Irungo Udalak tokiko musika taldeei aukerak eskaini asmoz, sanmartzialetako kontzertuetan GazteARTEan Agertokia sortu zuen 2023an, En Tol Sarmiento (ETS) taldearen kontzertuan. Urte hartan, Kikitza eta Fa Sus 4 talde gazteek kontzertua eskaini zuten telonero gisa. Aurretik ere, bertako musika taldeentzako lekua bilatu izan dute. KM0ko kulturaren aldeko apustua eginez. Iaz, adibidez, Onanive eta Deklive taldeek izan zuten sanmartzialetako euskal musika taldeen kontzertuetako telonero izateko aukera. Zehazki, Süne eta Gatiburen telonero.
Betiere, taldekideen %70ek 18-25 urte artekoak behar dute izan, eta taldekideen %50k Irunen erroldatuta egon behar dute jaietako euskal taldeen kontzertuetako teloneroak aukeratzeko bozka prozesuan parte hartzeko. Aurtengoan, Folkesi eta Wonka y Waje 4LEB gozatuko dute Urdanibia plazako taula gainean, eta Gozategi bezalako erreferenteekin edo Bele bezalako ahots berriekin partekatuko dute kartela, ekainaren 13an eta 23an.
Beñat Perez Peña, Folkesí taldeko ahotsa eta sortzaileetako bat da, errenteriakoa sortzez, eta Orfeon Donostiarrako abeslaria ere bada, baita gizarte hezitzailea ere. 2021ean sortutako laukoteak folk irlandarra, euskal doinuak eta gaztelaniazko abestiak uztartzen dituela azaldu digu, eta Irun inguruan hasi eta gaur egun Iparraldean ere kontzertu ugari eskaintzen dituzte. Irungo San Pedro eta San Martzial festetan jotzeko hautatuak izan dira telonero gisa. Aurten mila irundar inguruk bozkatu dute euskal taldeen kontzertu egunetarako teloneroen hautaketa prozesuan. Eta irabazleak Slimfit eta Sivana taldeei gailendu zaizkie. «Ez genuen espero bozkatuenak izango ginenik, eta benetan eskertuak gaudela», aitortu digu Folkesi taldeko kideak, Gozategirekin oholtza partekatzeak taldekideen artean aparteko ilusioa piztu duela nabarmenduz, «txikitatik entzun ditugu, eta Euskal Herriko plaza asko animatu dituen talde ezaguna izanik, ekainaren 13an gaueko kontzertu horren parte izatea handia da guretzat».
Ekainaren 13an Gozategirekin oholtza partekatuko dute Urdanibia plazan. Baina dagoeneko beste zenbait hitzordu itxi dituzte udako jaietan. Uztailaren 22an, adibidez, Oreretako Madalenetan ere kontzertua emango dute Niessen plazan, 23:30ean.