Joan den abenduaren 18an pintaketa «nazi-faxistak» salatu zituen Lakaxita gaztetxeak. Baita abenduaren 21ean, Santomas eguna zela probestuta, "Faxismoaren aurrean LAKAXITA tinko!" lelopean erasoa salatu ere. Ez zen gaztetxeak jasandako antzeko aurreneko erasoa, eta erasotzaileek hartan erabilitako lelo eta irain beretsuekin egindako pintaketak azaldu dira asteburu honetan Lakaxitako hormetan berriz ere. “Stop LGTBI”, “Fuera degenerados” edota “No os dejaremos dormir” bezalako mehatsuak izan dira oraingo honetan, diana baten marrazkiekin batera.
Lakaxita gaztetxeak gogor gaitzetsi du erasoa. «Ozen esan nahi dugu faxismoari erantzun egingo diogula, aurrean gaudela eta antolatuta», gaineratu dute. Bestalde, Maiatza Antifaxista ekimenak bere elkartasuna adierazi nahi izan du sare sozialetan Lakaxita gaztetxeak jasandako eraso berri honen aurrean. «Ezin degu onartu horrelako erasorik eta ez dira egongo faxisten erasoak erantzunik gabe» ohartarazi dute.
Eraso ugari eskualdean
Gogoan hartu beharra dago, eraso eta pintaketa arrazista eta homofoboen gorakada agerikoa izan dela Behe Bidasoa eskualdean joan den udaz geroztik. Azkenak Uranzu kalean eta Palmera Montero guneko horma eta lehioetan eman ziren joan den otsailaren 25ean "Fuera moros" eta "Inmigración Stop" bezalako pintaketak izan ziren orduan, eta hau izan da Irungo Udalak gaitzetsi duen bakarra orain artean. Baina aurretik, ugariak izan dira halakoak gure eskualdean, Lesakatik hasi eta Hondarribiraino.
Aurrekoetan LGTBIQ+ kolektiboaren kontrakoak ere agertu dira Irungo kaleetan. Lakaxita gaztetxeko pintaketak ez ezik, Moskuko gaztetxea ere bi lehergailurekin erasotua izan zen abenduaren 18an, GKSko hainbat kide bertan bilera bat egiten ari zirela. Esbastika nazia ezarri zuten orduan gaztetxearen atarian. Erasoei erantzunez 200ndik gora gazte mobilizatu ziren egun horietan Urdanibia plazan eraso faxistei aurre egiteko prest.
Hondarribian (Kai Berrian eta Guadalupen) edo Irungo Landetxa eta Santiagoko frontoietan ere halako pintaketa nazi-faxistak azaldu dira azken hilabeteetan. Eta kristal puskak itsatsita dituzten pegatina naziak ere agertu dira Irungo txoko askotan, hauek kentzerakoan zauritzeko asmoz. Alde horretatik, eskuin muturraren gorakadaren aurrean, eraso hauen atzean Devenir Europeo taldeko zelula bat dagoelakoan kezka adierazi dute gazte mugimenduek ez ezik, Bor Bor hausnarketarako kolektiboak (hitzaldi ziklo bat antolatu zuen herritarrak informatu eta aktibatzeko) baita herri mugimenduko hainbat eragilek ere.
Bestalde, Lesakako Udalak bere partetik, Aginako Lepoan dagoen frankismoaren biktimen oroitarria moztu eta esbastika nazia marraztu zutela salatu zuen abenduaren 18an.