Joan den otsailean jada, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskararen Hilabetean txotxongiloengana jo zuen euskararen erabileran eta motibazioan eragiteko helburuarekin. Otsailaren 25ean Pantzart konpainiaren 'Kolorez kolore' antzezlanak eman zion hasiera 'Klik euskarari!' programari, Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko haurrei zuzendutako, poema, txotxongilo eta abestiek osatutako obrarekin.
Eta txotxongiloak, artistek arima ematen dioten bizigabeko objektuak, euskarari eragiteko tresna egokiak direla ohartu dira bistan denez. Izan ere, aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietako egitarauan aparteko jaialditxoa proposatuko dute Sargia parkean. "Txotxongiloak Parkean" egitasmoa proposatu zion Euskal Herriko Objektu eta Materialak Bultzatzeko Euskal Herriko elkarteak (OMAK) Euskara arloari, eta Josu Iguiñiz zinegotziak aditzera eman duenez, eskaintza berritzaile honi bide emateko indarrak batu dituzte. «Lehen mementotik arloko helburuekin bat egiten zuenez, aurrera egitea erabaki genuen», argitu du Euskara hautetsiak, «haur eta gazteentzako euskaraz programatzen saiatzen ari gara, eta gainera jaien beste eredu bat irudikatzen duen proposamena da».
Jai eredu ezberdina eta euskaraz
Ruben Mejuto, OMAK elkarteko kide eta Ostomila Txotxongilo Taldeko kideak azaldu digunez, «arte eszenikoak eta txotxongilolaritza euskaraz eskaintzeaz gain, iaz txosnan ere zenbait jarduera egin genituen txotxongiloekin, alkoholaren kontsumorako gune izateaz gain, goizago ireki nahi duten txosnek ere familientzako beste jai eredu bat eskaini dezaketela erakusteko filosofiarekin». Joan den urtean txosnari esker bildutako irabaziak udazkenean antolatutako Txotxongiloarien Euskal Herriko Topaketa Irunen antolatzeko bideratu zuten. Eta horretan jarraitzen dute, Euskal Herriko konpainia eta profesional ezberdinak saretu asmoz.
Hartara, aurten urrats bat gehiago egin dute, eta sanmartzialetan ere, lau eguneko programa antolatu dute Urdanibia plaza alboan dagoen Sargia parkean. Eguraldi txarra egingo balu Urantzu frontoian taularatuko lituzkete ikusgarriak, baina printzipioz ekainaren 23tik 26ra, eguerditan ttanko egunero, haurrak eta familiak gozaraziko dituzten goi mailako txotxongilo emanaldiak eskainiko dituzte.
Josu Iguiñiz zinegotzi jeltzalearen ustez, formula egokia da euskararen erabilera txikienen artean suspertzeko. Pantailak nagusi diren garaiotan, «irudimena, kultura, dibertsitatea eta berdintasuna lantzen duten obrak zuzenean ikusterakoan, euskara gozamenari eta emozioei lotzen zaizkie, eta haurren kasuan oso garrantzitsua da hori», azpimarratzen du. Joan den urtean Euskara arlotik kaleko magia emanaldi ibiltariak antolatu zituzten ostatu gune ezberdinetan, gazte zein helduei begira. Oraingo honetan, aldiz, jauzi kualitatiboa egingo dute, eta haur eta familiei zuzendutako aparteko programazio oparoa proposatzen dute Urdanibia plazako jaigune nagusiaren aldamenean.
Lau egun, lau emanaldi Sargian
OMAK elkarteko ordezkariak azaldu duenez, lau emanaldi izango dira guztira, denak 12:00tan, eta jaietako kultur agendan txertatu dituzte. Ekainaren 23an, Ameztu Antzerkia konpainiak "Kay Robot" obra modernoa aurkeztuko du. Mejutok azaldu duenez, kaleko antzerkia, umorea eta objektu antzerkia uztartzen ditu. «Txotxongilo klasikoa edo esku-txotxongiloa etorri ohi zaigu beti burura, baina azken batean objetuak dira, eta artistak arima ematen die, eta kasu honetan robot batekin egiten du antzerkia», argitu digu.
Ekainaren 24an, "Katxaruloren Alaba" ikusgarria izango da, Galizian bizi den Mirari Urruzolaren eskutik. Galiziako istorio eta kondaira tradizionalak kontatuko ditu lauzpabost esketx motzetan. Ekainaren 25ean Bilboko El Tenderete talde ospetsuak "Hamaika gatazka" obra taularatuko du, harizko txotxongiloekin. Eta ekainaren 26an, jaialditxoa amaitzeko proposamen iraultzailea izango dela iragarri du Ruben Mejutok. «Normalean kabaretak helduentzako izaten dira, baina udalari proposatu genion Familientzako Kabareta egitea, eta onartu digute ideia», dio. Bertan, OMAK elkarteko kide ezberdinek saio laburrak eskainiko dituzte txotxongilolaritzaren aniztasuna irudikatuz. El Tenderete taldea, Santi Sos, Marta Alzate ipuin kontalari eta txotxongilolaria edota La Maleta Magica taldeko zuzendaria Carlos Lopez gonbidatu dute. «Argentinan eta Italian ibilitakoa da, eta 70 urte inguru dituela, gaur egun Euskal Herrian dagoen maisua da, harizko txotxongiloak zehaztasun handiz lantzen dituena», nabarmentzen du "Txotxongiloak Parkean" ekimenaren antolatzaileak. Beste zenbait sorpresa izango direla iragarri du ere, baina haurrak zein helduak txotxongiloen istorioak jarraitzen ahobetehortz ikusteko Irungo jaiak hastea itxaron beharko dugu oraindik.
Alde horretatik, emanaldiak ekainaren 23tik 26ra antolatzeko aukera paregabea dela eta eskertuta dagoela aitortu du Ruben Mejutok. «Jaien egutegian eta jaigunearen erdigunean kokatuta egongo da gainera, Urdanibia plaza aldamenean», azpimarratzen du. Josu Iguiñizek Euskara arlotik euskaraz urte osoan zehar programatzeko ahaleginetan ari direla argitu du, eta Irungo jaietan «oraindik ere gaztelaniaz asko programatzen bada ere, pixkanaka ari gara hori aldatzen, lanean ari gara», dio Euskara zinegotziak.
Ameztu antzerki taldearen Kay Robot emanaldiarekin irekiko dute ekimena ekainaren 23an.