Aurtengo Irungo Kuadrillen Eguna ekainaren 20an ospatuko zela aditzera eman zuen Irungo Udaleko Kultura arloak DV egunkarian joan den martxoaren 9an. Albisteak ezustean harrapatu zuen elkarte antolatzailea. Betti Gotti euskara elkarteak «antolakuntzarekin hitz egin gabe eguna inposatzea errespetu faltatzat» hartu zuen, baina aurten gauzak nola joan diren ikusita, «Kuadrillen Eguna bi egunetan antolatzera behartuta ere, ondo pasako dela» pentsatzen du elkarteko Joxeja Zabalok, «lana bikoiztea eta izugarri konplikatu bada ere».
Kuadrillen Egunean ospatu ohi duten Herri Bazkaria «Irungo aniztasun osoa kabitzen den ezinbesteko espazioa» bilakatu dela argi dute antolatzaileek, eta hasieratik sanmartzial jaiak ofizialki hasi eta uztailaren 1a arteko larunbatean ospatu izan dutela kontuan hartuta, Irungo Udalari heldu diren urteetan «merezi duen errespetua eta babesa» erakutsi dezala eskatu diote. Hartara, 2027an ekainaren 26an egokituko litzateke, bere onera itzuliko balitz bederen.
Bi ospakizun egun, bi
Baina aurtengoa bi txandatan ospatu beharko dute irundarrek. Azken urteetan oztopo eta sasi guztien gainetik, sendotu egin den hitzordua da Kuadrillen Eguna. Eta berezko dinamika hartua duten hitzorduak mantentzeko beharra ikusten du Betti Gottik. «Udalak ulertu du gutxienez zenbait konpromiso hartuak genituela, eta kuadrillen arteko olinpiadak ziren bezala, Goiti Behera lehiaketa eta sari banaketa eguna ekainaren 27an plazan mantendu behar genuela», argitu du Zabalok.
Bigarren egun horretan ere bazkaria egingo da Urdanibia plazan (14:30ean), baina txosnek antolatutakoa. Txarangek animatutako Bingo musikatu batekin borobilduko dute, mahaien apainketa lehiaketa batekin. Gainerakoan, 9:00tan Gosari Herrikoia, 9:30ean Goitibehera txanden zozketa, eta 10:00etan Irungo V. Goitibeheren Sari Nagusia ospatuko dute San Martzial kalean behera. Joxeja Zabalok dioenez, «helburu xume batekin hasi zen ekimena eta ondo errotu egin da, lehiakide batzuk euren goitibehera prestatu ohi dute, eta ikusmina sortzen duen ekitaldia da».

Eguerdian Txintxarri, Peña Poteo eta Burrunbarekin girotuko dute, eta 17:30ean sari banaketa egingo dute. Gotibehera eta mahai prestaketaren sariena ez ezik, Antxeta Irratiak laugarrenez antolatzen duen Kuadrillen Eguneko Kamiseta Lehiaketarena ere. «Saria ekainaren 27an banatuko da, baina ekainaren 20ko Herri Bazkarian erabili beharko dute kamiseta», argitu du antolatzaileak.
Herri Bazkarirako txartelak eta programa
Alde horretatik, egunik jendetsuena ekainaren 20koa izango da. Aurten 1.600 bazkaltiar elkartzeko asmoa du Betti Gottik Ficobako 1. eta 2. pabilioietan, aurreko urteetako 1.800 gehienezko marka baino gutxiago, logistika, boluntario eta antolakuntza zailtasunak izan direla eta. Hala ere, egun osoko festa segurtatua dagoela aditzera eman du Betti Gottik. Ohikoa den bezala, Urdanibia plazan hitzartu dira 13:00ean plazatik kalejiran hasteko. Eta bazkaria 14:15ean hasiko da Ficoban egiten duten globotxupinazoarekin.
Bazkalondoan Ficobako ateak irekiko dituzte, eta Burrunbarekin dantzaldia (17:00etan), DJ Balber (19:00etan) eta 20:30etik aurrera Karibe Mix Diskojaiarekin Herrira Itzulera egingo dute kalejiran. Azken urteetan 3.000 lagunetik gora egin izan dute Ficobatik erdigunerako ibilbidea dantzan.
Aurtengo Herri Bazkariaren zapia laranja kolorekoa izango da, eta bertan lekua erreserbatzeko maiatzak 28, ostegun honetan 12:00etan zabalduko dute txartelak (20 eurotan) erosteko epea. Antolatzaileek argitu dutenez, sistema berria ezarri dute prozesua sinplifikatze aldera. Betti Gotti elkartearen webgunean sartu eta horretarako egokitu duten atalean klik eginez egin daiteke txartelen eskaera.
Kamiseta Lehiaketaren sariak ekainaren 27an banatuko dira, baina prest behar dute ekainaren 20 Herri Bazkarian.