Irungo Isuri Gutxiko Eremua (IGE/ZBE) zein izango den aditzera eman zuen Irungo Udalak orain duela urtebete. Hala ere, «debekuak eta salbuespenak» arautuko dituen udal ordenantza garatzen hasiko zirela iragarri zuten orduan, eta horretarako, 2025eko maiatzaren 28an partaidetza saio bikoitza egin zuten Palmera Montero gunean hunkitutako ostalari, merkatari, auzo elkarte eta kolektiboekin. Urte bukaerarako araua onartua nahi zuten, baina hilabete honetako udalbatzan egingo dute azkenik hasierako onespena.
Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak eta Sergio Javier Hiri Garapenerako eta Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak xehetasun guztiak aurkeztu dituzte. IGE/ZBE Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legeak behartzen duela gogoratu dute. Berez, 2025etik indarrean behar zuen, baina atzerapenak atzerapen, EAEko 50.000 biztanle baino gehiagoko gainerako hirietan plantan ezarrita «sortutako arazoak aintzat hartuta, Irunen segurtasun juridikoa bilatu» nahi izan dutela aditzera eman dute.
Isuri Gutxiko Eremua 2028ko udaberrian indarrean sartuko dela iragarri dute. Baina udalbatzan hasierako onespena egin ondoren, behin betiko onespena beharko du oraindik. Izan ere, auzo elkarte zenbaitzuk eta merkatariek zalantza handiak dituzte, auzogiroan eta sektore komertzialak bizi duen gainbehera ez ote duen sakonduko kezka adierazi dute. Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak, adibidez, plan alternatiboak aurkeztu izan ditu azken urteetan.
Erdigune osoa hartuko duen debekua
Udalak aditzera eman du erdiguneko 0,76 kilometro koadroko azaleraren gainean indarrean ezarriko dituzten trafiko murrizketak arautzeko, udal ordenantza onartuko dutela orain. Kolon pasealeku osoa ez ezik, Nafarroa hiribidean Dunboa kanaletik erdigunerako noranzkoan, Gipuzkoa hiribidean Pio XII. plazaren inguruko kaleak barne, Iparralde hiribidea, San Juan plazaren ingurua, eta Alde Zaharra, Santiago, Artia, Dunboa edo Mendibil auzoetan ere eragina izango dute debekuek. Udalak argitu duenez, Irungo 14.000 biztanle (ororen %22,4) bizi da hor, eta 1.540 ostatu eta komertzio establezimendu identifikatu dituzte Isuri Gutxiko Eremu horren barruan.

Borja Olazabalek azaldu digunez, azterketa sakonak egin dituzte eremuaren perimetroa zehazteko. 2024ko maiatzaren 9tik 2025eko maiatzaren 8ra bitartean eginiko hiriguneko airearen kutsadura neurketak ez ezik, trafikoaren joan-etorriak eta erdiguneko zirkulazioaren murrizketek komertzio eta ostalaritza guneetan eragin ditzakeen ondorioak aztertu dituztela. «Analisi sakona egin dugu, eta oinezkoentzat hiri bat bultzatzeko helburuarekin, oinarri sendo batekin hartu dugu erabakia», azpimarratu du Olazabalek.
Horregatik ere, malgu jokatu dute Isuri Gutxiko Eremuaren muga fisikoekin, eta kanpotik datorren trafikoak eremua inguratzeko aukera ukan dezan bermatzeko, zenbait kale debekuen eremutik kanpo utzi dituzte. «Aduana kalea libre utzi dugu, Colon pasealekura sartzen denak horma bat topa ez dezan, eta Elitxuko biribilgunetik Euskal Herria hiribidetik Hegoaldeko saihesbidera batetik, edo Belaskoeneara bestetik joan ahal izateko», argitu du udal ordezkariak, «Dolores Salis hiribidea eta Eguzkitza kalearekin ere berdin jokatu dugu, Arbes-Larreaundi auzunetan, Palmera Montero inguruko bizilagun guztiek saihesbide batera edo bestera sarbidea eduki dezaten».
Debeku neurri progresiboak
Nolanahi ere, modu progresiboan indarrean ezarriko dituzte aipatutako trafiko murrizketa eta debekuak. Udalbatzan onartu ondoren, eremua kontrolatzeko bideo-kamera sistema eta egin beharreko egokitzapen lanak burutu beharko dituzte. Milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du horrek. Eta arau berriak progresiboki indarrean sartuko dituzte gero, eta malgutasunez jokatuko dute.
2028ko udaberrian hastea aurreikusi dute, eta 2029ko abenduaren 31ra arte bizikletek, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek eta 0 / ECO / B / C ingurumen-bereizgarria duten ibilgailuek modu askean zirkulatu ahalko duten bitartean, 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera B bereizgarria duten ibilgailuak ezingo dira eremuan sartu, salbuespenak salbuespen. Kasu ezberdinak aintzat hartuko baitituzte. Iragarri dutenez, osasun larrialdiak, ohiko banaketa lanak, C bereizgarria duten bisitariak edota etxe-aldaketak kontuan hartuko dituzte, besteak beste.
Epe luzerako kontua den heinean, herritarrak informatzeko aurrez aurreko arreta indartu eta informazio guneak ezarriko ditu udalak. Eta ekainaren 4an, herritarren zalantzak argitzeko saio informatiboa antolatu dute Palmera Montero gunean, arratsaldeko 18:00etan.