Pintaketa misoginoak ezabatzeagatik 3.000 euroko isuna ezarri die Irungo Udalak GKS eta Itaiako militanteei

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 27a

Joan den azaroan Irungo erdigune osoan agertu ziren pintaketa homofobo eta misoginoak ezabatzeko lanetan ari zirela identifikatu zituzten udaltzainek GKS eta Itaiako zenbait militante, eta orain 3.000 euroko isuna iritsi zaie. "Irungo Udalaren hipokresiari stop. Zentsurarik ez” lelopean kanpainari ekin diote, eta isunak kentzeko eskatzeaz gain, «lan militantea despenalizatzeko» propaganda politikoari lotutako «zentsura» ahalbidetzen duen udal ordenantza aldatzea exijitzen dute.

Joan den azaroaren 4an Irungo erdiguneko kaleak pintaketa homofoboz josita esnatu ziren, margo beltzez, gorriz, txuriz, hori kolore fosforitoz... Feminismoaren kontrako eraso zuzena egiten zuten mezuak nonahi topa zitezkeen, Elitxu eta Pio XII plazatik hasi eta San Juan plazaraino. Komuna publikoen kanpoaldean, Fermin Calbetoneko autobus geltoki nagusian, Artaleku kiroldegian, eta erdiguneko etxebizitza zein komertzioetako dozenaka hormetan. Eskuin muturrak hedatutako "feminazi" kontzeptua behin eta berriro erabiliaz, eta Nikolas Makiavelok 1513 urtean idatziriko Printzea boterea kudeatzeko teoria politikoaren tratatuari aipuak eginez, feminismoaren kontrako eraso larria izan zen hura. 

Irungo Udalak gaitzespen oharra plazaratu zuen «kutsu misoginoa duen ekintza bandalikoa» zela esanez, eta gerora kaleko bideozaintza kameretako irudiei esker, 36 urteko egilea identifikatu eta epailearen aurrera eraman zuten. Baita Txingudiko Zerbitzuetako beharginei pintaketak lehenbailehen ezabatzeko lanak agindu ere. 

Baina ez zen egun horietako pasarte honi lotuta identifikatu zuten pertsona bakarra izan. Bistan denez, Bidasoko GKS eta Itaiako militanteak ere identifikatu zituzten, hain justu, pintaketa hauek ezabatzeko lanetan ari zirela, eta orain 3.000 euroko isuna jaso dute. Horren aurrean, Bidasoko GKS eta Itaiak "Irungo Udalaren hipokresiari stop. Zentsurarik ez” lelopean kanpainari ekin diote sareetan gertatutakoa salatuz. 

Berez, mugimendu antifaxistek ezabatu zituzten aipatutako hainbat pintaketa. Baina GKS eta Itaiako kideek ere euren kabuz ekin zioten pintaketa horiek ezabatzeari. Eta lan horretan ari zirela udaltzainek identifikatu egin zituztela kontatu dute. Eta horren ondorioz, orain 3.000 euroko zigorra iritsi zaie. Honen aurrean, Irungo Udalaren «hipokresia» salatu dute. Diotenez, «esku batekin emakumeen auzia kezkaz bizi duela dion bitartean, bestearekin pintaketa hauek ezabatzera ateratzen diren pertsonak erreprimitzen dituelako».

Alde horretatik, Irungo Udalak propaganda politikoa kendu eta ezabatzeko «etengabeko ahalegina» egiten duela salatu dute. Izan ere, halako isunak ez dira zerbait berria. Oroitarazi dutenez, udal ordenantzak jarraituz, kartelak eta pankartak jartzeagatik 750 eta 1.500 euro arteko zigorrak jarri ohi dituzte. Eta duela gutxi 780 euroko bi isun ezarri dizkiete pegatina bat jartzeagatik ere.

Hau guztia kontuan hartuta, Bidasoko Itaiak eta GKSk zigortutako pertsonei isunak kentzea eskatzeaz gain, propaganda politikoari lotutako udal ordenantza aldatzea exijitzen dute. «Lan militantearen despenalizazioa» eskatzen dute, adierazpen askatasuna bermatzeko. Antxeta Irratiak jakin izan duenez, aipatutako isunari alegazioa aurkeztearekin batera, maiatzaren 29ko udal osoko bilkuran hitza eskatu dute bi kolektiboek bidegabea ulertzen duten egoera hau zuzendu dezaten eskatzeko.