Espazio publikoetan mezu politikoak dituzten, kartelak, pankartak, pegatinak eta pintaketak ezabatzeko agindua dute Txingudiko Zerbitzuetako beharginek Irunen. Honen harira, azken hilabeteetan hainbat episodio bizi izan dituzte kolektibo ezberdinek, izan Palestinaren aldeko aldarriak, izan faxismoaren aurkakoak berehala ezabatuz, edota joan den martxoaren 8an Itaiako militanteek bizi izan zutena. Egun hartan, udal korporazioak ohiko adierazpen instituzionala plazaratzen zuen bitartean, indarkeria matxisten kontrako pankarta bat San Juan plazan jartzen saiatzeagatik identifikatu zituzten udaltzainek.
Itaiako kidea Sara Mariezkurrenak eta Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) Mikel Bartolomek eman digute azken hilabeteetan bizi izan duten «jazarpen polizialaren» berri. «Udal agintariak hipokresiaz jokatzen dute» haien ustetan, «adierazpen batzuk egiten dituzte, baina ekintzen bitartez herri eragileen aldarrikapen eta mezu politikoen gainean zentsura» aplikatzen dutelako. Irunen ohikoak bilakatu diren eskuin muturreko mugimenduen pintaketa arrazista eta homofoboen aurrean, berriz, Irungo Udala malguago jokatzen ari delakoan daude. «Moskuko gaztetxean, Lakaxitan edota kalean agertzen diren eskuin muturrekoen pintaketen inguruan ezer gutxi esan eta ikertzen dute», dio Mariezkurrenak. Bere ustez «aldarri politikoa duten mezuak goizeko 6etan agertzen dira ezabatzera, Udaltzaingoa eta Txingudiko Zerbitzuak erne eta azkar mugitzen dira, baina beste mezu batzuekin entzungor egiten dute».
Lan militantearen kriminalizazioa
Hau guztia ozen salatu zuten Bidasoko Itaia eta GKSko militanteek joan den maiatzaren 29ko udal osoko bilkuran. Haiek egiten duten lan militantea despenalizatzeko, eta hau guztia arautzen duen udal ordenantza alda dezatela eskatu zuen udalbatzan Nora Ezeiza Itaiako kideak. Eta azken hilabeteetan jaso dituzten isunak kentzeko eskatu zieten udal agintariei. Hala ere, alegazioak aurkeztu dituzte, eta"Irungo Udalaren hipokresiari stop. Zentsurarik ez” kanpainari ekin diote. Aldi berean, sanmartzialetako txosnan eta jaietan antolatuko dituzten ekimenetan isunak ordaintzeko dirua biltzeko asmo dute.
Izan ere, 4.500 euro baino gehiago ordaindu beharko dute, haien ustez udalak errespetatzen ez duen «adierazpen askatasuna» diren ekintzen ondorioz. Irungo Udalak, aldiz, gizabidearen aurkako jarrera gisa zigortzen ditu horrelakoak, pegatina bat horma batean itsastea, txakur kakak ez jasotzea edota lurrera botatzen den zaborraren maila berdinean jarriz. Alde horretatik, Irungo Udaleko Segurtasun arloko zinegotziak, Iñigo Berges jeltzaleak udal osoko bilkuran aditzera eman zienez, «udaltzainen lana goraipatzekoa» da.
Haatik, Txingudi Zerbitzuetako langileen jardunarekin bezala, udaltzainen jokamolde zorrotzaren atzean zentsura egiteko erabaki politiko bat dagoela ulertzen dute Itaiako eta GKSko ordezkariek. Eta agintariek herri eragileak kriminalizatzen dituzten bitartean, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren artean haien aurka lanean ari direla sentitzen dute. Hain justu, aurreko astean, bi kidek 760 euroko isun bana jaso zuten pegatina bat jartzeagatik. Eta espedientean Ertzaintzak bi identifikatutakoen inguruko informazioa zuhurki jasotzeko agindua azpimarratzen du. «Dagoeneko ez da pankarta bat jartzea, pentsatzen duzunagatik eta ikusi bazaituzte toki batean edo bestean, zure atzetik jarraitzen dute, susmagarria zara haientzat eta zerrenda gorrian zaudenez, jazarpen poliziala pairatzen duzu», dio Mikel Bartolomek, «horregatik aldarrikatzen dugu propaganda politikoaren despenalizazioa, ezin du zigortua egon».
Hartara, udal ordenantzaren 27, 43, 44 , 45 eta 46 artikuluak ezabatzea eskatzen dute. Baina araua aplikatzerako garaian ere agintarien zorroztasuna salatzen dute. Izan ere, Itaia eta GKS Bidasoaldean bezala, Euskal Herriaren luze zabalean antolatua daude, eta Bartolomek dioenez, «Irunen bezain isun handiak ez dituzte beste inon jartzen». Bistan denez, maximotara jo ohi dute beti haien aldarrikapen ekintzak zigortzerakoan.
Isuna pintaketa misoginoak ezabatzeagatik
Joan den azaroaren 4an Irungo erdigune osoan, Elitxutik hasi eta San Juan plazaraino, agertu ziren pintaketa homofoboak eta misoginoak ezabatzeko lanetan ari zirela identifikatu zituzten udaltzainek GKS eta Itaiako lau militante. Orain, sei hilabete geroago, 3.040 euroko isuna iritsi zaie.
Txinzerreko langileek pintaketa asko ezabatu zituzten egun hartan. Baina eguna amaitutakoan oraindik ere hainbat pintaketa bere horretan jarraitzen zutela ikusita erabaki zuten esku-hartzea. «Argi zegoen onartezina zela mezu horiek hor jarraitzea», dio Mariezkurrenak. Zehazki, eskuin muturrak hedatutako "feminazi" kontzeptua behin eta berriro erabiliaz, eta Nikolas Makiavelok 1513 urtean idatziriko Printzea boterea kudeatzeko teoria politikoaren tratatuari aipuak eginez, feminismoaren kontrako eraso larria izan zen hura. 30 pintaketa baino gehiago izan ziren, eta mezuengatik, baina baita pintaketa kopuruagatik, eta bideozaintza sistemak kontrolatutako hirierdiko ardatz nagusian eman zen moduagatik ere. Irungo Udalak gaitzespen oharra plazaratu zuen «kutsu misoginoa duen ekintza bandalikoa» zela esanez, eta gerora kaleko bideozaintza kameretako irudiei esker, hain justu, 36 urteko egilea identifikatu eta epailearen aurrera eraman zuten.


Irungo kolektibo antifaxistek ere ezabatu zituzten pintaketa hauetako batzuk, baina Itaia eta GKSko kideak harrapatu eta identifikatu zituzten udaltzainek. Orain, sei hilabete geroago, 3.040 euroko isuna jaso dute. Haien ustez, «hitzetatik ekintzetara pasatzeagatik». «Hau ez da lehen aldia pairatzen dugula horrelako arazo bat, isunak eta identifikazioak, propaganda politikoa sistematikoki kentzen digute, eta baliabide ekonominko handiak ez ditugun eragileoi eragiten digu beti, guretzako zentsura eta errepresioa da», salatzen du GKSko Mikel Bartolomek.