familien, gazteen, adinekoen eta kolektibo zaurgarrienen beharrei erantzun ahal izateko, alokairu publikoa lehenetsi, etxebizitza hutsak identifikatu eta mobilizatu, etxebizitza turistikoak eta jarduera ekonomikoetara bideratutakoak arautu, alokairuaren prezioak mugatu, eta alternatiba habitazionalak bilatu behar direla defendatzen du EH Bilduk, eredu kooperatiboak, esaterako.