Irungo Euzko Alderdi Jeltzaleak omenaldia egin nahi dio Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izan zenari. Jose Antonio Aguirre kalea edo plaza izendatzeko proposamena aurkeztu du Udal Kale Izendapenerako Batzordean eztabaidatzeko. Gorka Alvarez Irungo EAJ-PNVko bozeramaileak aditzera eman duenez, euskal gizarteari egindako ekarpena aitortu nahi diote. «Gerra testuinguru historiko bereziki konplexu batean demokrazia eta bakea irmo defendatu zuen, eta gaur egun ditugun instituzioen, eraikuntza zor diogu», azpimarratu du.
Ekonomia Ituna eta Autonomia Estatutua bultzatu zuen eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izan zen, 1936ko urriaren 7a Gernikan eratu izan zena. Gerra Zibila amaituta, erbestean gobernatu zuela gogoratu du Alvarezek, II. Mundu Gerrako Berlinetik Uruguaira erbesteratua, eta 1960an Parisen hil zen arte, XX. mendeko euskal politikaririk garrantzitsuenetako bat izan zela.
Irungo muga herriarekin lotura sinbolikoa
Bozeramaile jeltzaleak aitortu du, ez duela Aguirre lehendakaria Irunen egon zenik frogatzeko modurik, baina «gure herriarekin lotura izan zuten pertsonez inguratu zen, Kepa Ordoki gudarien komandantetik hasie, Pepe Mitxelena, Ajesta eta Iguiñiz familiak besteak beste».
Era berean, erbestean zegoela, gerora Avenida Zubian entregatu zuten Lluis Companysekin harreman estua izan zuela gogoratzen dute jeltzaleek. Katalunyan berekin elkartu eta Pirinioetako muga zeharkatu baitzuten elkarrekin.
Alde horretatik, Aguirre lehendakaria Irunen aitortzeak ere balio sinboliko berezia duelakoan dago Alvarez. «Mugako hiria, Irun historikoki Europako pasabide, harrera eta lotura gunea izan da, Aguirreren bizitza eta ibilbide politikoan oso presente dauden elementuak, euskal nortasuna batzeko eta mundura zabaltzeko gaitasuna adierazten dutenak», esan du Irungo Batzokian egindako agerraldian.
Horregatik guztiagatik, Irungo EAJ-PNVk Irungo Udaleko Kale Batzorderako eta laster sortuko diren hiriko hiri-garapen berrien plangintzarako kontuan har dadila eskatu du. Gorka Alvarezek dioenez, «Euskadiko memoria historikoa babesten eta zabaltzen laguntzeko, eta Aguirre lehendakariaren legatuaren aitorpen sinbolikoa egiteko aukera du hiriak».
Bere ustez, «herri honen eskubideen alde borrokatu ziren pertsonen memoria gordetzeko zor historikoa dugu». Eta azken urteetan zenbait urrats egin badira ere, «gure gizarteak eta instituzioek ordezkatzen dituzten balio demokratiko eta europarrak» omentzeko helburua du proposamenak.
Gogoratu beharra dago, aurten Avenida Zubia memoria gune izendatua izan dela, eta zubiaren sarreran dagoen plaza 'Euskal Deportatuen Plaza (1940-1945)’ ere izendatzea onartu egin duela horretarako eskumena duen udal batzordeak. Hala ere, plaza horren izendapena Gogora institutuaren eskaera izan zela gogoratu du Alvarezek, baina jeltzaleek egindako proposamenen artean, Jose Antonio Aguirre lehendakariaren figura balioan jarri nahi dute orain.
Bestalde, batzordeak dagoeneko onartu dituen beste izendapen batzuk udalabtzak berretsi beharko ditu oraindik. Baia Oiasso Museoaren albo batean terma erromatarren sarrera gisa sortu duten plazatxoa Jaime Rodriguez Salis izendatzea proposatu du batzordeak, eta hortik metro gutxitara Fermin Calbeton eta Beraketa kaleen artean dagoen parkearentzat, aldiz, Josefina Urtizberea izena proposatu dute.