Lakaxita gaztetxearen kontrako enegarren eraso faxistari erantzuteko deia luzatu dute larunbatean

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 19a

Martxoaren 21ean 12:00etan elkarretaratzera deitu dute Sargia parkearen sarreran. Azken bi urteetan “Stop LGTBI” edota “No os dejaremos dormir” bezalako pintaketak agertu izan dira Lakaxitako hormetan, diana baten mehatxuekin batera. Azken erasoen aurrean, eta San Migel-Anakako obren abiatzearekin gaztetxearen etorkizuna ezbaian egon daitekela, eskualdeko mugimendu sozialak Lakaxita defendatzera deitu dituzte. «Sistemak bere atzaparrak atera dizkigu eta orro egiteko garaia da».

2024ko abenduaren 21ean, Santomas eguna zela probestuta, "Faxismoaren aurrean LAKAXITA tinko!" lelopean elkarretaratzea egin zuten Irunen, Lakaxita gaztetxeak hilabete hartan jasandako erasoak salatzeko. Tamalez, eskualdean beste hainbat eragilek eta espazio publikoetan ere, pintaketa arrazista eta homofobo ugari egin izan dituzte azken bi urteetan. Eta Lakaxita gaztetxeak ere, 2025eko maiatzean pintaketa nazi-faxistak salatu zituen berriz. “Stop LGTBI”, “Fuera degenerados” edota “No os dejaremos dormir” bezalako mehatxuak agertu ziren orduan Lakaxitako hormetan, diana baten marrazkiekin batera. 
 
Eta aste honetan berriz errepikatu da. Lakaxita gaztetxeko kideek salatu dutenez, «enegarrenez eraso egin dute gaztetxea faxistek, eta ekintza hauek salatzeko erabakia hartu dugu». Hartara, martxoaren 21ean (12:00etan) Sargia parkearen sarreran elkarretaratzera deitu dute. 
 
Irungo Lakaxita gaztetxea, espazio okupatu eta autogestionatu bakarra dela oroitarazi dute. Eta horregatik, faxisten etengabeko erasoak ez dira kasualitatea haien ustez. «Faxistek sistemaren edozein alternatiba suntsitzea dute helburu, zapaltzea eta isilaraztea eta gaztetxeak dituzte jo mugan, besteak beste». Horren irudiko dugu, Lakaxita ez ezik, 2024ko abendutik 2025eko urtarrilera bitartean, Eguzkitza kaleko 15.ean martxan izan zen okupatutako Moskuko gaztetxea ere eraso egin zutela. «Baina gurekin ez dute lortu, eta ez dute lortuko», dio gazte asanbladak, eraso bakoitzari erantzuteko prest daudela gogoratuz, «gure etxea defendatzeko antolatu egin gara»
 
Lakaxita gaztetxearen etorkizuna
 
Horrez gain, Lakaxitaren etorkizunari buruzkoak eguneratzeko probestu nahi izan dute plazaratu berri duten oharra. Izan ere, San Migel-Anaka eremuan etxebizitza eraikitzen hasteko lehen lanak abiatu dituzten honetan, Sancheski lantegia zenekoaren lurrak ere hunkituak daude. Eta gaztetxeko kideek diotenez, «oraindik ez dakigu zein den Lakaxitaren etorkizuna. Plano eta informazio kontrajarriak jaso ditugu», argitu dute. Alde horretatik, gaztetxearentzat garai gazi gozoak direla azpimarratu dute, bi mehatxuengatik: «faxisten eraso etengabeak eta udalaren isiltasuna gure eraikinaren eta lursailen etorkizunaz».
 
Horregatik guztiagatik, eskualdeko mugimendu sozial guztiak Lakaxita defendatzera deitu dituzte. «Sistemak bere atzaparrak atera dizkigu eta orro egiteko garaia da».