Kontratu berria esleituta L5 linea aurki jarriko du martxan Irunbusek

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 24a

Irunbus kontratu berria Semura Bus S.L. enpresari esleitu dio 20 hilabeterako Irungo Udalak 3,4 milioi euroren truke. Ficoba-Kostorbe inguruak eta Elizatxo eta Mendibil auzuneak erdigunearekin lotuko dituen L5 linea berria martxan jartzeaz gain, Gautxori zerbitzua indartzeko aukera emango du. Gehienez ere, bi hilabeteko epean, Behobia eta Landetxa-Katea auzoko Gautxoriak ordu erdiko maiztasunarekin eskainiko dute.

Irungo Udalak Irunbus zerbitzuaren kontratua esleitu berri dio Semura Bus S.L. enpresari. Grupo Cuadrabus enpresaren filiala da, eta Zamoran (Gaztela eta Leon) du bere egoitza soziala, baita hango hiri-garraioa kudeatu ere. Euskal Herrian, aldiz, Tolosa eta Bilboko Etxebarrin ere bideratzen ditu enpresa taldeak. 

Irungo Udalak kontratua lehiaketara atera zuen 3,8 milioirengatik joan den otsailean, eta azkenean 400.000 euro inguru merkeago esleitu du 20 hilabeterako. Cristina Laborda alkateak argitu duenez, autobus elektrikoen flota gorde eta kargatzeko pabiloiak erosi ditu udalak, eta hauek egokitzeko lanak amaitu bitartean egin dute kontratua. Gerora, egoera aldatu daitekeela aintzat hartuta. 

Nolanahi ere, azken hamarkadatan Irunbus zerbitzua AUIF S.L. enpresak kudeatu badu, oraingo kontratu berriak udalak aurreikusiak zituen hainbat hobekuntza ahalbidetuko ditu. Batetik, Gautxori zerbitzuaren maiztasuna azkartuko da, eta orduerokoa izatetik, ordu erdierokoa izatera pasako da Behobia eta Landetxa-Katea auzoko zerbitzuetan. Hau bi hilabeteko epean sartuko da indarrean, eta beraz, sanmartzialetarako martxan egongo da. 

L5 linea berriaren "zortzi" formako ibilbidea

Hala ere, berrikuntza nagusia udan, L5 linea izango da. Udalak argitu duenez, Irunbuseko gainerako lau lineek egiten duten ibilbidearen kontrako noranzkoan ibiliko da, hau da, hiria Iparraldetik Hegoaldera zeharkatuko du. Fermin Calbeton kaleko geltokia izango du abiapuntu, eta ia 5 kilometroko ibilbidea egingo du. FICOBA-Kostorbe inguruak, Elizatxo auzoko gunerik garaiena eta Mendibil auzunea lotuko ditu, bertako bizilagunen eskaera historiko bati erantzunez. Tartean, hiriko ardatz nagusietatik pasako da, San Juan plaza, Colon ibilbidea, baita Gipuzkoa eta Iparralde hiribideetatik ere.

Udalak argitu duenez, «zortzi formako ibilbidea egingo du zirkularra izan beharrean, Elitxun edo Mendibilen autobusa hartzen dutenek, erdigunera joateko ibilbide osoa egin behar ez izateko». Ibilbidea zehazteko azterketa egin zuen Mugikortasun arloko  teknikariak eta Borja Olazabal zinegotziak aditzera eman digutenez, «bereziki garrantzitsua iruditzen zitzaien Mendibil auzotik igarotzea, eta Lapitzeko bizilagunei zerbitzu zuzena ematea». Hortaz gain, Ficobarekin lotuko du autobusak, azoka egunetan edota Real Unionen partidetara hurbildu ahal izateko ez ezik, Ficobako aparkalekuaren funtzio disuasorioa indartzeko aukera emanez. 

Gogoratu beharra dago, Mendibil auzunean hainbat egokitzapen egin behar izan dituztela autobusak  kale estuetatik pasa ahal izateko. Eta berez, L5 linea hau 2025ean indarrean sartzea aurreikusia zuela udalak. Baina kontratu berriaren lehiaketa atzeratu denez, orain jarriko dute martxan.

Hobekuntza linea guztietan
 
Irungo Udala autobus lineak elektrikora egokitzen udalerri aitzindaria izan zen EAEn. Eta Next Generation laguntza lerroari esker, 2 milioi euro horretara bideratu eta gero, L5 linea (SANJUAN-ELIZATXO-MENDIBIL-FICOBA) martxan jartzea izango da hurrengo erronka.
 
Bien bitartean, martxan dituzten lau lineatan hazkuntza eman da iaz. Irunbus sareak, oro har, 243.500 bidaiari gehiago jaso duen bitartean (2024an baino %12 gehiago), ZAISA-OSPITALEA L1 zerbitzuak 1.606.499 erabiltzaile izan ditu, 2024an baino 150.000 gehiago (%11ko igoera). SAN JUAN plazatik LANDETXA-KATEA auzora doan 2. lineari dagokionez, 44.544 bidaiari gehiago izan ditu (%10eko igoera), eta sareko bigarrena da bidaiari kopuruari erreparatuta, guztira 484.146.
 
Bestalde, 3. eta 4. lineak kopuru orokorretan bidaiari gutxiago jasotzen dituzten arren, proportzioan gehien hazi diren zerbitzuak izan dira 2025ean. Udalak plazaratutako datuen arabera, SAN JUAN-ARTIA (L3) ibilbidean 128.641 erabiltzaile izan dira, 2024an baino 20.019 gehiago (%18ko igoera). Eta L4 SAN JUAN-ANZARAN-OLABERRIA eremuak lotzen dituenak 74.893 bidaiari jaso ditu, %16 gehiago (orotara 10.355).